begona del teso
Eppur si muove

Estua da Paradisura doan zubia

2025eko ekainaren 13a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Erlijio eta sinesmen guztiek kontu bera darabilte, Paradisura garamatzan zubia, bidea, xenda estua da oso. Gauza bera diote Jainkoak inspiraturiko Liburua beren fedearen oinarritzat hartzen duten judaismoak, kristautasunak eta islamismoak. Kristau herriak aspaldian ikasi zuen (baita segituan ahaztu ere) errazagoa izango zela gamelu bat orratzaren zulotik pasatzea aberats bat Zeruaren Erreinuan sartzea baino. Greziako erlijio ederrean, zeinetan jainkoek gizatiarrok ditugun irrika bertsuak zituzten, Paradisurako bidea (baita infernurakoa ere) pagatu behar zenion Estigia urmaela zeharkatzen laguntzen zizun Karonte ate zaindariari.

Estua izan da beti Paradisura daraman zubia. Are meharragoa Infernutik beretik abiatzen bazara.

Hori esanez hasten du bere bidea diru/sarrera leihatilaren marka guztiak hausten ari den Oliver Laxeren Sirat kolosalak.

Cannesko Zinemaldiko epaileek Epaimahaiaren Saria eman zioten arren, zeken samar jokatu zuten juje horiek askoren abururako, Hegoaldeko Filmin  plataforman dastagai diren Mimosas, Todos vós sodes capitáns eta O que arde filmen autorearen azken lan honentzako Urrezko Palma orroka, gau eta egun eskatu zuen zaletu saldo harentzako, hain zuzen ere.

Le salaire de la peur, Antonioniren Il deserto rosso, Jodorowskiren El Topo eta Mad Max-ekin konparatu izan den artelan honek, pertsonen kontrako mina guztien gainetik eta gorputza zein arima kiskaltzen dituen eguzkiaren azpitik trantze batean dabilenak, gainezka egiten du musikaz (Cannesen soinu bandak eskuratu zuen Music Award preziatua, zeina urteetan zehar irabazi izan duten Emilia Perez, Eo eta The Neon Demon bezalako mirariekin partekatzen duena), irudiz, edertasunez, minez, drogaz, misterioz, mistizismoz, zeluloidez, paisaiaren erabilera ezin sinistuzkoaz, ekoizpen diseinuaz, arte zuzendaritzaz, eszenen konposizioaz, gidoiak inori abisatu gabe hartzen dituen biragunez eta arrisku handiz hartutako zinema erabakiez.

Igualik ez duen unibertsoa eraikitzen dute sortzaileek janzkeraz, pertsonaiez. Soinuz ere bai. Aipatzeko modukoa da, musika hainbeste. Basamortuak, sakanek, harkaitz gorriek sortzen duten soinu hori Laia Casanovasek eta Amanda Villaviejak gobernaturiko lantalde batek maisuki, maistraki da hartua.

Rave hitza erabiltzen dute Sirat filma aipatzen duten guztiek. Eta egia da, musika elektroniko arras sentsorialak sortutako munduan hasten da dena, mortuak dar-dar egiten duen eremu horietan, non soinu anplifikadoreek hondarrean jarritako idoloak diruditen, non gorputzak tekno-xarmadurak harrapaturik mugitzen diren, non gorputz horiek guztiak ezberdinak eta askotarikoak diren, non gorputz horietako asko bizitzak mutilatuak diren…

Sirat hondorik, mugarik, amaierarik gabeko rave bat da. Bertan hain askotarikoak diren pertsonaia horiek egindako bizi-hautuak hunkigarriak dira, zeharo azpikoz gora jartzen baitute desertua ezagutzen ez duten horien tradizio ziztrina, moral eta solidaritate berriak eraikiz, orain arte existitzen ez ziren familia motak sortuz.

Oliver Laxe-ren 'Sirat'.
Oliver Laxeren Sirat filmaren irudi bat.

Hain da ikaragarria Sirat ezen orrialde batean ez baita kabitzen. Hobe begiekin ikusten baduzue, hobe belarriekin entzuten baduzue, hobe erraietan bibratzen sumatzen baduzue, hobe zubi estua pasatzen saiatzen bazarete.

Uztailaren 4an zubi hori pasa beharko duzue, Galiziako Santiago hiriaren Quintana plazaraino. Han rave-a antolatu du Sirat-eko jendeak. Hantxe Kanding Rayek konposaturiko soinu bandak zorabioa eragingo du zuzenean. Ez da kasualitatea plaza hori bi mailatan banatua izatea. Batak Quintana dos Mortos (hildakoena) du izena. Besteak, dos Vivos (bizirik dauden horiena)…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.