Zinema

Marisa Paredes aktorea da Zinemaldiko kartelaren protagonista, eta Esther Garcia ekoizleak jasoko du Donostia saria

Iaz zendu zen Paredes, eta kartelean haren irudia jarrita omendu du jaialdiak. Garciak, berriz, ehun film baino gehiagotan egin ditu ekoizle lanak. Wallijai estudioak landu ditu 73. festibaleko irudiak.

Manuel Outumuro eta Jose Luis Rebordinos, kartel ofizialen alboan, gaur, Donostiako Tabakaleran. JUAN HERRERO / EFE
Manuel Outumuro eta Jose Luis Rebordinos, kartel ofizialen alboan, gaur, Donostiako Tabakaleran. JUAN HERRERO / EFE
Maddi Iturriotz Alkorta - Aingeru Odriozola Beitia
Donostia
2025eko uztailaren 30a
12:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Marisa Paredes aktore espainiarrak Donostian ikusi zuen itsasoa lehen aldiz, berak kontatu izan zuenez. Harrezkeroztik, Kantauri itsasoa bidelagun izan zuen, hainbatetan izan baitzen Donostiako Zinemaldian. 1977an izan zen lehenengoz, Sail Ofizialeko lehian parte hartu zuen Antonio Isasi-Isasmendiren El perro filmarekin. Ondorengo urteetan, besteak beste Valeria Sarmiento, Jaime Rosales, Arturo Ripstein eta Felipe Vega zuzendariekin itzuli zen jaialdira. Iaz parte hartu zuen Zinemaldian azken aldiz, Made in Spain sailean erakutsi zuten Alba Sotorraren Mucha mierda dokumentalarekin. Iazko abenduan zendu zen aktorea, eta Zinemaldiak 73. aldiko kartel ofizialean haren irudia jartzea erabaki du. «Zinemaldiaren lagun on bati egin diogun omenaldia da hau», esan du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak. 2006an, 54. Zinemaldiko karteleko protagonista ere izan zen.

Paredesek hirurogei urteko ibilbidea egin zuen antzerkian eta zineman, eta, guztira, 75 film luzetan baino gehiagotan parte hartu zuen. Haren ibilbidea hainbat zinemagilerekin lotuta dago, hala nola Guillermo del Toro, Montxo Armendariz, Fernando Trueba, Jaime Chavarri, Agusti Villaronga eta Pedro Almodovar zinema zuzendariekin. Azken horren filmetan egindako interpretazioengatik, hain zuzen ere, arrakasta handia lortu zuen; besteak beste, Entre tinieblas (1983) eta Tacones lejanos (1991) filmetan egindako lanagatik. Horrez gain, Espainiako Zinematografiaren Sari Nazionala jaso zuen 1996an, eta Ohorezko Goya saria 2018an. 2000 eta 2003 bitartean Espainiako Zinema Akademiako presidentea izan zen. Konpromiso sozial eta politiko handia erakutsi izan zuen Paredesek, eta oihartzun handia izan zuen 2003ko Goya sarietan gerraren aurka egin zuen aldarriak.

Azken urteetan kartel ofizialeko protagonistari eman izan dio Zinemaldiak Donostia saria, baina aurtengoan ez da hala izango, ohorezko sari hori Esther Garcia zinema ekoizleak (Segovia, Espainia, 1956) jasoko baitu. Ehun lan baino gehiago ekoitzi ditu, eta, 1986az geroztik, Pedro eta Agustin Almodovar anaien El Deseo ekoiztetxean lan egin du. Hain zuzen ere, aurten 40 urte bete ditu ekoiztetxeak. «El Deseok zenbait zuzendari handiren karrera bultzatu du, hala nola Isabel Coixetena eta Alex de la Iglesiarena», azaldu du Rebordinosek. Garciak bertan ekoitzitako hainbat lan saritu dituzte urteotan, adibidez, nazioarteko film onenaren Oscar saria irabazi zuen Todo sobre mi madre (1999) eta Cannesko jaialdian gidoi onenaren saria lortu zuen Volver (2006). Zinemaldiko Sail Ofizialean ere lehiatu izan dira haren ekoizpenak, besteak beste, Pedro Lazagaren Siete chicas peligrosas eta Fernando Truebaren El año de las luces.   

(ID_15188971) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-07-30, Donostia. Donostiako zinemaldiko kartelaren aurkezpena, Jose Luis Rebordinos ,...
Ruth Perez de Anucita eta Jose Luis Rebordinos, kartel ofizialen aurkezpenean, gaur, Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU

Karteletako irudiak

Donostiako Wallijai estudioak diseinatu du aurtengo kartel ofiziala, Manuel Outumurok Paredesi egindako argazki batetik abiatuta. 2018az geroztik, izen handiko aktoreak izan dira Zinemaldiko kartel nagusiaren protagonistak: Isabelle Huppert, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem eta Cate Blanchett. Paredesen erretratua Fotogramas aldizkarian argitaratu zen 2000. urtean; argazkilariak eta aktoreak elkarrekin egindako bigarren lana izan zen. «Argazki saioak gorroto zituen arren, festa bat zirela esaten zuen», ekarri du gogora Outumurok. Hasieran, kolore biziak zituzten gabonetako argazkiak ateratzekoa zen, aldizkariko zuzendariak hala eskatuta, baina azkenean, argazki «sotilak» egin zituen. «Paredesek harago begiratzen zuen beti; argazkian ikusten dugun soinekoan hark konstelazioak ikusten zituen». Horrez gain, zera gehitu du Outumurok, «gainontzeko pertsonek ez bezala», Paredesek ez zuela pentsatzen nola ikusten zuen jendeak kameraren beste aldetik. 

Aurtengo jaialdiaren gainerako kartelak ere Wallijai estudioak diseinatu ditu, Jose Angel Peñaren zuzendaritzapean. Argazkiak eta ilustrazioak uztartu dituzte horietako bakoitzean; pertsonen erretratuak eta zinema generoen irudiak nahasi dituzte: «Publikoa eta zinema zuzenean lotu nahi genituen, jatorri, adin eta genero ezberdinetako pertsonen silueten bidez», azaldu du Peñak. David Herranenak dira argazkiak.

Zinema genero bakoitza jaialdiko sail batekin lotu dute karteletan: drama Zuzendari Berriak sailarekin lotu dute; zinema belikoa, Horizontes Latinos sailarekin; zinema erromantikoa eta musikala, berriz, Zabaltegi-Tabakalera sailarekin; zientzia fikzioa, Perlak sailarekin; animea, Nest sailarekin; beldurrezkoa, Culinary Zinema izenekoarekin; abenturazkoa, Zinemira sailarekin; eta westerna, Made in Spain sailarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.