'STRONG BACK, SOFT FRONT'
Tabakalerako erakusketa areto txikia instituzioan proiektu esperimentalagoak aurkezteko erabiltzen duten espazioa izan ohi da. Bertan, zinemari lotutako proiektuak, Hezkuntza Sailak bultzatutako erakusketak eta egungo artista gazteen proposamenak aurkezten dituzte, eta azken horientzat, bereziki, erakusleiho ezin egokiagoa izaten da. Hori dela eta, areto horretan inauguratzen diren erakusketen zain izaten naiz; proposamen berritzaileak, freskoak eta maiz ustekabez beterikoak izaten baitira bertan.
Irailetik urtarrilaren hasierara Irati Gorostidiren Arcoiris 82 erakusketa abian izan ostean —hori zinemari loturiko proposamena—, artista gazte bati egin diote lekua. Strong back, soft front izenburuarekin, Maite Gonzalez Martinezen proiektua dago martxan orain, Iñigo Villafranca Apeztegiak komisariatua. Badirudi aurreko urtean Villafrancak instituzio berean egindako komisariotza-egonaldian garatutako proiektuaren emaitza dela aurkezten dena.
Aretoaren izaera esperimentalarekin bat, gunera sartu aurretik topatzen du bisitariak lehen sorpresa. Erakusketari buruzko testua hormen barnealdean egon beharrean, kanpoaldean dago, atearen ezkerraldean, hormari koska bat kendu balitzaio bezala hari lekua egiteko, egitura guztiak bistan utziz. Agerian dago lekualdatzearen keinu horrek arrazoi nagusi bat izan dezakeela: barnean ahalik eta argi gutxien izatea. Eta horrek jada pista bat ematen du barnean topatuko denari buruz: ikus-entzunezkoak nagusituko direla segur aski. Baina ez da pista bakarra. Testuak bertan kokatzeko moduaren nolakotasunak proiektuaren izaeraren estetikarekin ere zerikusirik izan behar duela iradokitzen du; bestela, zergatik egiturak agerian utzi? Zergatik jolastu testuaren kokapenean espazioaren tripekin?
Eta hala da. Aretoaren barnean protagonismo nagusia ikus-entzunezkoek hartzen badute ere —horma perimetraletan proiektaturik daudenak, gehienak—, beste lanen instalazioek espazioko egiturekin jokatzen dute: zutabe eta sarguneekin. Ohiko euskarri izan ohi diren hormak alde batera utzi, eta Gonzalez Martinezen argazkiak bestelako egitura hauen gainean daude; gainazal horiek besarkatuz eta estaliz. Bisitarien pertzepzioarekin eta mugimenduarekin jokatzen dute, begien altuerara eskegi ohi diren lanak normalean baino beherago ipiniz —zutabeen kasuan—, gorputzak makurraraziz; edo gorago, lepoak eta begiradak luzatuz.Â
Joko horiek interesgarriak dira; eta interesgarria izan da bereziki, baoarekin egindakoa. Ia sabaira iristen den leiho itxi modukoa da hau, arku batez errematatua, eta artistak guztia estali du begirada arakatzailezko argazkiz eta kolorez. Argi-foku batekin azpimarratua, arkitekturari zelaia gailendu zaiola dirudi; belar eta margaritek irentsi dutela; berdeek eta zuriek; tamaina handiagokoek eta txikiagokoek; ikuspegi ezberdinak nahasiz baina denen artean collage zoragarria sortuz. Ustekabeko ederra da aretoaren iluntasunean.
Zutabeak besarkatzen dituzten irudiak berriz ilunpean gelditzen dira, eta zeloz itsatsita, bata bestearekiko gainjarrita eta eskuz moztuak izatearen behin-behinekotasuna badute ere, ez dira ongi ikusten; iluntasunean galdu egiten dira, eta, beraz, izan zezaketen potentziala ere galdu egiten dute, bai beren baitan eta baita aretoko gainontzeko elementuekin elkarrizketan ere.
Azkenik, proposamenak badu beste berezitasun bat erakusketetan ohikoa ez dena, eta hori zera da, erakusketaren instalazioak bisitaren tempoa markatzen duela. Ikus-entzunezkoak ez daude batera martxan; bat bukatzen denerako hasten da bestea, hurrenkeran. Eta hasiera batean, zentzua izan dezakeela pentsatu arren, bisitarientzat ez da hain erosoa; guztia osoki ikusi nahi izanez gero, bideoren bat gutxienez ia bi aldiz ikustera kondenatzen zaitu —oso zaila baita aretora sartzean justu lehenengo bideoaren hasierarekin kointziditzea—. Eta, bestetik, instalazioa horrela prestatua dagoela ohartzeak ere bere denbora ematen duelako; eta bitartean hor zaude, zain, pantaila beltzari begira, noiz piztuko. Behintzat, esertzeko lekuren bat badago.Â