«Eta atera dadila zure herriko plazan»

Hilaren 30a arte Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiko emanaldiak izango dira, Ordizian eta Tolosan

Ipuin kontalari batzuk, Ordiziako eta Tolosako udaletako ordezkariekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Partekatu entzundako ipuina, errepikatu etxekoei, lagunei edo lankideei, ahozkotasuna azken batean denona baita; belaunaldi guztiak daude horren baitan», adierazi du May Gorostiaga Intujai antzerki taldeko kideak. «Ipuinaren ibilbidea ez da amaitzen emanaldiaren ostean, entzulearekin batera doa. Sar dadila kalabazan, eta atera dadila zure herriko plazan, atera dezagun entzun duguna». Hil honetan, beraz, kuia ondo betetzeko aukera izango da, ia egunero izango baitira Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren emanaldiak, Ordizian eta Tolosan (Gipuzkoa). Japonia, Portugal, Herrialde Katalanak, Uruguai eta Kamerundik etorri diren kontalarien ipuinak entzun ahalko dira Euskal Herriko ipuin kontalarienekin batera. Hilaren 30a arte iraungo du.

Ahozko transmisioa, kulturaren erdigune dela argi baino argiago dute Ahoz Aho jaialdiaren antolatzaileek, eta uste dute belaunaldiz belaunaldiko transmisio horretan ipuinek paper garrantzitsua jokatzen dutela. «Halakorik ezean, edozein herriren kulturaren izaera bera galduko litzateke», gaineratu du Gorostiagak. Izan ere, ipuinak hainbat elementuren batura dira: «Herri baten historia, ohiturak, hizkuntza eta tradizioa ezagutzeko baliabide dira», zehaztu du Lur Korta ipuin kontalariak. Informazioa helarazteko modu egokia dela iruditzen zaio, zuzeneko hartu-emana baitago kontalariaren eta entzulearen artean.

Ipuin kontalarien emanaldiak haurrei zuzendutako gauza dela pentsatzen da sarri, baina ipuinak helduentzako ere aberasgarri direla nabarmendu du Joxemari Carrere ipuin kontalariak. Hala, bientzako emanaldiak izango dira.

Ofogo, oharkabean kontalari

Carrereren arabera, gutxitan izaten da ipuin kontalariak entzuteko horren aukera zabala, eta, are gutxiago, horren estilo desberdina duten kontalarien ahotik. Yoshi Hioki japoniarrak, adibidez, sorterriko estetika asko lantzen du: «Japoniako kutsua ekartzen du, orientala, eta hori erritmoetan eta igarri egiten da», dio Carrerek. Patricia McGill uruguaitarrak, berriz, literaturatik edandako ahozkotasuna lantzen du. Boni Ofogo kamerundarrak kasualitatez bihurtu zen kontalari. «Kulturartekotasuna sustatzeko ekintza batean eskatu zioten kontatzeko istorio bat, eta orduan aurkitu zuen bere altxorra, umetatik jasotakoak kontatzen aritzen baita gaur egun», gaineratu du Carrerek.

Kontalari sena familiatik datorkion bestea Carles Garcia da. «Aitona-amona eta osaba-izebek erakutsitakotik egiten ditu bere kontakizunak; hori bai, gaur egunera ekartzen ditu istorioak», zehaztu du Carrerek. Portugaldarra da Luis Carnelo. «Fado bat kantatzen ariko balitz bezala kontatzen ditu ipuinak, lasaitasun handiz». Konturatzerako entzulea istorioan buru-belarri sartuta izango da.

Kontalari berrien eragile

Ikuskizunak egingo dituzten gainerakoak euskaldunak dira. Ahozkotasunaren munduan ezagunak dira batzuk: Korta, Carrere, Arrate Leunda —denboraldi bat ikuskizunik eman gabe egon da, berriz itzuliko da jaialdian—, Itziar Rekalde eta Amaia Arriaran, kasurako; beste batzuk, hasiberriagoak dira Itziar Aizpurua eta Pailaztana Klown taldea, esaterako. Jaialdiarekin, hain zuzen, ipuin kontalari gazteen eragile izatea ere helburu dutela esan du Gorostiagak: «Etorkizuneko kontalariak heztea gure esku dagoela badakigu, eta horretan saiatzen gara». Horri lotuta, ikastaroak ere antolatu dituzte. Jaialdiak iraun bitartean egingo dira, eta Luis Carmelo eta Itziar Rekalde ipuin kontalariek emango dituzte.

Aurten, bigarren aldiz, ahozko ipuinen lehiaketa ere egin dute. Hilaren 21ean Ordiziako Barrena Jauregian egingo den kontalarien galan aukeratuko dute irabazlea. Tolosako Topic aretoan ere egingo da kontalarien beste gala bat, hilaren 22an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.