KRITIKA. Dantza

Esperantzari leiho bat

Martin Harriagaren 'America'. BERRIA
Martin Harriagaren 'America'. BERRIA
Agus Perez.
2025eko irailaren 9a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

AMERICA

Konpainia: Grand Avignongo Operako balleta. Zuzendaritza, koreografia, soinu-muntaketa, argien eta jantzien diseinua: Martin Harriaga. Bideo-sorkuntza: Steeve Calvo, Martin Harriaga. Lekua: Miarritzeko Udal-kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 5.

Hasi da 2025-2026 denboraldia, Miarritzeko Dantza Maitaldian hasi ere, eta hango udal-kasinoko areto handia goraino beteta zegoela ikusi dugu Martin Harriagaren America pieza txundigarria.

Gauzak beren testuinguruan jartzearren gogoratuko dugu Harriaga izango dela Miarritzeko Balletaren gidari berria, orain arteko Thierry Malandainek erretiroa hartu ostean. Oraingo pieza honek, ordea, ez dauka ezer Malandainen estilo neoklasiko eboluzionatutik, eta horrek leiho bat irekitzen omen dio esperantzari, Dantza Maitaldiaren ildoari nolabaiteko astindu emozional eta artistikoa emango diolakoan. Esate baterako Europaren izaera nartzisistan ad nauseam sakontzen duten frantziar eta europar konpainien produktuak baztertuz eta leihoak berriro irekiz gure kontinente zahartutik kanpoko proposamen aberasgarriei.

Dantza politikoa jarria nion izenburutzat gaurko kritikari, baina testuak aurrera joan ahala konturatu naiz itxaropenik gabeko denbora okaztagarri hauetan bere garrantzia zeukala Oskarbiren kanta haren mezuak. Dena den, Harriagak America honetan planteatu diguna ageriki politikoa izan da, leungarririk gabe, halako moldez non dantza politikoaren paradigmatzat jo dezakegun, bere alde on eta txar guztiekin. Zeren eta askotan entzun eta leitzen dugu edozer gauza politikoa dela, ilea era batean edo bestean eramatea politikoa dela, poesia egitea politikoa dela, artea egitea ere bai, nola ez, baina gehienetan adierazpen horietan hutsalkeria besterik ez dago, norberaren nagiak, gauzak beren izenengatik izendatzeko beldurra baino ez.

Harriagak, ordea, adarretatik heldu dio zezenari, eta Trumpen figura histrioniko eta toxikoaren satira eratu du, haren diskurtso xenofobo, gezurti eta gorrotoz beteak dantzaren bidez deseraikitzeko. Izan ere, oraingoa baino lehen beste bi pieza sortu ditu gai berberarekin: Walls (Murruak) 2019an Dantzaz konpainiarako eta Americaaa Leipzig balleterako 2020an. Bigarren hori ez dut ikusi, baina Walls-en gehiago sakontzen zuen sionisten eta palestinarren arteko gatazkaren alde gizatiar gordinean, betiere Trumpen pertsonaia presente zelarik.

America honetan, ordea, Trump presidenteak hartu du protagonismo osoa. Haren figura eta gorroto diskurtsoak hala fisikoki —dantzari maskaratuak— nola telebistako irudi eta soinu sanpleatuen bidez jaso ditugu, eta alde horretatik ona da jakitea Trumpek 2024an Madison Square Gardenen emandako mitinean egon zela Harriaga, egitateak eta inpresioak hartzen bere burua dokumentatzeko. Gauzak horrela, gogorra eta lehorra egin zaigu America hau, zintzoa eta aratza bezainbeste, eta sano preziatu ditugu bai dantzarien energia eta zehaztasuna bai Nina Simone, J. S. Bach eta Chavela Vargas beste askoren artean elkartu dituen soinu-banda, baina era berean gogaituta irten gara, nola ez, hainbeste Make Amerika Great Again, hainbeste Build that Wall, hainbeste keinu mehatxagarri jasan ostean. Baina horrelakoa da dantza benetan politikoa, errealitatea bezain gogorra, lehorra eta desolamenduzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.