begona del teso
Eppur si muove

Esplikaezina den mundua azaldu nahi eroan

2026ko uztailaren 31
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundu honek —eta bere barrenetan dagoen beste orok— ez du azalpenik. Ez balekorik, ez balizkorik, ez alegiazkorik. Gero gizakia izango zen zomorroak urak abandonatu zituen momentutik ahalegindu da, baina, azalpenik ez duten kontu eta gauzei azalpena aurkitzen. Alferrikakoak izan dira Big Bang eta gero egindako saio guztiak. Paradisuan Sugeak ederki zekien ez geniola zentzurik bilatuko munduan gure egote honi. Egia, luzatu zigun jakinduriaren fruitua; antza ez genuen, ordea, digestio ona izan…

Asmatu genituen jainkoak. Idatzi genituen tratatuak. Amestu genituen iraultzak eta buruak moztu, ulergaitz zitzaigun horri guztiari esplikazioren bat eman ahal izateko.

Filosofiaren bitartez, kondairen bitartez, arkitekturaren bitartez, erlijioez baliatuz edo munduak konkistatuz saiatu ginen entenditzen konprenitu ezinezkoa zena, dena eta izango dena.

Ismus, Ismo, Tasun, Keria hamaika eraiki genituen. Hizkuntzan bezala lurrean eta espazioan ere. Bildu genituen kantak eta poemak, Olinpo mendiaren magaletan erori ginen belauniko bizitza eternala horren ederki gozatzen zuten jainkoen erantzun behin betikoen esperoan. Debaldeko esperantzaz, Jainko(s)ak emanak zeudelako zezen edo zisne itxuraz harturik dontzeilak bahitzen edo hezur-haragizko mutil guapoekin seme-alabak egiten. Gizakioi zerbait azaldu nahi izan zigun heroi handi bakanaren —Prometeo, hots— amaiera —amairik ez duen amaia, hots— zorigaiztokoa suertatu zen oso…

Zinema asmatu genuenean berpiztu zitzaizkigun esperantza huts eta ahul horiek. Hain zen markaz fuerakoa, sekulakoa eta egundokoa tramankulu hura! Seguru hildakoak bizirik gordetzen zituen kamera hark izango zituela milurtekoetan zehar pilatutako galderentzako erantzunak!

Ba ez. Inolaz ere ez. Alderantziz, ezinak jota, zinemak itaun gehiagorako ateak irekitzen zituela ohartu ginen.

Ez pentsa, ordea, seko akiturik, gauza ororen zentzua aurkitzeari utzi geniola. Ez, ezetz, ez da gizateria temati honen estiloa, jokabidea, portaera. Jarraitzen dugu azalpenen bila. Eta zinemak barre egiten du gure kontura.

Oraingo honetan, diren eta ez diren egiazko eta sasiko jakitun, aditu, ikastun makina bati deitu diote munduko fantasia guztien jabe izan nahi duten gizaki saldoek, Peneloperen ezkongai horiek bezain petral, zuhur, gaizkile, berekoi ematen duten gizaki samaldek, hain zuzen ere.

Nahi dute jakin ea bene-benetan nolakoa zen Odiseok eraiki zuen zaldi faltsua, nahi dute jakin zergatik Nolanen pelikulan lotoren loreak Itakako erregeari ematen dizkiona Kalipso den, Homerok horrela kontatu ez bazuen arren.

Aldi berean, prezio berean zera nahi dute, Christopherren filmografia osoari errepasoa egin. Eta jakina, harriduraz galdetzen dizute ea zuk haren Tenet, haren Memento, haren Inception ulertu ote zenituen. Onest eta gizalegez jokatu nahian, sekula ez zitzaizula burutik pasa pelikula horiek konprenitzea erantzuten diezu.

Ez badugu ulertzen zergatik hil behar dugun, zertarako saiatu Gaspar Noeren 'Climax' edo 'Lux Aeterna' konprenitzen?

Zelako hanka sartzea zurea! Derrepentean denek begiratzen dizute arraro eta zutaz gaizki esaka hasi. Nolatan ulertu nahi ez?!!!! Ezetz, nik, pareta kontra zokoraturik; pelikulak, mundua nola, ez dira ezinbestean ulertu beharreko artefaktuak. Bizitza ere ez. Ez badugu ulertzen zergatik hil behar dugun, zertarako saiatu Gaspar Noeren Climax edo Lux Aeterna konprenitzen? Ezta Backrooms ere. Zertarako bizi izan garen jakin gabe hilko garenez, zertarako jakin beharko nuke nik Kubricken Odyssey-en agertzen den monolito beltzaren esanahi ezkutua? Baliteke, Troiako zaldia nola, bidalitako marmolezko misila izatea. Zeren kontra? Gure arrazoiketa super gogaikarri horren kontra.

Arrazoitu? Ez! Gozatu. Haluzinatu, hitzik gabe geratu. Dardaraz. Dantzaz. Pasioz/izuz/barrez/ malkoz gainezka.

'Odissey' filma
Christopher Nolanen Odissey filma.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA