Elena Odriozolak (Donostia, 1967) jasoko du aurtengo Espainiako Ilustrazio Saria. "Ildo propio eta koherente bati jarraituz", ilustratzaileak erakutsitako "gaitasun berritzailea" eta haren obraren "indar narratiboa" nabarmendu ditu epaimahaiak. Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak banatzen du saria.
Ibilbide luzea du ilustraziogintzan Odriozolak. Arte eta dekorazio ikasketak egindakoa, 1998an hasi zen marrazkigintza lanetan. Ordutik hona ehundik gora liburu ondu ditu, hainbat eta hainbat hizkuntzatara itzuli direnak, eta aitortza ugari ekarri dizkio bere lanak. Besteak beste, Ilustrazioaren Euskadi saria jaso zuen 2013an, Tropecista lanagatik (Espainiako Edizio Sari Nazionala ere jaso zuen urte berean), baita 2009an ere, Aplastamiento de las gotas albumeko marrazkiengatik.