Adierazpen askatasuna

Estrasburgok tramiterako onartu du Abel Azkonaren erakusketa baten kontrako salaketa

Abogados Cristianos (Abokatu Kristauak) elkarteak jarri du salaketa. Espainiari zigor ekonomikoa ezartzeko eskatu dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiari.

Abel Azkona artista, Desterrados erakusketan jarri zuen Amen obra prestatzen. ABEL AZKONA
2019ko urriaren 8a
15:59
Entzun

Estrasburgoko auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak Abel Azkona artistaren erakusketa baten harira aurkeztu duen salaketa. Amen erakusketaren harira aurkeztu du salaketa. Azkonak ostia kontsakratuekin pederastia hitza osatu zuen erakusketa horretan. Espainiari zigor ekonomikoa ezartzeko galdegin du elkarteak, estatuak Giza Eskubideen Europako Ituna urratu duelakoan.

Elkartearen esanetan, Espainiako Estatuak itunaren lau artikulu urratu ditu: babes judizial efektiboa babesten duena, bizitza pribaturako eskubidea defendatzen duena, erlijio askatasuna aitortzen duena eta diskriminatua ez izateko eskubidea jasotzen duena.

Ez da ohikoa izaten Giza Eskubideen Europako Auzitegiak halakoak onartzea. Polonia Castellanos elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, "salaketen %2 bakarrik" hartzen dira aintzat. Haren esanetan, auzitegiaren erabakia arrazoizkoa da, Azkonaren erakusketa "Espainiako historian izan den profanaziorik handiena" izan delako.

Elkarteak Azkonaren kontrako salaketa jarri zuen Espainiako hainbat epaitegi eta auzitegitan, baina salaketa artxibatua izan da instantzia guztietan. Lehenengo, Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak baztertu zuen; erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen elkarteak Nafarroako Auzitegi Nagusian eta Auzitegi Konstituzionalean, baina bi auzitegi horiek ere artxibatu egin zuten auzia.

Estrasburgoko salaketaz gain, abokatu elkarteak Azkona salatu du Gorroto Delituen Fiskaltzaren aurrean ere, joan den urriaren 3an Twitterren bota zuen txio batengatik: "Elizak erretzeko gau ederra gelditu da", adierazi zuen.

Elkarte salatzaileak Estrasburgori eskatu dio Espainiari zigor ekonomikoa ezartzeko. Azaldu duenez, 285.000 euroko zigorra eskatu du, Azkonak bere obra kopuru horrengatik saldu zuela adierazi duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.