Errobi: erraietan betiko

Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk osatutako taldeak agurreko kontzertua egin dute bart Donostiako Viktoria Eugenian. Garai bateko musikaren nostalgia ariketa bat, erakustaldi bat, euskal rockaren aldeko aldarriak blaitua.

Anje Duhalde eta Michel Ducau, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Anje Duhalde eta Michel Ducau, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko abenduaren 31
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarrera guzti-guztiak aspaldi salduta eta antzokia leporaino beteta, ia bi orduko agur kontzertua eman zuen bart gauean Errobi taldeak Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Gaur egungo Errobi, Anje Duhaldek (ahotsa eta gitarra) eta Mixel Ducauk ez ezik (gitarra, saxoa, txirula), Duhalderen bandako hiru musikarik ere osatzen dute: Txomin Duhaldek (Anjeren semea) atabaletan, Iñigo Telletxeak baxuan eta Remy Gachisek gitarran. Agurrekoa aldarrikapen kontzertua ere izan zen, oholtzaren atzeko partean jarritako bi banderek, presoak etxeratzearen aldekoak eta Palestinakoak, adierazten zutenez.

Agur t’erdi-rekin abiatu zuten emanaldia, oraindik publikoa hotz samar zegoela. Publiko beteranoa zen orokorrean, gazte gutxi ikusten zen aulkietan. Dena den, giro polita sortu zen hainbat aldiz, batez ere bukaera aldera. Gure lekukotasuna-ri sarrera berezia egin zioten, eta harekin errazago piztu zuten txinparta. Argi zegoen lehenengo bi diskoetako kantuekin animatuko zela jendea. Kanpo... kantuan, Ducau jada hasia zen gitarra solo zorrotz eta zehatzak egiten. Nagusiaren nigarrak apur bat luzatu zuten, eta Anje Duhaldek nagusi gaixoen nigarrak aipatu zituen, ironia handiz. Aitarik ez dut, berriz, diskoan baino pixka bat geldoagoa izan zen, eta segundo erdiko atzerapen txiki horrek lehergarritasun pixka bat kendu zion. Mixel Ducauren solo frenetikoa ekarri zuen kantu hark, eta, soinu karrankari samarra izan zuen arren, solo zitala eta oso teknikoa izan zen.

Ahotsak bikain entzuten ziren, ozen eta garbi. Bateriaren platerak, ordea, oso gutxi entzuten ziren, eta tinbalak eta kaxa ozenegi. Baxua ere  bolumen apalean nabaritu zen hainbatetan, nahiz eta kontzertua aurrera joan ahala detaile horiek dezente hobetu ziren. Segidan etorri zena apustu arriskatua izan zen, hain zuzen ere Ametsaren bidea hamazazpi minututik gorako suitea baita. Oholtzan, eta Bilboko Euskaldunako kontzertuan bezala, hiru bat minutu gutxiagoko interpretazioa egin zuten. Gozamen hutsa, rock progresibo iradokitzailea eta ausarta. Zoritxarrez, publikoak ez zuen besteak bezain bero hartu, baina amaitzean txalo zaparradak ozen entzun ziren. Kantu horretan, Txomin Duhalderen bateria benetan indartsu eta amorratua nabaritu zen.

Emanaldi historikoa eta ondo landua izan zen, gauzak ongi egituratuta ekarri baitzituzten, baina bat-batekotasunik galdu gabe

Gero, Anjek eta Mixelek bakarrik, akustikoarekin eta eserita, hiru kantu mitiko kantatu zituzten. «Horrela hasi ginen», esan zuen Duhaldek, hain justu ere Errobiren lehen pausoak deskribatzean. Perttoli, Zuretzat eta Ez deat erranen ezagunek ikus-entzuleak animatu zituzten, batez ere azken horretan erritmoari jarraituz txaloak jotzen aritu zirenean. Ametsaren bidea-rekin arriskua hartu bazuten, geroago etorri zena ere ez zen atzean gelditu: Andere, berriz ere hamar minututik gorako kanta. Oraingoan ere Txominen bateria oso presente egon zen. Gainera, kantaren erdian solo sentitua egin zuen, eta orokorrean rock kontzertuetan askotan izaten ez den bezalako bultzada erakargarria eman zion. Xileko langileria hunkigarriaren ondoren etorri zen Rock eta Rolling rock estandar primitibo, sinple eta dantzagarriarekin animatu zituzten zaleak. Saxoa jotzen ari zela, Ducau dantzan ere aritu zen, kontzertu osoan karisma handia erakutsi zuen, eta gitarrarekin ez ezik saxoarekin eta txirularekin ere oso eroso antzeman zitzaion.

Ducauk eta Duhaldek ezin hobeto eusten diote ahotsari, eta garairik onenetan bezain ondo hartzen dute elkar. Telebista, apur bat aldatuta hasieran baina egurra emanez gero, gaueko onenetakoa izan zen, eta tarte batzuetan erakutsitako indarrak heavy rock soinua gogorarazi zuen. Segidan, eta gelditu gabe, Lantegiko hamar mandamenduak, gero eta piztuago zegoen ikusleriari asko gustatu zitzaiona, umoretsua eta jostagarria izan zen. Eta agur esateko, Nora goaz? ereserkia, rock zitala —nahiz eta pixka bat motelago egin zuten— eta arrakastatsua. Musika gelditu eta jendeari abesten utzi zion Duhaldek zati batzuetan, gaueko momenturik onenetako batean.

Erretiratu eta laster taularatu ziren Ducau eta Duhalde, berriz ere biko formatu intimoan Gure zortea-ri ekiteko. Azken agurra emanaldia hasi zuten bezala egin zuten, banda osoarekin eta Agur t’erdi jota. Emanaldi historikoa eta ondo landua izan zen, gauzak ongi egituratuta ekarri baitzituzten, baina bat-batekotasunik galdu gabe. Eta honaino iritsi da Errobiren ibilbidea. Inor gutxik espero zuena gertatu da, eta bertaratutakoek oroimenean gordeko dute lapurtarren azken kontzertua, euskal rockaren aldeko aldarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.