'Jostatuz, kontatu egiten dut '
Artista: Mertxe Sueskun.
Non: Nafarroako Museoan (Iruñea).
Noiz arte: 2025eko irailaren 14ra arte.
Artista guztiek ez dute ibilbide bera. Batzuek berandu jasotzen dute errekonozimendua; beste batzuek, aldiz, hasieratik dute babes instituzionala. Badira inoiz halakorik lortzen ez dutenak ere, nahiz eta haien lanek etengabe gogorarazten diguten artista horien existentziaren garrantzia.
Asko dira prozesu horietan erabakigarriak diren faktoreak: klasea, arraza, generoa… Ez da kasualitatea artisten atzera begirakoak planteatzen dituzten erakusketa gehienetan dagoen aniztasun falta. Adibidez, galdetu beharra dago: instituzio artistikoek zenbat atzera begirako antolatu dizkiete aurten jada kontsakratuak diren Euskal Herriko artista gizonezkoei (eta zenbatgarrenez)? Eta zenbat emakumezkoei?
Ukaezina da homogeneotasun hori saihesten duten proposamenak ere badirela, eta salbuespen horien artean dago Jostatuz, kontatu egiten dut mostra, Mertxe Sueskun (1946) artistaren lana aurkezten baitu. Sueskunek 1980ko hamarkadan ekin zion bere ibilbide artistikoari, eta hau du lehenengo atzera begirakoa, Nafarroako Museoan kokatzen dena, zehazki.
Atzera begirakoa den heinean, mostrak hamarkada bat baino gehiagotako piezak aurkezten ditu, eta artistaren sormen prozesuaren heterogeneotasunaz ohartarazten. Hala ere, Txaro Fontalba komisarioak azaltzen duenez, erakusketa ez dago kronologia zorrotz baten arabera antolatuta. Horren ordez, antolaketa artistaren obrari egindako keinutzat ulertzen da; izan ere, Sueskunek hainbat teknika eta euskarri erabili ditu bere ibilbidean: alabastroa, ehungintza, ready-made-ak, burdina…
Horrenbestez, erakusketaren egitura faktore horren arabera osatzen da. Komisarioak sail ezberdinak proposatzen baititu materialen aniztasunarekin bat egiten duten tituluen pean: jolas eremuak, poema materialak, ehungintza gramatikak…
Alabaina, sailak baldin badaude ere, mostraren instalazioak pieza guztien arteko elkarrizketa ahalbidetzen du, espazio bakarrean kokatzen baitira. Horrela, museoaren lehenengo solairuan dagoen erakusketa aretoan sartzean Sueskunen lanaren askotariko perspektibak eskuratuko ditugu. Eta horman eskegita eta espazioan zehar kokatuta dauden eskulturek erritmoak sortzen dituzte.
Erakusketarekin lehenengo kontaktua dudan momentuan, horman eskegita dauden piezek erakartzen naute, lehenak bereziki. Mihisearen gainean koloretako kanilak modu estrategikoan gainjartzen dira. Gainjartze horretan lauki bat ehuntzen dute, eta, hein batean, objektu bihurtutako pintzelkadaz osatutako pintura abstraktu bat ekartzen didate gogora. Hariek eutsitako tutuek beren jatorrizko funtzioa galtzen dute, eta haien ezaugarri plastikoak aztertzeko gonbita egiten du artistak. Gonbit hori espazioan zehar hedatzen da, eta hedatze horretan figurak objektutik eskulturarako trantsizioan kokatzen dira.
Aurrera egin ahala, bestelako piezekin egiten dugu topo. Pieza horiek, nolabait, landa eremuko eszenekin lotzen dira, lastozko egiturak irudikatzen baitituzte: bigunak, borobilean oinarrituak, horixkak edo laranjak. Hala ere, egitura horien malgutasuna burdinazko elementuek zeharkatzen dute, eta bi materialen arteko sinbiosia iradoki. Joko formalean pieza horien kokapenak ere funtsezko rola jokatzen du: instalazioaren erritmoa hausten dute, zenbait pieza hormaren goialdean eskegitzen baitira, eta beste batzuk, berriz, lurrean pausatzen dira.
Bada, espazioaren kontrako aldean, paisaia erabat bestelakoa da. Han, zenbait idulkitan goratutako eskulturak aurkitzen ditugu, bata bestearen ondoan. Ikuslearen gorputza piezetarantz gerturatzen den heinean, idulkien artean murgiltzeko bulkada sentitzen du, horiek xehetasun handiagoz aztertzeko. Izan ere, konposizioak askotarikoak dira: alabastroa, burdina, egurra... Materialen aniztasunaz gain, deigarria da eskulturen eskala ere. Euskal testuinguruaren kanon hegemonikoak markatzen dituen eskultura handiekin kontrastean, Sueskunen piezek artistaren gorputzaren neurriaz ohartarazten digute, eskalan eta presentzian intimitatea lehenetsita. Izan ere, mostrak ez du soilik haren ibilbide artistiko oparoa ikusarazten: espazio propioa irudikatzen du. Artelanek pairatutako isiltasunaren oihartzun sotil bezain irmoa.