Musika

‘Erromeriak’ izeneko diskoa kaleratu du Kepa Junkerak

Emakumezko pandero joleak omendu ditu lan berrian. 2018an iktusa izan zuenetik, diskorik kaleratu gabe egon da musikaria.

Kepa Junkera musikaria, gaur goizean, 'Erromeriak' disko berria aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko maiatzaren 30a
15:46
Entzun

«Keparen betiko esentzia du diskoak». Hala definitu du Kepa Junkeraren lan berria Mikel F. Krutzaga soinu teknikariak. 2018tik diskorik kaleratu gabe egon ondoren, gaur goizean aurkeztu du Erromeriak lan berria musikariak. Emakumezko pandero joleei egin nahi izan die omenaldia. Bereziki, amari eta amamari.

Gurpil aulkian sartu da Junkera Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzara, maskara jantzita. Besarkadak, laztanak eta bostekoak jaso ditu bertaratu diren musikari, lagun eta senideen aldetik, eta gustura aritu da argazki saioan. Mikel Lizarribarrek irakurri du musikariak aurkezpenerako prestatu duen testua. Esker oneko mezuz josita egon da, eta sorpresa gis aurkeztu du lan berria: «Bizitza ezustekoz beteta dago».

2018an izan zuen iktusa Junkerak, Belgikan. Izegem, Brusela eta Anberes hirietan kontzertu bana eskaintzera joan zen musikaria herrialde hartara, eta, orduz geroztik, diskorik kaleratu gabe egon da. Iaz Berpiztu dokumentala aurkeztu zuen, baita bere obra osoa berrikusten duen arte liburu bat ere. Dena dela, Olatz Goikouria diseinatzaileak kontatu du lehenago hasi zela proiektu hau lantzen: «Proiektu bat amaitu aurretik, hurrengoa lantzen hasten da Kepa; hala lan egitera ohituta dago».

Hamabost abestiko lana da emaitza. Kantuetako zortzi, baina, 2018a baino lehen sortu zituen. Panderoa da nagusi horietan guztietan, diskoaren hitzaurrean azaltzen duenez: «Tresna sinple baina, aldi berean, konplexua da panderoa, indarrez eta gozotasunez betea, antzinako bizi-premia baten emaitza».

Guztira, 40 pandero jolek baino gehiagok parte hartu dute diskoan. Besteak beste, Euskal Herriko, Galiziako, Portugalgo eta Asturias, Kantabria, Leon eta Valladolideko (Espainia) musikariek. Bideokonferentzia bidez konektatu dira horietako batzuk diskoaren aurkezpenera, eta Junkerarentzako esker mezuz bete dute aretoa. Pandero jole bakoitzak bere herrian grabatu du diskoa. Soinu teknikariak azaldu du prozesua: «Pandero joleak ez dira elkartu diskoa grabatzeko: bakoitzak bere zatia grabatu du eta niri bidali didate, muntatu eta nahasketak egiteko».

Junkerak, berriz, Busturiako (Bizkaia) Oliene baserrian sortu du diskoa, aurreko lanetan egin legez: «Ohiko prozesua egin dugu: Kepak grabazioak bidali zizkidan, eta lanean hasi ginen». Diskoan entzuten den trikitia Junkerak berak jo du: «Baita perkusioaren %99 ere».

Arbasoei aitortza

Halaber, hitzak idazteko orduan, Koldo Gezuraga Seijido bertsolariaren laguntza izan du musikariak. Besteak beste, Serrana mia, Jotas de Kantabria eta Agua de Limon kantuen letretan. Era berean, Yeray Rodriguez eta Miguel Cadavieco inprobisatzaileek ere kolaboratu dute Gastronomik eta Limonada kantuetan, hurrenez hurren.

Aurreneko aldiz, gainera, Kepa Junkera Urraza gisa sinatu du lana, ama eta amama omentzeko keinu bezala: «Panderoaren soinuak nire arbasoengana hurbiltzen nau, aitonarengana, amarengana… Lan hau aitortza bat da ondare hori eta bizitzeko poza transmititu diguten emakume horientzat guztientzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.