begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Etsi-etsian bilatu, poz-pozean aurkitu

2025eko ekainaren 27a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Bada zaleok merezi dugun beldurrezko, horrorezko, tentsiozko, akziozko, abenturazko filma. Non zonbiak azkarrak diren. Azkarrak bi beste hamaika, ziento bat, mila kontuz mintza gintezke. Esaterako, 28 years later filmari egin beharko genioke aitortza zentzuetan, fisikoan, adimenduari dagokion horretan nola. Non komunitatean bizirik (edo) irauten duten hilezin usteldu horien artean ere gizarte-mailak dauden. Badira gailurretan daudenak, bi hanketan bizkor ibil daitezkeenak, alfa ar ezin garaituzkoek gidatuak, giza haragiaz elikatzen direnak, kutsatu gabeko haurrez erditzen direnak; ehiztari kasik trebeak, gorputz —gorpu— nahiko lirainak dituztenak.  Eta badira arrastaka, lau hanketan dabiltzan itxura gabeko izakiak, zizareak jaten dituztenak, irla batean konfinaturik dauden humanoek erraz asko ehizatzen dituztenak.

Mintza gintezke bai 28 years later filmaz Ralph Fiennesek gorpuzten duen pertsonaiak Iñaki Ibañezek euskarara ekarritako Joseph Conraden Ilunpeen Bihotzean liburu sekulakoa gogorrarazten baitigu. Coppolaren Apocalypse Now berdingabean Marlon Brandoren Kurtz koronelaren arrastoak, arrasto sendo eta zirraragarriak, baitira Kalston doktore horrengan, zeina bizidunez eta hildakoez arduratzen baita, zeinak hildako horien oroimenez (Memento moris, memento amoris) tumulu ikaragarriak bezain ederrak altxatzen baititu.

Berba hitz egin genezake luze Danny Boyleren filmaz, Alex Garlanden gidoia duenaz. Bai kamerak bai berbek urrikalmendurik gabe islatzen dute apokalipsiaren ondoren bizirauleek sortutako gizartea, bertan erreproduzitzen baitira aspaldi ez hain zaharreko gure munduaren aje guztiak.

Arrasto ezti-gordina uzten dizu pelikulak. Horrexegatik barkatzen diozu bukaera jartzen dion irudi eta hitz sorta iraingarria, Jackie Chanen filmik txarrenetik ateratakoak diruditen horiek, Young Fathers musika taldearen azken akordeak, eskerrak zuei Alloysious, Kayus eta Graham, estaltzen duten horiek.

Garai haiek pelikula haiek eragin zituzten, garai hauetako filmek ez dute zertan salbatu beharrik

Egin genezake hitz hegoaldean, Santiago Seguraren azkena pantaila txiki-ertain handi guztietara iritsi arte, gure aretoetan izan den Vírgenes komedia arloteaz. Saiatzen da autorea joandako españolada haiek gaurko begiez begiratzen eta umorez ondratzen. Alferrik. Oso. Emaitza pelikula ziztrin haiek baino askoz traketsagoa den zeluloidezko puska dugu, ezinezkoa baita iraganeko ezer salbatzea gaurko diskurtso onbera eta ortodoxoen bitartez. Garai haiek pelikula haiek eragin zituzten, garai hauetako filmek ez dute zertan salbatu beharrik.

Gauza pila ekar genezake lerro hauetara, baina nik aipatu nahi dut Donostiako Tabakaleran asteazkenean lau emakume punta-puntakori eginiko omenaldia.

1985eko Desperately Seeking Susan filmaren bitartez, urte hartan Kalakan taldea ezagutuko zuela ez zekien Madonna, David Cronenbergen Crash-en parte hartuko zuenik imajinatzen ere ez zuen Rosanne Arquette, Pariseko Cinemathequek pasa den martxoan atzerabegirako bat eskainiko ziola amesten ez zuen Susan Seidelman zuzendaria, eta Chantal Ackermanen Golden Eigthies filmaren idazketan ibiliko zenik pentsatzen ez zuen Leora Barish gidoigilea omendu genituen sutsu eta gozo. Rock around New York. Rock around gaua. Rock around galdutako ametsak. Rock around zinemaz.

(ID_17508463958915) 28 years later
28 years later filmaren irudi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.