Euskararen eta euskal kulturaren errealitatea azaltzen saiatzen pasa dugu astea, ze bide egin dugun jakitera ematen kichwa, nahualt, mapuzugun, aymara, maya yucateco, maya kaqchikel eta quechua hizkuntzetan mintzo diren eta hizkuntza horien berreskurapenean lanean diharduten hemezortzi laguni. Zer kontatu nahi diegun badakigu, baditugu zenbakiak eta kopuruak, baditugu esperientzia, ekimen eta erakundeen zerrendak eta horiek egindako bidearen laburpenak; baditugu txostenak, gogoetak, teorizazioak, aipuak eta adierazpenak; badugu ikuspuntu historikoa, badugu iritsi dugunaren argazkia, badugu gure lorpenen eta ahulguneen berri. Baditugu liburuak, power-pointak eta irudiak. Badugu diskurtso bat eurei azaltzeko, eta eurei, agian, baliagarri izan ahal zaiena, zatitxo batean bederen, pentsatzeko.
Baina, haiei gurea azaldu ahala, eta haien galderei erantzun ahala, gure diskurtsoaren atzean dauden hainbat sentipen, kezka, poz eta beldur gure begien aurrera etorri zaizkigu. Ispilu batean ikusi dugu geure burua, ez hainbeste hizkuntza eta kultura amerikar horietan gurea islatua ikusi dugulako —batzuetan bai, bestetan ez—, baizik eta euren baina eta euren galdera harrigarriek geure diskurtsoa zerez dagoen egina ikusarazi digutelako. Esan gabe doan hori zer den.
Eta esan gabe eman dudan hori zerrenda batera ekartzen eman dut astea. Zerrendaren lehen puntua: azken 50-60 urtetan egin dugunaren errebisioa egiteko tenorean gaudela eta horretan ari garela. Zer egin dugun ondo eta zer gaizki ikusi eta eztabaidatzeko unea iritsi zaigula. Alegia, bide onean edo txarrean ote goazen jakiteko modurik bat ote dugun pentsatzen hasteko garaia gainean dugula.
Bigarrena: ez dugula egin dugun bidearen gaineko kontakizun erromantiko eta mitifikaturik egiteko beharrik. Lorpenak lorpen beteak ote diren, eta galerak benetan galera ote diren ebazteko irizpide bila gabiltzala.
Hirugarrena: egin dugun bide horretan irabazi dugun bezala galdu dugula. Aurrera bidean lortutakoek hainbat gauza bidean utzi arazi dizkigula, ezinbestean.
Laugarrena: gurea biziraupenak eta prekarietateak baldintzatutako bide bat izan dela, eta horrenbestean zer sakrifikatu eta zer salbatu erabaki behar izan dugula. Guretzako zer den baliotsuena ebatzi behar izan dugula, agian askotan gehiegi pentsatu gabe, eta aukerak martxan goazela eginez.
Bosgarrena: kantitatean jarri dugula arreta ezinbestean, urgentziari erantzun beharrez, euskaldun gehiago, kultur produktu gehiago jomugan jarrita. Baina horrek ez duela ez hizkuntzaren erabilera ez kultur kontsumo handiagoa ekarri.
Seigarrena: asko lortu dugula, baina espero genuena adina ez lortzeak arrangura handiak sortzen dizkigula, eta horrek lortu dena behar bezala ez estimatzea ekar lezakeela.
Zazpigarrena: zer salbatu eta zer sakrifikatu aukeratu behar horretan, ohartu gabean bada ere, atzetik dakarguna, nondik gatozen horren sena, erabakiaren oinarrian egon dela.
Zortzigarrena: baliorik handiena hizkuntzari eman diogula, tradizioari baino, mundu-ikuskerari baino handiagoa; kichwa hiztun batek esan bezala, gure aurrekoen kosmobisioa galdu dugula.
Bederatzigarrena: kosmobisioa galdu dugula edota aldatu egin dugula. Modernitatea, kapitalismoa, hipermodernitatea eta postmodernitatea guk asmatuak direla, europarrak eta lehen munduko pribilegiatuak garen heinean, eta horiek ere badira gure kosmobisio.
Hamargarrena: gure kultura zaharra modernizatu eta homologatu behar izan dugula biziko bazen eta biziko baginen, eta horretarako modernoa elitekoa eta hegemonikoa eta kanpokoa dena dela pentsatu behar izan dugula askotan.
Hamaikagarrena: kultura modernoa, gaur eta hemen, bizitzen eta nor izaten laguntzen digun edozein adierazpen dela, denboran denik eta zaharrena edo berriena izanda ere. Aymara hizkuntzan berritzea eta aurrera egitea adierazten duen hitzak literalki atzera itzultzea esan nahi duela.
Hamabigarrena: gure europartasunak eta modernitatearen guraso eta seme-alaba izate horren (gustatu ala ez) ezaugarrietako bat, bere mugen barnean eta bere mugetatik kanpo, beste hizkuntza eta kulturaren suntsitzaile izatea dela. Alegia, suntsitzaileak, genozidak eta etnozidak gu geu garela, suntsituak eta etnozidatuak adina, Ameriketako herri indigenen aurrean jartzen garen aldiro, esate batera.
Hamahirugarrena: komunitatea eta gizabanakoa talkan dauzkagula gure gaurko gizartean. Komunitateekiko atxikimendu automatikoen garaia bukatu dela.
Hamalaugarrena: euskaldun izaten zergatik jarraitu behar dugun gure seme-alabei adierazten oso ondo ez dakigula. Garena izaten segi dezagun elikatzeko nahikoa bazka ba ote dugun eta bazka hori zer ote den ezin argituz gabiltzala: kontzientzia ote den, ideologia, bizi-gozagarritasuna, identitatea eta pertenentzia gogoa, prestigio soziala, ekonomikoa, kontsumoa.
Hamabosgarrena: kultura-artekotasunean baino kultur-aniztasunean sinesten dugula gehiago. Beste kulturen aitortzan eta errespetuan, ez hainbeste elkarren arteko nahasketa eta ezkontza ia beti desorekatuetan. Gipuzkoako herri euskaldun batean bisitan ginela, eskola ume talde batek «indio, indio» oihukatu ziela gure ikasleei kalearen beste kantoitik.
Hamaseigarrena: lezioa ematera joan eta lezio berriarekin irten garela. Eta hala ere zer kontatua eta zer borrokatua badugula pentsatzen dugula.
Katuajeak
Esan gabe doana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu