Esker ona eta lekukotasuna

Anje Duhaldek bihar Ondarroako Kafe Antzokiko kontzertua grabatuko du; zuzeneko laugarrena izango du

Anje Duhalde, Miarritzen egindako emanaldi batean, iaz. BOB EDME.
gorka erostarbe leunda
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Berez du ahots kraskatua, kantaerari nortasun berezia ematen dion boz urratua. Baina berezko horretaz gain, hotzeriak eragindako ahots are lakarragoa du orain. Horrek kezkatzen du, batez ere, bihar Ondarroako Kafe Antzokian (Bizkaia) 22:30ean hasita grabatuko duen zuzeneko kontzertuari begira: «Neguko unerik txarrenean harrapatu nau kontzertuak, baina espero dut biharko osatuko naizela. Dagoena hartuko dugu, eta aurrera». Zuzeneko kontzertuen zale da Anje Duhalde (Arrangoitze, Lapurdi, 1950), eta bere burua ere zuzeneko kantaritzat dauka: «Gehiago gustatu izan zait nire ekarpena zuzenean egitea, eta ez estudio itxi batean, edo laborategi moduko batean. Bere burua musikaritzat duenak hala behar lukeela uste dut. Azken finean, publikoari zuzentzen gatzaizkio».

Entzule modura ere beti izan ditu gustuko zuzeneko diskoak Bob Dylanen At Budokan (1978) entzun zuenetik, «zuzenekoek indar berezia agertzen dutelako, beraien huts eta guzti». Duhalde bera ere ez da berria langintza horretan, zuzeneko laugarren grabaketa izango du biharkoa. Errobi taldean zela grabatu zuen Duhaldek aurreneko zuzenekoa, 1978an, Bizi-bizian izenekoa (Xoxoa). «Oso oroitzapen ona dut disko harena. Uste dut garai hartako giroa oso ondo transmititzen duela». Akelarre taldeko kide izateari utzi eta bakarkakoari heldu ostean plazaratu zuen bigarrena, 1993an, Zuzenean izenarekin (Elkar): «Muga moduko bat ezarri zuen, ordura arte Errobi eta Akelarrerekin egindakoa eta nire bakarkakoa bereizi zituen». Milurteko berriari zuzeneko egitasmo berezi batekin ekin zion, George Brassensen kantu euskaratuekin osatu baitzuen George Brassensen kantari (2001, Elkar).

Duhaldek ia hamarkada bat darama alboan taldekide bertsuak lagun dituela, eta haiei «esker ona agertzeko» kontzertua izatea nahi du, batetik, eta azken urte luzeetan egin duen sorkuntza lanaren «lekukotasuna» uzteko ere baliatu nahi du bestetik. Ia-ia «semetzat» dauzka taldekideak Duhaldek. Biharko kontzertuan, baterian eta ahotsetan Txomin Duhalde semea ariko da, hain zuzen ere. Remy Gachis uztariztarra ariko da gitarran eta ahotsetan, eta Iñigo Telletxea beratarra baxuan.

Eztarriak uzten badio, kontzertuak «gehiago izango du indarretik gozotik baino», kantariaren esanetan. Ibilbide osoko denetariko kantuak joko ditu bi ordu inguru iraungo duen kontzertu horretan. Bere betiko kantu klasikoak joko ditu, Kantuz, Amnistiaren dema, Bakezaleak, Eperra eta enparauak, alegia: «Jendea joaten denean oholtzan urte batzuk daramatzan kantari baten kontzertura, bere kantu topikoak entzun nahi izaten ditu, eta horiek ere joko ditugu, jakina». Baina, horietaz gain, bere kontzertuetan hain ohikoak ez diren beste kantu batzuei ere leku egingo die. Kontzertuari hasiera Errobiren Gure lekukotasuna abestiarekin emango dio, talde aitzindariari «keinu bat eginez». John Hiatten musika duen Gogoaren baitan (Bakezaleak diskoan argitaratua, 1992an), Su gainean dantzan 1994ko diskoko Langabeaketaeuskararen egoeraren inguruan Xabier Amurizak idatzitako hitzekin osaturiko Etxeko andre ( Azkarate diskokoa, 1997koa) izango dira zuzenean grabatuko dituen beste kantuetako batzuk.

Oraingoz, kontzertua grabatu baino ez dute egingo. Diskoaren izenbururik ez du buruan Duhaldek, norekin aterako duen eta aterako ote duen ere ez baitauka ziurtaturik. «Ikusirik diskoetxeek nola tratatzen dituzten musikariak, akaso geure kabuz ere aterako dugu diskoa, gaur egun posible da hori eta. Hogei bat kantu grabatuko ditugu, ikusiko dugu nola ateratzen den, eta gero erabakiko dugu zer egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.