‘Memorias de Adriano’
Testua: Marguerite Yourcenar. Dramaturgia: Brenda Escobedo. Zuzendaritza: Beatriz Jaen. Aktoreak: Lluis Homar, Clara Mingueza, Marc Domingo, Alvar Nahuel, Xavi Casan, Ricard Boyle. Eszenografia: Jose Novoa. Argiztapena: Pedro Yague. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriaren 25a.
Marguerite Yourcenarren 1951ko Hadrianoren oroitzapenak testuaren laburpenari hitzez hitz jarraitzen dio antzezlanak. Julio Cortazarren gaztelaniazko itzulpenaren berbak Lluis Homar katalanaren ahoari gozoki jariatzen zaizkio, eta, horrela, beste behin oholtzako aktore handi-handi horietako bat dela erakutsi digu, besaulki patioa liluratuta utzita.
Hadriano hidropesiak jota dago, eta, laster hilko dela jakitun, bere bizitzako pasarte intimo zein publikoak errepasatzen ditu, sen erakustalditzat jo daitezkeen hausnarketak aletuz. Marco Aurelio oinordekoari idatzi zion gutuneko esaldi apalez eraikitzen du bere biografiari buruzko mosaikoa: hautu okerrak zein arrakastatsuak, porrotak eta garaipenak, arima anbiziotsu baten antsia politikoak nahiz maitasun kontuak. Hori guztia ahotsaren bolumena nahiz keinuen indarra tamainan maneiatzen, batere esajeratu gabe, antzezpen neurritsuan.
Eta hortxe dago ikuskizun honen merituetako bat: ondo mantendu duela Yourcenarren planteamendua, zeinetan Erromako inperioaren buru izan zen Hadriano gizatiartu zuen, Hadriano hiltzear dagoen agure jakintsu bihurtuta. Hadriano poeta, Hadriano helenista, Hadriano estoikoa. Yourcenarrek eman zion trataera, gainera, adinkeriaren antipodetan dago. Kasu: Hadriano zahar dago, ergo, zuhurra eta jakituna da. Eta horregatik, haren bizitzari buruzko gogoetak irakaspen gisa ulertzen dira, oinordekoei utzitako testamentu moral moduan. Eta horregatik maite izan genuen Hadriano Yourcenarren eskutik, eta maite izan dugu Hadriano Escobedo eta Jaenen bertsioan.
Estetika garaikidetik abiatu dira: telebistako plato bat irudikatzen du eszenografiak. Hondoko paretan dauden monitoreetan eta horman bertan aldez aurretik nahiz zuzenean grabatutako irudiak proiektatu dituzte. Era horretan, Homarren aurpegiera lehen planoetan era zinematografikoan birdimentsionatzen da. Enperadorea bost aktorek osaturiko jarraigoaz inguratua dago. Ez dute hitz egiten, baina haien joan-etorriez teatraltasuna ematen diote bakarrizketari. Aholkulariak, zerbitzariak, kazetariak direla ulertzen dugu, eta Hadrianok aipatzen dituen hainbat pertsonaia historiko. Dena den, eszenografiaren edo aktore horien mugimenduen gainetik, neurritasuna gailentzen da.Â
Yourcenarren testuan bezala, Antinoo (Alvar Nahuel) mutil greziarrarekiko maitasunak du garrantzi handien kontakizunean. Horri zor zaizkio momenturik lirikoenak, ororen gainetik, Nahuelen dantzetan gorpuztuak. Poetikotasuna zerien eszena horiei, edertasuna.
Amaieran ikusle asko zutitu dira antzezlana txalo bero-beroekin eskertzeko.