Gorka Hermosa. Akordeoilaria

«Estiloa kortse estu bat baino ez da»

Akordeoia jo, ikertu eta irakatsi egiten du. Konposatu egiten du. Klasikotik abiatuta beste lengoaietara bidaia eginez, barnekoari hauspo emanez. Flamenkoa izan da arakatu duen azken esparrua.

gorka erostarbe leunda
2013ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Amets ere akordeoiarekin egiten duela esatea ez da hiperbolea. Akordeoia duintzea du amets Gorka Hermosak (Urretxu, Gipuzkoa, 1976). Egun Mogron bizi da, Kantabrian (Espainia). Kontserbatorioan akordeoi eskolak ematen ditu. Besteren obrak jo izan ditu, eta berak konposaturikoak munduko txoko guztietan jotzen dituzte. Bach, Galliano, Piazzolla, Solotarev aipatzen ditu eragin moduan, besteak beste, baina beste musika esparruetara (folka, jazza, rocka, tangoa, flamenkoa...) begiratzeko beldurrik ez du. Hiru disko plazaratu ditu bere ekimenez. Gaur Tuterako La Locura del Angel aretoan aurkeztuko du orain arteko azkena, Flamenco Etxea (2011), hiruko formatuan, Jose Luis Monton gitarra jotzailea eta Maria Berasarte kantaria lagun hartuta. Hilaren 16an jaioterrian, Urretxun, Labeaga aretoan ariko da.

Nola hurbildu da Euskal Herriko akordeoilari bat flamenkoaren mundura.

Historia bitxia da. Jerezko flamenko jaialdi batetik deitu zidaten. Hango dantzari bati buruzko ikuskizun bat egin beharzuten. Dantzari hura Parisen bizitzen egon zen bizpahiru urtez. Eszena baterako akordeoi jotzaile bat behar zuten, farola baten azpian jotzeko ager zedin. Musika zuzendaria Jose Luis Monton zen. Aste osoan elkarrekin bizi izan ginen. Ijitoekin batera bizi izan ginen, eta oso esperientzia bizigarria izan zen. Elkar ondo hartu eta zerbait elkarrekin egiteko gogotik abiatuta sortu zen Flamenco Etxea.

Akordeoia flamenkoan ez da izan batere ohikoa.

Nik neuk flamenkoa oso gutxi entzuna nuen ordura artean, Camaron eta Paco De Lucia baino ez. Eta ez da batere ohikoa ez. Alde horretatik ere esperientzia polita izan da. Diskoa atera ondoren, Madrilgo zirkuitu flamenko batzuetan aurkeztu dugu, harrera oso ona izan du; guztiek esan didate aurreneko aldia izan dela akordeoia flamenkoan erabili dena. Niri beti gustatu izan zait eremu berrietan sartzea, proiektu guztietan zerbait berria planteatzea.

Musika hezkuntza klasikoa jaso duzu. Baina interes berezia nabari zaizu musika klasiko edo kultuaren eta herri musiken (flamenkoa, tangoa, fadoa...) arteko zubigintza egiteko.

Nik ez dut hain metafisikoki ikusten kontua. Oso terrenala naiz. Nik uste dut musika soilik dela hamabi nota, erritmo bat eta gauza interesgarriak esateko gogoa edukitzea. Estiloa kortse estu bat baino ez da. Oso zaila egiten zait orain arte egin ditudan gauzak etiketatzea. Berdin-berdin jotzen dut fado bat, flamenko pieza bat edo Bach. Nik uste dut kariñoz, errespetuz eta bihotzarekin egin behar dela musika.

Zuri asko kosta zaizu kortse akademiko horretatik ateratzea?

Gertatzen dena da akordeoilaria bera nahiko rara avis dela musika klasikoaren munduan. Beti saiatu naiz egiten gogoak ematen didana, etiketak batere jarraitu gabe. Musika klasikoa ikasi izanak oinarri handia ematen dizu teknikoki. Gaztea nintzenean ordu asko sartu nituen, eta horrek lasaitasun bat ematen dit. Gainera musika klasikoa ikasteak, estiloa bera baino gehiago erakusten dizu zerbait jo aurretik kontestualizatzen. Ondo ezagutu behar dela jotzen duzun hori, errespetu bat izan behar dela alegia. Nik uste dut estilo bakarrean dakidala jotzen. Nire estiloan.

Esperimentazioa da musikan askatasuna bilatzeko modua?

Bai, baina esperimentazioa bizitza jarrera bat da, ez soilik musikari dagokiona. Bizitzan beti saiatzen naiz norbait oso desberdina topatzen dudanean harengandik ikasten, pertsona gisa hazteko. Tangoa ikasten hasi nintzenean, adibidez, jende berria ezagutu nuen, eta ate asko zabaldu zitzaizkidan, ikasteko. Nire asmoa ez da izaten bide bat irekitzekoa, baizik eta barruak eskatzen didana egitea. Beti ikasten jarraitzen saiatzen naiz. Musikari onekin lan egiten duzunean askoz ere errazagoa da. Jose Luis Montonekin lan egitea zoragarria da, esaterako.

