komunikabideak

Espainiako erregearen Gabonetako mezua ETB2n emango dute, historian lehenengoz

Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak baieztatu du berria Eusko Legebiltzarrean. ETB1 eta ETB3n ez dute Juan Carlos I.aren mezurik emango.

2009ko abenduaren 21a
15:40
Entzun
Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean baieztatu du Espainiako erregearen Gabonetako mezua ETB2n emango dutela. ETB1en eta ETB3n, ordea, ez dute emitituko. Orain arte ez dute inoiz ETBn emanJuan Carlos I.aren gabon mezua.

ETB herritar guztientzat dela eta ez nazionalistentzat soilik nabarmendu du Suriok Eusko Legebiltzarrean eta adierazi du "normaltasun instituzionalaren keinua" dela mezua emititzea. PPko eta PSEko ordezkariak izan dira mezua ematearen alde azaldu direnak.

Egun horretarako EITBri boikota egitera deitu dute dozenaka lagunek Facebooken eta blogetan.

Telebistako eskaintzari pluraltasuna kentzen dio erabakiak, EAJrentzat

Iñigo Iturrarte EAJko bozeramailearen esanetan, Espainiako erregearen mezua ETBn emititzeak ez dio pluraltasuna gehitzen telebistako eskaintzari, baizik eta kendu, "mezu hori ikusi nahi izan duten euskaldunek beste kateetan ikusteko aukera badutelako". "Normaltasun demokratikoaren beste ezarpen bat da hau, gehiengo politikoaren eta sozialaren aurkakoa", nabarmendu du Iturrartek.

Aralar bere aldetik, "seguru dago euskal herritar gehienek ez dutela batere interesik Espainiako erregearen urteroko mezua ikusteko". Mikel Basabe Aralarko legebiltzarkideak salatu du, "Euskal Telebistaren zuzendaritzak erregearen mezu hori igortzea erabaki duenean ez duela audientzia handitzeko egin, ez duela XXI. mendeko telebista eskaintza buruan izanik egin eta ez duela euskal herritar eta, beraz, EITBren ikusle gehienen nahia kontuan izanik egin".

EAren iritziz, "EAE espainolizatzeko PSE eta PPren beste urrats bat da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.