Eskulturaren topalekua

Santurtziko Azken Muga elkarteak 95 artistaren lanak bildu ditu 'Gaurko euskal eskultura' erakusketa ibiltarian. Otsailaren 16ra arte ikusi ahal izango da

Askotariko materialez egindako lanak ikus daitezke Gaurko euskal eskultura erakusketan. Irudian, Guillermo Olmo eskultorearen Arina lana. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Santurtzi
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Egungo euskal eskulturaren bilgunea: horixe izango da datozen egunetan Santurtziko (Bizkaia) Casa Torre jauregia. Azken Muga kultur elkarteak Euskal Herri osoko 95 eskultoreren lanak bildu ditu jauregiko erakusketa gelan. Gaurko euskal eskultura izenburupean, ikuspegi anitzeko eta hainbat belaunalditako artisten lanak elkarren artean nahastuta ageri dira. Otsailaren 16ra arte egongo da ikusgai Santurtzin, baina datozen hilabeteetan Euskal Herriko hamabi herritatik igaroko da.

Euskal eskulturaren eta eskultoreen erakusleihoa izan nahi du erakusketak, Guillermo Olmo eskultorearen eta erakusketako antolatzailearen hitzetan: «Euskal Herriko ia eskultore guztiok hartu dugu parte, eta hori zoragarria da». Hala ere, sektore osoa elkartzeko «beharrizan baten ondorio» ere bada proiektua: «Eskulturaren sektorea egoera nahiko kaskarrean dago; hortaz, ezinbestekoa izan da guztiok elkartzea eta indartsu gaudela erakustea».

Orotara, 95 artistaren obrak daude ikusgai erakusketan, baina kopuru hori handitu egingo da datozen hilabeteetan: «Eskultore batzuen lanak falta dira oraindik, baina joango gara pixkanaka erakusketa osatzen. Gure asmoa 100 artistaren langa gainditzea da». Izenak bezainbeste lan daude. Tartean, Iker Sanz, Eider Baile, Joseba Galarza, Angel Navas, Jokin Arman, Iñigo Manterola, Mikel Lertxundi eta Iñaki Olazabal. Haietatik 31 Gipuzkoakoak dira; 28, Bizkaikoak; 25, Nafarroakoak; lau, Arabakoak, eta zazpi, Ipar Euskal Herrikoak.

Hala ere, genero arrakala nabaria da sektore honetan ere: parte hartzaile guztien artean 18 baino ez dira emakumezkoak. Olmok nabarmendu du urteek aurrera egin ahala «gero eta emakume gehiago» daudela, eta goranzko joera nabaria da haren hitzetan: «Orain dela gutxi arte gizonezkoen mundua zen eskulturarena, baina, gaur egun, nahiko parekatuta dago». Aldaketa hori pixkanaka gertatzen ari dela dio, «baina gero eta agerikoagoa da». Batez ere, unibertsitateko ikasle kopuruari dagokionez. «Profesional izatera iristea beste kontu bat da», dio artistak.

Aniztasuna nagusi

Obraren tamaina izan da artistek bete beharreko baldintza bakarra. «Lan guztiak 20x20x20 tamainakoak dira, eta artista bakoitzak horretara egokitu behar izan du», azaldu du Olmok. Artisten lanen artean «sekulako pluraltasuna» dagoela azpimarratu du, eta horietako bakoitzak «teknika jakin bat edo beste» erabili du bere lana osatzeko. Era berean, erabilitako materialen artean ere badago aldea. Egurra, burdina, metala eta harria dira artistek erabilitako materialetako batzuk: «Horietako bakoitza mundu bat da, eta hor ere badago aniztasuna».

Olmok berak Arina obra aurkeztu du erakusketan. Eta eskulturan «ezohikoa» den material bat erabili du horretarako: zinka. Hala ere, «pozik» dago emaitzarekin: «Pisu handiko eskulturekin nekatuta, arintasunaren aldeko apustua egin dut». Bere aldetik, Adolfo Cuevas eskultoreak Simbiosis deituriko lana aurkeztu du. Metalgintzako fabrika batean lan egindako garaiak ekarri ditu gogora Cuevasek, eta altzairurtua erabili du horretarako: «Metalarekin, enpresarekin, harriarekin... dagoen sinbiosia nabarmendu nahi izan dut obraren bitartez».

Amaia Conde eskultorea, berriz, egurrarekin lan egitera ohituta dago. Erakusketarako intxaurrondoa erabili du, eta lan guztia eskuz egin duela nabarmendu du, «inolako makinarik erabili gabe». No! izena du haren lanak, eta indarkeria matxista salatu nahi izan du haren bitartez: «Gorputzeko atalekin babesten ari den emakume bat da protagonista, eta hortik dator lanaren izenburua ere: gizarteak argi eta garbi aldarrikatu beharko luke halako egoerak onartezinak direla». Susan Bartek, berriz, Posidonia Oceanica lana aurkeztu du: «Ekologiarekin lotutako gaiak betidanik izan dira nire interesekoak, eta, batez ere, gizakiok haiek nola erabiltzen ditugun aztertzen dut. Artea, beraz, naturarekin lotutako gehiegikeriak salatzeko bide gisa baliatzen dut». Izenburuak dioen bezala, ur azpian hazten den landareari egiten dio erreferentzia lanak, eta zeramika erabiliz osatu du obra.

Ibilbide luzea aurretik

Izatez, 1971n egin zen euskal eskultoreen taldekako lehenengo erakusketa, Barakaldon (Bizkaia). La indiscriminada izenez egin zen ezagun, eta 32 eskultorek hartu zuten parte bertan. Orain, berriz, 50 urte igaro diren honetan, euskal eskulturak gaur egun duen egoera islatu nahi dute antolatzaileek: «Eskulturak gure herrian izan duen garrantzia berreskuratu nahi dugu».

Erakusketa ez da geldirik egongo. Hilabete eta erdi Santurtzin eman ondoren, beste hamabi herri eta hiri zeharkatuko ditu datozen hilabeteetan. Besteak beste, Beasain (Gipuzkoa), Angelu (Lapurdi), Amorebieta-Etxano (Bizkaia), Tolosa (Gipuzkoa) eta Lizarra (Nafarroa). Hala ere, datak ez daude guztiz zehaztuta oraindik ere: «Ahalik eta lasterren saiatuko gara herriz herriko egutegia finkatzen».

Obrak ikusteaz gainera, horien salmenta ere sustatu nahi dute antolatzaileek. «Arrazoizko prezioan daude salgai obra guztiak; hortaz, ea publikoa erostera animatzen den». Antolatzaileen arabera, 300 eurotik 3.000 euro ingurura arteko prezioak dituzte lanek, eta horien «originaltasuna» nabarmendu dute: «Obra originalak dira, errepikaezinak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.