Musika

Etapak itxi, eta indartuta atera

'Bizi berri baten gezurra' da Starblues taldearen disko berria. Inflexio puntu baten ostean sortutako lana da; «kolore askotako» bederatzi abestiz osatua.

(ID_13482681) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-01-10, Donostia. Starblues taldeak disko berria aurkeztu du
Starblues taldeko kideak, astezakenean, diskoa aurkeztu aurretik. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko urtarrilaren 25a
05:10
Entzun

Duela hamar urte pasatxo sortu zen Starblues taldea, taldekideek diotenez, «musikan bluesaren eta rockaren esentziak eta hitzetan euskararen edertasuna» batzeko asmoz. Urte horietan hainbat lan kaleratu ditu, taldearen izaera mamituz joateko asmoz. Bizi berri baten gezurra (Gaztelupeko Hotsak) da euren hirugarren eta azken diskoa.

Etapa itxiera baten ondoren sortutako diskoa da. Izan ere, 2022ko irailean, ordura arte Starblueseko bateria jotzailea zenak taldea uztea erabaki zuen, eta Unai Lopetegik hartu zuen haren lekua. «Guretzat inflexio puntu bat izan zen; batetik, kide berri bat genuelako, eta, bestetik, bi urteren ondoren, disko berri bat sortzeko grina izan genuelako», aipatu du Jon Barrerosek, taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak. Lopetegi taldearen parte egiteko gogoak eta ideia berriak lantzeko ilusioak bultzatu zituen kideak disko berria sortzera. Inflexio puntu horren fruitua «izugarria» izan dela gehitu du Barrerosek.

Lehen diskoan –Gu geu (2016)– blues klasikoa egiten saiatu ziren, baina bigarren diskorako apur bat «esperimentatzen» hasi ziren. Hitz gatibuak (2020) izan zen bigarren lan hori, eta latin eta swing estiloetara jo zuten abestietako batzuetan. Esperimentazio hori amaitutzat eman dute disko berriarekin. «Ez gara gidoitik askorik atera, baina desberdindu garela esango nuke», esan du abeslariak.

Hitzak nagusi

Barrerosek aitortu du taldearen hasierako urteetan garrantzi handiagoa ematen ziotela arlo musikalari. Doinu landuak sortzen zituzten, eta hitzak bigarren planoan geratzen ziren. «Jendeari hitzak gehiago iristen zaizkiola konturatu gara», aipatu du, eta lan berrirako garrantzi berezia eman nahi izan diete.

Diskoari izenburua eman dion abestia da Bizi berri baten gezurra; zerrendako lehena. Euren herrialdea utzi, eta bizitza hobe baten bila joaten diren migranteen auzia ekarri nahi du gogora. Pandemiaren osteko bizitzari, eta gaur egungo gizartean pairatzen den desinformazioari ere egiten dio erreferentzia.

«Ez gara gidoitik askorik atera, baina desberdindu garela esango nuke». JON BARREROS Musikaria

Erregistroa aldatu dute Arima librea eta Bakardadean kantetan. Barrerosen ama zendu zen, eta galera horren harira sortutako piezak dira biak. Aintzergako mugarriak da Barrerosek idatzi ez duen kantu bakarra. Yon Labaien teklatu jotzailearen hitzek landa eremuko bizitza irudikatu dute, aspaldiko blues soinuekin.

Zirkoa izan zen taldeak aurreratu zuen lehen kanta; haren bideoklipa kaleratzearekin batera. Kantarik «rockeroena» dela esan dute Starblueseko kideek. Gure Zirkuak Tolosan (Gipuzkoa) duen karpa finkoan filmatu zuten bideoklipa, zirkuko kide batzuk eta familiako kide batzuk lagun zituztela. Pandemia garaiko ezjakintasuna aipatzen du kantuak. Baina umorerako ere bada tartea diskoan, Patu petrala eta Paper madarikatuak! abestietan, hain zuzen.

Gaur-gaurkoz, etorkizuneko zuzenekoetarako datak lotzen ari dira. Haiek finkatu ahala sare sozialetan iragarriz joango direla esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.