«Ustez entzutea merezi ez duena» kontatzeko idatzi du Uxue Alberdik Esne berriketan liburua. Hango eta hemengo emakumeen testigantzak jaso ditu, eta Begoña Durrutiren marrazkiek osatu dute liburua. Emakumeekin elkartu eta kontatutako bizipenak jaso ditu Alberdik bi urteren bueltan, «plazer hartuz, plazer hartzeko, eta plazer emateko». Kantuari ere gorazarre egin diote egileek, urteetan «emakumeen pozak eta minak» kantuz askatu izan direlako, eta kantuz esan direlako «hitzez esan ezin zitezkeenak». Bada, kantari hasi zuten liburuaren aurkezpena, pasa den astean, Donostian. Elkar argitaletxeak argitaratu du, eta Antxiñe Mendizabal izan da editorea.
Ahoz aho kontatu izan dira maiz istorio esanguratsuenak, eta horietako batzuk belarriz idatzi nahi izan ditu Alberdik. Bakarkako nahiz taldekako solasaldiak antolatu ditu emakumeekin, hala nola Gipuzkoan —Hondarribian, Bidania-Goiatzen, Orion, Getarian, Errezilen eta Zarautzen—, eta Bizkaian —Ondarroan eta Larrabetzun—. Baina adostutako hitzorduei esker, beste hainbat herritako istorioak ere jaso ahal izan ditu: Gipuzkoan, Elgoibarkoak, Asteasukoak eta Andoaingoak; Bizkaian, Muxikakoak; eta Nafarroan, Tafallakoak, Oronozkoak, Mugairikoak eta Iruñekoak. Orotara, 57 kontalarik hartu dute parte, eta 77 kontakizun jaso ditu idazleak. Liburuaren azken atalean ikusgai dago kontalarien zerrenda; Miren Amuriza, Itxaro Borda, Onintza Enbeita eta Begoña Durruti bera dira horietako batzuk.
Andre apartekoak
Era guztietako kontakizunak jaso dituela kontatu du Alberdik. «Badira istorio xaloak eta samurrak, eta badira minari, lotsari eta bortxari ahotsa jartzen diotenak ere; isildu izan direnak». Zortzi ataletan banatua dago liburua. Lehenengoak sexuari eta sexualitateari buruzko kontakizunak jasotzen ditu. «Bizitzari eusteko eta bizitzarik ez sortzeko emakumeek egin izan dituztenak, egiten dituztenak, egiten ditugunak. Bada beste aldea ere: haragiaren plazera, irrika, laguntasuna eta inozentzia». Bigarren atalak pozari, konplizitateari eta komunikazioari buruz dihardu. «Esperantza, plazera eta ilusio txikiak». Hirugarren atalean itsasoa gailentzen da, eta laugarrenean, menpekotasuna. Bosgarren atalean, berriz, heriotza. «Hilen eta bizien arteko loturak eta desloturak, eta umore beltza». Seigarren atalean, «andre gaiztoak, agintariak, inbidiosoak» daude, baita lanari lotutako kontakizunak ere. Zazpigarrenean, besteak beste, «andre apartak, funanbulistak, trauskilak, zekenak, mari-mutilak eta mendekatzaileak». Azkenik, zortzigarrenean, «gizonei planto egin dieten andreen kontakizunak» bildu ditu; hain zuzen, «askatasuna gutiziatu» dutenak.
«Kontalari hauetako askok beren burua arriskuan jarriko zuketen orain kontatzen dituztenak gertatzen ari ziren garaian bertan kontatu izan balituzte»UXUE ALBERDI Idazlea
Ezizenekin sinatu dute andre batzuek Alberdik plazaratutakoa: «Kontalari hauetako askok beren burua arriskuan jarriko zuketen orain kontatzen dituztenak gertatzen ari ziren garaian bertan kontatu izan balituzte», esan du idazleak, eta, gaineratu du, oraindik ere, emakumeen hitza zigortu egiten dela plaza publikoan.
Hari bat, istorioz istorio
Kontakizun bakoitzaren atzetik «zango puntetan» joan da Begoña Durruti, «bazterretik akorde batzuk» sortzeko. Istorio guztiak hari batekin josi nahi izan ditu, eta giro komun bat sortu du hala. Tarteka «umore tanta batzuekin», eta, tarteka, «ezinegon giro batekin». Txoriek, katuek, arrainek eta orri batetik bestera doazen lerroek eta korapiloek batzen dituzte ustez esne berriketan aritu diren emakumeen istorio guzti-guztiak. «Garrantzi handirik gabeko solasa omen da esne berriketa», azaldu du Alberdik. «Alfer kalaka, txepel hizketa, ganorabako jarduna; substantziarik, pisurik, zuztarrik gabea. Sarrien emakumeen arteko mintzoari deitu izan zaio hala». Haritik tiraka, Alberdik eta Durrutik hitz eta irudi bidez kontatu dituzte ustez hutsalak ziren emakumeen ezkutuko solasaldiak.
«Sinesgarritasunaren izenean ahots bakoitzari topatu dio hitzik egokiena, joskerarik dotoreena eta erritmorik organikoena. Horixe da literatura»ANTXIÑE MENDIZABAL Editorea
Antxiñe Mendizabal editoreak azpimarratu du liburua, memoria ariketa bat izateaz gain, ariketa literario bat ere badela: «Sinesgarritasunaren izenean ahots bakoitzari topatu dio hitzik egokiena, joskerarik dotoreena eta erritmorik organikoena. Horixe da literatura». Hau da, idazleak ahozkotasuna literaturara eraman duela. Horregatik, Mendizabalek balio handiko liburua dela gaineratu du; literatura egiteaz gain, jasota gelditu direlako hainbat testigantza. Alberdik argitu du kontalari bakoitzaren ahotsa jaso nahi izan duela idazteko garaian, euskara batuan idatzita ere, «leihoak zabalduz euskararen paleta zabalari».
Bertso emanaldi literarioak antolatu dituzte liburua aurkezteko: Alberdik istorioak errezitatuko ditu, eta Iban Urizar Amorantek jarriko du musika. Gainera, saio bakoitzean bertsotan egingo dute bi bertsolarik, idazleak berak jarritako gaiek gidatuta.