Esan Ozenkik katalogo eraberritua zabalduko du modu digitalean

Spotifyk bakarrik erabiliko du katalogoa datozen hiruzpalau asteetan, eta, ondoren, beste atarietara zabalduko daMetak zigiluaren katalogoko disko gehienak bere baitan jasoko ditu Esan Ozenkik

Kaki Arkarazo, Fermin Muguruza, Mikel Abrego, Iñigo Muguruza eta Mikel Kazalis, Gure jarrera diskoa aurkezten, Irungo Bertso-Hop dendan. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hogei urte igaro dira euskal musikagintzan mugarri garrantzitsu bat ezarri zuen gertaera hartatik. Negu Gorriak taldearen Gure jarrera bigarren diskoarekin batera, eta hari aterpe emateko, Esan Ozenki diskoetxea sortu zuten 1991ko ekainean. Hamar urteko ibilia egin zuen, euskarazko musika, internazionalismoa eta musika ekoizpen independentea zituela ikur nagusi.

Diskoetxea sortu zela 20 urte bete direla baliatuz, Esan Ozenkik katalogoa berritu du, eta aurrenekoz modu digitalean banatzeko erabakia hartu du. Orain artean ez Esan Ozenkiren katalogoko diskoak ezta hari segida eman zion Metak zigilukoak ere ez dira inoiz modu digitalean banatu. The Orchard banatzaile digitalarekin (Elkar eta Oihuka diskoetxeen banatzaile digitala, beste askoren artean) hasiko da lanean orain Esan Ozenki, kontu horiek bideratzeko.

The Orchard etxeak Spotifyrekin kanpaina bat egitea lortu du. Bihartik aurrera hiruzpalau astez Spotifyk bakarrik izango du Esan Ozenkiren katalogoa zabaltzeko aukera. Gero, beste 23 ataritara zabalduko dute katalogoa.

Kanpainak iraungo duen egun horietan Spotifyk jolas moduko bat antolatu du, lau lagunek aukeraturiko playlist edo kantu zerrendekin. Fermin Muguruza musikari eta Esan Ozenkiren sortzaileak, Jon Eskisabel BERRIAko kazetariak eta Roberto Herreroseta Xavier Cervantes musika kazetariek prestatu dituzte Esan Ozenkiren katalogotik hartutako kantu zerrendak. «Bakoitzak bere kantu aukeraketa egin du, eta horiek zabalduko ditugu Facebook eta Twitterren bidez, jendearengana irits daitezen», azaldu du Andres Camio Jitu-k, Esan Ozenkiren sortzaileetako bat izan zenak.

Katalogo eraberritua

Hemendik aurrera modu digitalean banatuko dutena ez da Esan Ozenkiren katalogo historikoa izango, zenbait aldaketa izan direlako azken urteetan. Katalogoak hainbat gehikuntza eta kentze izan ditu. Esaterako, Gora Herriak zigilupean —nazioarteko taldeen diskoak—kaleraturiko disko dezente (Zebda, Todos Tus Muertos...) lizentziak baino ez ziren, eta horiek amaiturik daude dagoeneko. Bestalde, talde batzuk beren diskoen eskubideak eskuratu nahi izan dituzte (Su Ta Gar, Lisabo, Jabier Muguruza...) eta Esan Ozenkiren katalogotik desagertu dira. Baina, aldi berean, Metaken katalogoaren zati bat Esan Ozenkiren katalogora pasatu da. Metak, enpresa modura, aurten desagertuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.