Artista: Natalia Suarez Ortiz de Zarate. Lekua: San Telmo museoa, Donostia. Noiz arte: martxoaren 1era arte.Â'eszena iluna. bera esna'
Ez naiz ezer berririk esaten ari denok ere gustu propioak ditugula baieztatzen badut; afinitate ezberdinak, harremantze-bide eta modu zehatzak eta hautemate-sistema era jakinak. Eta, norberak artelan batzuekiko interes handiagoa edo txikiagoa izatea edo artista bat maiteagoa edo indiferenteagoa suertatzea ere besteak beste horren guztiaren ondorio ere bada, artelanek intrintsekoki izan dezaketen balio artistikoaz aparte.Â
Nire kasuan, gogoan dut ikusi nuen Natalia Suarez Ortiz de Zarateren lehen lana: arrosa kolorea gailentzen zen koadro bat zela oroitzen dut, ez oso handia; abstrakziotik hurbil zegoena, baina era berean paisaia bat iradokitzen zuena —edo zidana behintzat—, nahiz eta haren elementu identifikagarri argirik ez egon gainazalean irudikaturik. Tabakaleran izan zela uste dut, baina nahiz eta memoria egiten saiatu, hori ez dut oso argi. Oraindik ere guztiz presente dudana haren aurrean sentitu nuen zirrara da; halako egonezinezko sosegu bat, urduritasun atsegin bat, pinturaren enpastean eta haren bidez sorturiko formen tentsioetan murgildu ninduena. Egungo pinturarekiko galdua nuen enpatia berrezarri zidan lan hark, eta orduz geroztik, Suarez Ortiz de Zarate artista berezia bilakatu zen niretzat.
Azken erakusketa San Telmoko Laborategian du, eraikinaren bigarren solairuan kokatutako gelaxkan; Artea Abian, Kutxarekin batera museoak aurrera daraman ekimenaren seigarren edizioaren baitan programatua. Ekimen honen baitako proposamen gehientsuenak freskoak eta ausartak izan ohi dira, artista gazteak protagonistatzat dituztenak, eta deskribapen horren barnean sar daiteke Eszena iluna. Bera esna izeneko erakusketa hau ere.
Titulua ikusita, badirudi zinema edo antzerki obra bateko gidoiaren zati bat izan daitekeela; eszena jakin baten abiapuntua. Hala, artistak, erakusketaren izenburua proposamenari izaera narratiboa emateko errekurtso gisa erabili duela esan liteke; bertaratzen diren bisitariak egoera zehatz batean kokatzeko, edo behintzat egoera zehatz hori ardatz hartuta ondoren aretoan topatuko dena irakurtzeko gako gisa erabiltzeko.Â
Bera emakumezko bat da; adats luzeko neska gazte bat. Aretoko ezkerraldean ordena zehatzik gabe agertzen dira izenburuak iradokitzen duen eszenaren segidak, protagonista, betiere, Bera dela: Bera etzanda; Bera ilunabarrari begira; Bera zulo batetik jausi egiteko zorian; Bera zigarro bat erretzen; Bera egitura batetik gora eskalatzen… narrazioak hainbat segida ezberdin izan ditzake, bisitariei, garai bateko liburuetan bezala, norbere istorio propioa sortzeko aukerak eskainiz.Â
Baina erakusketan aurrera egin ahala, ikusten da artistak berak ere istorioko eszena zenbait aukeratu dituela, eta, behin ikusle bakoitzak bere kabalak egin ostean, hala, artistak aukeratutako horretara igarotzen zara. Zuk sorturiko horrekin konpara dezakezu; edo berriz ere hutsetik hasi.Â
Osagarriak izan daitezke, baina kontrastean eginak dirudite; esperimentazioan jarraitzeko irrikari helduaz; jolasari. Lehenak txikiak dira, A4 folioen tamainakoak, zuri-beltzezkoak eta boligrafoz eginak trazu azkarren bidez. Bigarren hauek, berriz, formatuz oso handiak dira, kolorez blaiturikoak eta olio pinturaren enpaste mardulezkoak. Ez dute aurrekoen freskotasunik eta bat-batekotasunik, baina zinez esango nuke sakonagoak direla, intentsitate handiagokoak eta zalantzarik gabe, konplexuagoak.Â
Pertsonaia printzipalak, Bera-k, tamaina erreala hartu du, eta haragizkoa bilakatu da. Haragiaren arrosatasuna, zuritasuna, gorritasuna; gordintasuna gailentzen da: haragiaren haragitasuna. Zeloak utzitako lerro zuzenen arrastoak eta trazu librearen arteko tentsioak; gardentasunen eta opakutasunaren artekoak; superposizioak eta iustaposizioak nahasten dira. Eta eszena ezberdinen artean, harrapatuta ikusi nuen neure burua.Â
Narraziotik eta eszena filmikotik aterata, erakusketa proiektu eskuzabala dela esatea falta zait; artistak bere egite-prozesua ulertzeko gakoak ematen baitizkigu mostraren bidez, hein batean: egiteko beharraren, esperimentaziorako grinaren eta aukeratze-metodoaren artean kokatzen dena. Â