Akordeoiarekin edozer gauza jo liteke?

Edozein musika tresnarekin edozer jo liteke. Akordeoiak daukan gauzarik okerrena da haren inguruan dauden aurreiritziak. Akordeoiaz pentsatzean burura datorkigu edo trikitia edo pasodoblea, musika dantzagarria, batez ere. Ni beti saiatu naiz egiten edozer gauza, jendeak espero duen hori izan ezik. Akordeoiak aukera asko ematen ditu jendeari ezusteko sonoro bat emateko. Biolinarekin, pianoarekin edo gitarrarekin zailagoa da ezusteak ematea. Akordeoiarekin errazagoa da, eta bide hori jorratzen saiatu naiz.

Kosta egiten al da akordeoiarekin jendearengana iristen?

Jendearengana iristeak ez nau sekula bereziki arduratu. Gaztea nintzenean ilunaBar diskoa atera genuen, 2002an, pop-rock estiloan. Nahiko sona izan zuen, irratietan entzuten zen. Hori izan da jendearengana iristeko egin dudan saio bakarra. Egin ditudan beste gauza guztiak izan dira nik nahi nuelako eta neure buruari ahalik eta gehien exijitzeko, eta ahalik eta musikari onenekin jotzeko. Ni gustura nengoke musikari horiek eta beste berri batzuek nahiko balute nirekin jo. Beti dago jende esparru bat interesa agertzen duena.

IlunaBar-en pop-rocka, Flamenco Etxea-n flamenkoa eta Tangosophy-n Astor Piazzolaren musikara hurbildu zinen, 2006an. Piazzola da gehien miresten duzun akordeoilaria?

Gehien eragin didana bai, ziur aski. Haren herriko musika hartu, tangoa, eta jazzarekin eta musika klasikoarekin nola nahastu zituen gustatzen zait. Musika herrikoi bati kultuzko pisua eman zion. Burdeletan jotzen zen musika antzokietara eraman zuen. Beste maila batean, antzekoa egiten saiatu naiz. Euskal musikatik abiatuta, beste eremu batuetara iristea. Tangosophy-n badaude fandango batzuk, Nafarroako jotak... eta saiatu nintzen jazzarekin nahasten eta beste eremu klasikoago batera eramaten, elementu oso tradizionalekin musika berri bat egiten.

Piazzolaren ikasle izandako Pablo Zinger piano jotzaileak, zure originaltasuna eta talentua aipatzeaz gain, «birtuoso» bat zarela adierazi du. Zer da birtuosismoa zuretzat?

Birtuosismoa teknika bide bat da bakarrik. Hori ez da artea. Teknikaren aldetik ez daukat arazorik, baina ez diot inolako garrantziarik ematen birtuosismoari. Flamenco Etxea-n ez dago teknikaren erakustaldirik, gauza txiki bat egiten saiatu nintzen. Nire lengoaian dago barneratua teknikarena, baina ez exibizio moduan.

Zure lengoaian zenbaterainoko garrantzia dauka emozioak?

Eduki dezakeenik eta handiena. Barruan duzuna adierazteko modua da musika. Hitzak iristen ez diren tokira iristen da musika. Ez badaukazu ezer esateko barruan, jo zenezake hau edo hura, baina hutsa izango da. Exhibizio tekniko bat izan liteke, edo kirola nahi bada. Poema batekin, margolan batekin edo film batekin adierazten den gauza bera adieraz liteke musikarekin, baina esateko zerbait izan behar duzu, bestela ez du balio ezertarako.

Asko ikertu duzu akordeoiaren inguruan. Euskal Herrian trikitiaren mende bizi izan al da?

Beno, sarri badirudi, trikitia beti egon dela Euskal Herrian. Baina ez du hain tradizio luzea ere, txalapartak edo albokak izan dezakeen moduan. XIX. mendearen amaieran iritsi zen. XX. mendetik aurrera soinu handiak oihartzun handiagoa izan zuen, 70eko hamarkadara arte. Orduan folklorearen esparrutik klasikorako jauzia egiten hasi ziren akordeoilariak eta trikitiak hartu zuen folklorearen esparrua. Gainera, frankismoaren azken urteekin eta trantsizio garaiarekin kointziditu zuen, eta exaltazio abertzale horrekin trikitiak indarra hartu zuen. Bere merkatua egin zuen. Eta soinu handia estali izan du zenbaitetan. Hala ere, esaterako,Kepa Junkerak eta Joseba Tapiak lan handia egin dute trikitiaren esparrua irekitzen, eta harro egoteko modukoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.