Bizi naizen herriko eskolako horman astronauta bat dago marraztua. Goiko aldean topatuko duzu, teilatu aldera. Handia da astronauta, baina tamaina bertsuko okila ere ageri da muralaren beste ertzean. Planetak ere badaude, nola ez, edonork ikusteko moduan, kolore biziz margotuak. Behealdean, zorutik oso urrun ez direla paratu dituzte etxeak ere; baserriak, inguruko larreak.
Ez naiz gogoratzen zein liburutan irakurri nion, oso posible da aipua bera neuk asmatu izana, baina uste dut Paul Austerrek halako zerbait idatzi zuela inoiz: «Garrantzitsua da izarrei begira egotea, haien mugimenduak aztertzea. Soilik horrela uler dezakegu zein den gure kokapena hemen behean. Zerura iritsi beharra dago oinak lurrean jartzeko». Irakurri nuenetik dut aipu hori buruan, ikusi nuen unetik gustatu zitzaidan eskolako horma-irudia.
Uste dut neurri egokia dela, izarrei eta mendiei espazio bera eskaintzen diena. Nola bizitzarako hala musikarako. Tradizioaz eta abangoardiaz edonor aspertzeraino hitz egin dugun arren, ez dago sobera gogoratzea gurean lan eder asko argitaratu izan direla neurri horretan. Horiek ziren mugak Donostiako psikiatra batek kanta herrikoiak eta ageriko zentzurik gabeko hitzak uztartu zituenean, horiexek aukerak Haira proiektuarekin Peio Erramouspek aitatxiri ikasitako kantuei molde espazial irudimentsu bat eman zienean. Adibideak hamaika dira, agian ezohikoagoa da kontrakoa: musika esanguratsua egitea sustrairik eta hegalik gabe. Ondo egin beharra dago, ez du edozerk balio, noski: topikoetatik eraikitzeak batetik zein bestetik urrundu besterik ez du egiten, erdipurdiko bilakatzen du emaitza, ezer egitekotan.
Sun Ra jazz musikari estatubatuarrak zioen, behin eta berriz esan ere: «Space is the place, space is the place, space is the place». Abangoardia omen zen hura, futurismoa, afrofuturismoa, zer demontre. Film bat ere grabatu zuen gizonak, non komunitate afro-amerikarrak planeta bat kolonizatzen zuen, soilik han biziko omen baitziren modu harmonikoan. Nola bidaiatu horren urrun, baina? Musikaren bidez, ezin bestela.