Parisen bizitzen hamar urte daramatza Samba izeneko senegaldarrak. Hainbat lanetan aritzen da, eta osabarekin bizi da. Baina ez du han geratzeko baimen agiririk. Horrek Sambari, eta egoera berean dauden etorkinei, sorrarazten dizkien bizi-baldintza gogorrak salatzen ditu Samba filmak, Eric Toledano eta Olivier Nakache zinemagileek lehiaz kanpo aurkeztutako lanak. Film horrek itxi zuen atzoaurtengo Zinemaldia.
Aurreko pelikulan egin bezala, Omar Sy aktorea jarri dute protagonistaren rolean Intouchables filmaren egileek. Pasarte komikoak eta dramatikoak tartekatuko dira Sambak paperak lortzeko ibili beharko duen bide malkartsuan. Hari laguntzen saiatuko da Alice (Charlotte Gainsbourg); enpresa bateko goi zuzendaria da, baina burn out sindromeak jota, senda-agiria jaso bitarte etorkinen arretarako talde batean ariko da lanean. Hala ezagutuko dute elkar bi protagonistek, eta maitemindu egingo dira.
«Kostunbrismoa eta salaketa sozialaren arteko nahasketa» bat egin dute pelikulan, Toledanoren hitzetan, eta «umore asko» baliatu nahi izan dute, komediak «tabu diren gaiei heltzea eta arintasuna ematea ahalbidetzen baitu». Intouchables filmarekin lortu zuten arrakasta berriro lortzea «ezinezko» dela iritzita, zuzendariek presioa gainetik kendu dutela eta, azkenean, nahi zuten pelikula egin dutela azaldu dute. «Lanik gogorrenetan jarduten duten pertsona hauen bizimodua jorratu nahi genuen filmean».
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Etorkinen egoera salatuz itxi du 'Samba'-k jaialdia
Eric Toledanok eta Olivier Nakachek lehiaz kanpo aurkeztu dute pelikula.Salaketa soziala eta maitasun istorio bat nahastu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu