«Inoiz baino indartsuago»; hala daude ETS Arabako taldeko kideak. Hiru urte igaro dira azken diskoa kaleratu zutenetik —Guretzat, 2022—, eta lan berri bat dute orain esku artean: Konkista. Taldeko kideek ohar bidez azaldutakoaren arabera, diskoa kontrastez betetakoa da: «Bizitzaren irudikapen zintzoa da. Kaos emozionaletik sortutako diskoa da, barneko konkista baterantz aurrera egiteko ditugun orbainak ulertzen saiatzen dena». Halaber, lanean edonork bere «babeslekua» aurkituko duela ere adierazi dute. Eta entzunaldi kolektibo bat egiteko asmoa ere adierazi dute, Gasteizko Buesa Arenan, zehazki.
Abenduaren 5ean kaleratuko dute ofizialki diskoa, eta Durangoko Azokan egongo da eskuragarri. Hala ere, taldeak keinu bat egin nahi izan die bere komunitateko kideei, eta, hori dela eta, haientzako entzunaldi «esklusibo» bat antolatu du. Ekitaldia azaroaren 30ean izango da. Kantu bakoitzaren atzetik dauden istorio eta emozioak entzuleei helarazteko ekitaldia dela azaldu dute ETSko kideek. Bertan, kantuak entzuteaz gain, proiektuaren parte diren ikus-entzunezko edukiak ere erakutsiko dira lehen aldiz, eta publikoak ere parte hartzeko aukera ere izango du.
Sormen askatasuna
Gidatutako entzunaldiak edukiera mugatua izango du, eta «prezio sinbolikoa». Jada ETSko komunitateko kide direnek izango dute lehenik sarrerak eskuratzeko aukera. Bihar bertan izango dute erosteko aukera, 11:00etatik aurrera. Gainerako kideen txanda ostegunean izango da —11:00etatik aurrera hori ere—, esteka honetan.
Disko berrian taldeak nazioarteko ekoizleekin lan egiteko aukera izan duela iragarri dute, baina oraingoz ez dute izenik eman. Kontatu dutenez, sormen askatasuna eta heldutasun artistikoa islatu nahi izan dituzte lanean.