Intujai Teatro konpainiak antolatuta, hogei ipuin kontalariren emanaldiak, bi ikastaro, solasaldi bat, lehiaketa bat eta ahozkotasunaren gala bat eskainiko ditu, besteak beste, Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak, otsailaren 27tik martxoaren 21era bitarte, Tolosan eta Ordizian (Gipuzkoa). Hogei ipuin kontalari eta artistak hartuko dute parte; horietako sei kanpokoak dira, eta gainerako hamalauak, Euskal Herrikoak. Kanpoko kontalariek Kuba, Bulgaria, Kolonbia, Katalunia, Azerbaijan eta Japoniako ipuinak ezagutzeko aukera emango dute.
Jaialdiko emanaldietako asko doan izango dira, eta sarrera ordaindu behar den kasuetan oso merkea izango da. Ipuin kontalaritza ez dela inondik ere soilik umeentzako ikuskizuna gogorarazi dute antolatzaileek, eta emanaldietara adin guztietako ikusleak elkarrekin joateko gomendioa egin dute, gisa horretan «ikuspegi ezberdinen arteko elkarrizketa aberasgarria» sustatzeko.
Aldo Mendezek — Tolosan— eta Bea Egizabalek — Ordizian— gidatuko dituzte ikastaroak. Mendezek ahozko kontaketako teknikak irakatsiko ditu; Elgezabal ahozkotasunaz ariko da. Lehiaketa ere zabalik dago parte hartu nahi duen ororentzat. Lehen fasean hautatutako hiru kontalariak martxoaren 20an Ordizian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian ariko dira, eta han erabakiko da irabazlea nor den; 300 euroko saria eskuratuko du. Ipuin kontalari berrientzako plaza egokia da lehiaketa, Intujai Teatro taldeko May Gorostiagaren iritziz. Aurtengo ekitaldian parte hartuko duten Euskal Herriko kontalarietako batzuk Ahoz Aho jaialdiaren aurreko ekitaldietako lehiaketan parte hartutakoak dira. Aurten hirugarren aldiz antolatu dute lehiaketa.
Rakugoak euskaraz
Japoniako ipuinak Euskal Herriko hiru kontalarik emango dituzte —Axen Escaladak, Arantzazu Maizek eta Maider Ibargurenek—, Hiromi Yoshida itzultzaile eta ekoizle japoniarraren gidaritzapean, rakugoen ahozko tradizioa euskarara egokituz. Rakugoa Japoniako ahozko tradizio bat da, duela lau mende inguru sortua. Garestia zelako antzerkia ikustera joaterik ez zuen jende xumeak rakugoak ikustera jotzen zuen, askoz ere merkeagoak zirelako emanaldiak.
«Rakugoak helduentzako ipuinak dira», azaldu du Yoshidak. «Kontalariak, hots, rakugolariak kontatzen du guztia, pertsonaia guztien rolak jokatuz. Eserita egin behar du beti kontaketa, kimonoa jantzita, abaniko batekin eta oihal batekin, beste ezer gabe. Ez dago musikarik. Helburua barre egitea eta ondo pasatzea izaten da». Hamabost edo hogei minutuko rakugo saioak egingo dituzte Ahoz Aho jaialdian. Yoshida Azpeitian (Gipuzkoa) bizi da azken urteetan, eta ondo moldatzen da euskaraz.
Rakugoak bezala, Azerbaijango ipuinak ere euskaraz entzun ahal izango dira, Tarana Karim Kontalariak euskaraz badakielako; hamabi urte darama Hernialden (Gipuzkoa) bizitzen. Kuba, Bulgaria, Kolonbia eta Kataluniako ipuin kontaketak gaztelaniaz egingo dira.
«Estilo eta kultura askoren arteko gurutzaketa» da Ahoz Aho jaialdia Joxemari Carrere kontalariaren ustez, eta «kontalaritzak zenbat aukera eskaintzen dituen» uzten du agerian urtero.
@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, ikus webgune hau: intujaiteatro.blogspot.com.es
Estilo eta kulturen gurutzaketa
Hogei ipuin kontalari ariko dira Ahoz Aho jaialdian.Ordizian eta Tolosan izango dira emanaldiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu