Guggenheim

Espainiako Gobernuak 40 milioi eurorekin lagunduko du Urdaibaiko Guggenheim

Bizkaiko Foru Aldundiarekin lortutako hitzarmenaren ondorio da erabakia.

Muruetako ontziolan aurreikusten dute Urdaibaiko Guggenheim eraikitzea. RAUL BOGAJO / FOKU
Berria
2023ko uztailaren 4a
13:56
Entzun

Espainiako Gobernuak 40 milioi euroko diru laguntza emango du, Urdaibaiko estuarioan «garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko» ekintzetarako. Ekintza horien artean dago biosfera erreserba horretan Guggenheim museoa egitea. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur bertan onartu dute diru sail hori emateko hitzarmena.

Foru Aldundiak jakinarazi duenez, akordioaren helburua da «Urdaibaiko biosfera erreserba naturalaren inguruko natur balioak indartzea, eta, antzinako industria kokalekuen ordez, ingurumena errespetatzen duten eta ingurumena integratzen duten guneak ezartzea».

Bizkaiko diputazioaren arabera, «ingurumen jarduerak Urdaibaiko Guggenheim museoaren hedapenaren funtsezko parte dira, eta, besteak beste, 63.570 metro koadrotik gorako lurzorua deskontaminatzea, Muruetako itsasadarraren fluxu naturala lehengoratzea eta espazioak birnaturalizatzea ekarriko dute», zehazten du hitzarmenak.

Orain dela aste batzuk, New Yorkeko arkitektura estudio batekazterketa bat aurkeztu zuen Guggenheim museoa Muruetako ontziolara eta Gernikako Dalia enpresara zabaltzeak ekarriko lukeen kostuaren gainean. Haren arabera, Guggenheimen hedatzea 128 milioi euro inguru kostatuko litzateke.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere aurrekontuko 40 milioi euro gorde ditu jada Urdaibaiko Guggenheimen proiektuarentzat, eta, Espainiako Gobernuaren ekarpena lotuta, Eusko Jaurlaritzak proiektuarentzat beste diru sail bat onartzea faltako da.

Espainiako Gobernuak diru laguntza eman arren, ez da sartuko Guggenheim kudeatzen duen fundazioan, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Solomon Guggenheim fundazioak osatzen duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.