Etxe barneko bortizkeriak izendatzeko tresna

Dom Campistronek 'Etxean' ipuin liburua argitaratu du Haran Ubel elkartearekin. Haurrendako da, eta bertan hiru ahizparen etxe barneko bortizkeria kasuak kontatu ditu. 'Drag' emanaldi bat eginez presentatuko du obra.

Dom Campistron, bere liburua eskuetan, Baigorrin, urriaren 28an. GUILLAUME FAUVEAU
Dom Campistron, bere liburua eskuetan, Baigorrin, urriaren 28an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru ahizpa Nafarroako etxe batean bizi dira. Ama eritu ondoan hil zaie, eta, harrezkeroztik, etxeko zakurra otso bihurtu da. Hiru ahizpei zaila zaie harekin bizitzea, eta hala edo nola bakoitzak bere aldian otsoa ehizatu eta beldurrarazi nahiko du, baina etxeko gela guzietan furkatu da. Gau batez sekula baino gehiago kexatuko da, eta hiru ahizpak etxetik kanporatuko ditu.

Etxe barneko bortizkeriak ditu hizpide Dom Campistronek (Aldude, Nafarroa Beherea, 1994) atera berri duen Etxean ipuin liburuan. COVID-19aren ondotik, Me Too mugimenduak akuilatuta intzestu kasuak salatzen hasi zirenean, Campistron etxeko bortizkeriaren gaia lantzen hasi zen. Haurrek emazteek jasaten dituzten bortizkeria berdintsuak jasaten dituztela kontatu du, eta haurrek bortizkeriak izendatzeko tresna pedagogikotzat jo du bere azken obra. «Haurrei pertsonaia batzuk identifikatzeko parada eman nahi diet, bizi dutena identifika dezaten».

Etxeko bortizkeria ez da gai berria, baina oraino tabu da etxe barneko arazoak kanpora ateratzea eta salatzea. Alta, bortizkeria kasu gehienak eremu intimoan edo hurbilean gertatzen dira, eta «sobera denbora luzean» sinetsarazi zaio jendeari erasotzailea etxetik kanpoko elementu bat zela. «Erasotzailea gure eremu intimoetarik at kokatzen dela, pertsona ezezaguna dela eta anitzetan atzerritarra dela sinetsarazi digute, baina ez da hala: azken urteetako ikerketek lanjera nagusiki etxean, eskolan eta eremu intimoetan kokatzen dute».

«Erasotzailea gure eremu intimoetarik at kokatzen dela, pertsona ezezaguna dela eta anitzetan atzerritarra dela sinetsarazi digute, baina ez da hala: azken urteetako ikerketek lanjera nagusiki etxean, eskolan eta eremu intimoetan kokatzen dute»

DOM CAMPISTRON Marrazkilaria

Gizarte patriarkalak haur denboran saltzen duen etxe barneko irudi «ona eta perfektua» deseraiki behar dela nabarmendu du. Errate baterako, patriarkatuak saldu ilusioan etxea babesgune gisa definitzen da, baita kide guziak «onak» direla eta etxean nehor ezin dela «gaiztoa» izan ere. Gainera, pertsona queer-entzat oraino «gezur handiagoa» da patriarkatuak eraiki etxe barneko ideala, LGTBIQ+ izatearen onarpen falta edo izate horren kontrako erasoak handik jiten baitira «lehen-lehenik».

Tonu autobiografikoa

Ttipitan, bakoitzak pentsa dezake bere etxe propioan direla arazoak gertatzen eta bortizkeria kasuak izaten. Neurri batean Dom, Mari eta Aelek ipuineko hiru protagonisten istorio bera bizi izan dutela erran du. «Amaren heriotza biziki goiz ezagutu dugu, eta etxe izugarri triste batean bizi ginen. Gainera, pentsatzen genuen gure kasua zela bakarrik, eta lagunen etxean ezin zitekeela horrelakorik gertatu».

Dom Campistronen 'Etxean' liburuko pasarte bat. GUILLAUME FAUVEAU
Dom Campistronen 'Etxean' liburuko pasarte bat. GUILLAUME FAUVEAU

Bertzalde, haurtzaroko etxeko bortizkeria berriz erreproduzitzeko joera ere ikusi izan du bere inguruan, eta horrek inspiratu du liburua egiteko. Jarrera bortitzek oinarri bat dute, etxean giro bortitza den seinale izan daitekeena. Horiek ez badira geldiarazten, hurrengo belaunaldietara transmititu daitezke. Sistema patriarkalaren isla diren bortizkeria guziak aldatzeko —nahiz eta ttipiak izan—, hezkuntza baino tresna hoberik ez du ikusten. «Patriarkatuak inposatu gizarte sexista, homofobo eta arrazista batean bizi gara. Haurrek dute osatuko biharko gizartea; beraz, gauzak aldatzeko tresna bat entseatu naiz ematen, nahiz eta ez izan irakasle ez eta psikologoa ere».

Testura koloretsua

Haran Ubel elkarte feministarekin eman du argitara ipuin liburua, eta risografia teknika baliatu du obra inprimatzeko. Teknika hori 1980ko hamarkadan asmatu zuten Japonian, eta Europan azkenaldian modan da. Mari bere ahizpa gehienarekin plantan eman du risografia bidezko inprimatzea. Fotokopiagailu bat bezalako makina batean orriak sartu eta inprimatu ditu lehenik. Ondotik, orriak moztu eta eskuz lotu ditu, bakoitzaren baturak liburu koloretsu bat osa dezan. Orotara bortzehun ale atera ditu, eta dena eskuz egin izanak justifikatzen du hain ale guti izatea. «Liburuari testura berezia eman dio risografiak. Baliatu ditugun tintak ez dira toxikoak eta banaka inprimatu eta eskuz lotu ditugu: horregatik egin ditugu hain guti». Inprimatzea lan handia izan da, baina «kontent» da argitaletxerik gabe liburua egin ahal izanaz. «Ene bi ahizpekin nahi nuen kolaboratu, eta helburua bete dut, argitaletxerik gabe».

«Gai latz bat presentatzeko formatu egokia iruditu zaigu, intimitate bat sortu nahi baitugu haurrekin, eta giro bat sortu liburuari tiraka, gorputzen onarpenerako diskurtso oso bat transmititu nahiz»

DOM CAMPISTRON Marrazkilaria

Marirekin inprimatu du liburua, eta Aelekin presentatuko du hemendik aitzina. Argi du ez dutela ohiko liburu aurkezpenik egin nahi. Kontakizuna eta obra ahalik eta hobekien gorpuzteko, haurrendako drag emanaldiak eginen dituzte. Altxalili kabaretean parte hartzen dute biek, eta haurrei zuzendu drag emanaldirik ez zegoela ikusirik, liburuaren mezua haurrei helarazteko baliatuko dituzte ikusgarriak. «Gai latz bat presentatzeko formatu egokia iruditu zaigu, intimitate bat sortu nahi baitugu haurrekin, eta giro bat sortu liburuari tiraka, gorputzen onarpenerako diskurtso oso bat transmititu nahiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.