Kritika-Artea

Esperientzia katartikoak

Irati Gorostidi  'Arcoiris 82' erakusketaren inaugurazioan, irailaren 11n. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Gorostidi 'Arcoiris 82' erakusketaren inaugurazioan, irailaren 11n. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko irailaren 30a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Arcoiris 82'

Non: Tabakaleran, Donostian. 

Noiz arte: 2026ko urtarrilaren 6ra arte. 

 

Tabakalerako lehen solairuko bigarren aretora gerturatzen naizen heinean, gero eta ozenago entzuten dira ahotsak. Ez dut hitzik identifikatzen, oihuak, algarak eta arnasak baizik. Gelara sartzeko pasabidea markatzen duten gortina beltzak zeharkatzen ditut. Oihal trinko horiek kanpoko argia barrura sartzea eragozten dute, eta espazio ilunean kokatzen naizen unean, ikusten dudan bakarra nire aurrean eta atzean kokatutako bi pantaila erraldoi dira. Horietan proiektatzen denak harrapatzen nau, eta inguruko beste elementuak pantailak belztu arte apenas sumatzen ditut. Irati Gorostidiren erakusketa da hau, Arcoiris 82 izenekoa.
 

Artistak Zinemaldian aurkeztu duen Aro Berria filmaren egituratze prozesutik eratorritako ikus-entzunezko materialak eta artxiboko piezak biltzen dira. Irudi horiek une historiko baten ispilu dira, Trantsizio garaiko paktuek militantzia politikoari estuki lotuta bizi izan zirenen baitan eragindako desengainuaren ondorengo paisaia irudikatzen baitute. Horren erdian kokatzen da Arco Iris komunitatea, egitura soziopolitiko berrietatik urrundutako bizimodu alternatibo baten emaitza, 80ko hamarkadan Ultzamako bailaran, Lizason finkatu zena. 

Arco Iris komunitatea gorputzaren eta adimenaren esperimentaziorako erdigune bihurtu zen Euskal Herrian. Praktika anitz eskaintzen zituzten, tartean katarsirako eta trantsiziorako saio kolektiboak. Horietan, barne-bakearen bilaketa ez zen helburu bakarra; bizitzaren egiturak osatzen zituzten harreman sareak berrikusi eta errotik zalantzan jartzeko bide ere bihurtzen ziren.Esan bezala, erakusketa garai horren isla da; baina erreferentzia narratibo edo espliziturik egin gabe, testuinguru hartan gorpuztasunak hartu zuen papera azaleratzen du. Eta horretarako, komunitateak eskaintzen zuen tailer zehatz baten aurrean kokatzen du ikuslea.

Espazioan barneratzean aurkitzen ditugun bi bideo-instalazioek horren aurrean kokatzen gaituzte. Espazio bera erakusten dute, ikuspuntu zabalago bat eskaintzeko, eta nolabait, proiekzioaren parte bihurtzen gaituzte. Arnasketa ariketa koordinatu bat egiten ari den pertsona talde bat ageri da, norbaitek «utz iezaiozue gorputzari berea esaten» dioen bitartean.

Ondoren, gorputzen koreografia aldatzen da: besoak altxatuz, saltoetan hasten dira. Une batean mugimenduak deskoordinatzen dira, eta horixe da gorputzak hitz egiten hasten diren unea. Nor bere emozioak askatzen ditu, pentsamendu arrazionaletik aldenduz eta barnean daramatzan sentipenak askatuz. Askatasun horretan gorputz batzuek besteekin egiten dute talka, eta kontaktu horren ondoren esperientzia partekatzen hasten dira, batzuetan elkar ukituz eta beste batzuetan esperientzia sexualei ateak irekiz.

Katarsi horren erdian, ikusleok gure egunerokotasunean murgilduta eta haren performance errepikatuan harrapatuta, gorputz horiek askatzen dutenaren hartzaile bihurtzen gara. Pantailan ageri direnek barrutik kanpora egiten duten moduan, guk kanpora isurtzen dutena gure baitara eramaten dugu. Esperientziak, horrela, ezinegona pizteko arriskua gero eta agerikoago bihurtzen du.

Pantailak itzaltzen direnean, haien inpaktuaren ondoren inguruan dauden beste elementuak aztertzeko aukera irekitzen zaigu. Une horretan pizten dira atzealdeko bi monitoreak, eta bertan, pantailan ikusi ditugunek katarsiaren ostean bizi izan dituzten sentsazioen inguruko hausnarketak partekatzen dituzte. Ordurako, ikusleok ere barne-bidaia horren parte bihurtu gara, espazioan sartu aurretik genuen erritmoarekin talka egiten duen esperientzia baten barnean. 

Gure gorputzak ere interpelatuak sentitzen dira prozesu horretan, monitoreetan agertzen direnen mugimendu, arnasa eta emozioekin bat egiten duten heinean. Eta ahalegin horretan, galdera berriak sortzen zaizkigu: zer geruza daramatzagu gure gorputzetan? Zer arrasto uzten dute guregan, normalizatzen dugunaz harago, bestelako gorputzak eta harremanak imajinatzeak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.