Literatura

Olatz Mitxelena: «Etxean ere ekaitzak sortzen dira»

Etxeak eta etxeen bueltan sor daitezkeen deserosotasunak izan ditu hizpide 'Etxe arrotz hau' ipuin bilduman. Hamar narrazioz osatu du, eta gizakien eta haien arteko harremanetan sakondu nahi izan du.

Olatz Mitxelena 'Etxe arrotz hau' liburuaren aurkezpenean, maiatzean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Olatz Mitxelena 'Etxe arrotz hau' liburuaren aurkezpenean, maiatzean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
2026ko irailaren 15a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeak. Lau hormakoak, eta hormarik gabekoak. Norberarenak, eta, norberarenak ez izan arren, halakotzat sentitzen direnak; edota, norberarenak izanik ere, arrotz sentitzen direnak. Etxeak dira protagonista —eta protagonistak dira etxe— Olatz Mitxelena Larretaren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989) azken lanean: Etxe arrotz hau (Susa). Idazleak maiatzean argitaratu zuen hamar ipuinez osatutako bilduma, eta etxeak erabili ditu pertsonetan eta pertsonen arteko harremanetan sakontzeko. Kanpotik ederrak izan baitaitezke guztiak, baina arrotz egiten dituen ezer ere eduki baitezakete atearen bestaldean gordeta.

Nola izan daitezke bateragarriak itxuraz kontrakoak diren bi kontzeptu?

Kontrajartze hori bilatu dut, hain justu. Gertukoa den egoera bat, berez erosoa edo samurra behar lukeena, baina, horregatik ere, gertukoa delako, batzuetan mingarria zaiguna, edo deserosoa, edo desatsegina. Horixe zen bilatu nahi nuen sentsazioa. Eta esango nuke hein batean dela iruditzen zaidalako bizitza gazi-gozo ibiltzen dela inoiz. Etxea esanda, akaso, lasaitasuna, gertukoa... dira lehendabizi etortzen zaizkigun hitzak, baina lasaitasun horietan ere ekaitzak sortzen dira, eta ez da ezer txarra. Horixe da, uste dut, bizitza. Ideia hori da oinarrian dabilena, eta ipuinetan han eta hemen ateratzen zaidana.

Aipatu duzu etxeak samurra behar lukeela izan. Zer ulertzen duzu etxe gisa, eta zer arrotz gisa?

Etxe gisa, batetik, etxe fisikoa, eta hori ipuinetan agertzea nahi nuen; ez espazio huts edo dekoratu bezala, baizik eta nortasun pixka bat zuen zerbait bezala; pertsonaien eta etxeen artean halako jarraitutasun bat agertzea nahi nuen. Hori batetik. Baina, bestetik, [ipuin] batzuetan ez dute presentzia handirik, eta, ondorioz, etxea dira gertuko harremanak ere. Esango nuke etxea norbera ere badela, gizakia eta gizakiaren bueltako harremanak.

Eta, arroztasunari lotuta, deserosotasuna da askotan ateratzen zaidan kontzeptua; erabat gustura ez egotea, lekuz kanpo sentitzea. Sinonimotzat hartuko nuke.

«Artea —niretzat literatura— deserosotasun horiek hitzetan jartzeko leku bat da, modua ematen duena geure burua ulertu dezagun eta ez gaitezen hain munstro edo hain arrotz sentitu horrelako egoera baten aurrean gaudenean»

Ipuin guztietan agertzen da arroztasun hori, lekuz kanpo sentitze hori. Zer egiten zaizu eroso deserosotasunean?

Ez dakit eroso egiten zaidan; interesgarri bai. Irakurle bezala ere interesgarria egiten zait deserosotasuna bilatzea. Ez zaizkit gustatzen istorio errazak, bizitza idilikoak, arrosak, ereduzkoak aurkezten dituztenak. Problemak gustatzen zaizkit, interesgarriak direlako. Bizitzan problemak heltzen zaizkigu, lehenago edo beranduago, intentsitate handiagoan edo txikiagoan. Uste dut horretaz hitz egin behar dela, pixka bat naturalizatu. Eta deserosotasun horiek hitzetan jartzeko leku bat da artea —niretzat literatura—, modua ematen duena gure burua ulertu dezagun eta ez gaitezen hain munstro sentitu horrelako egoera baten aurrean gaudenean.

Norbere etxea, norbere normaltasuna arrotz gerta daiteke beste norbaiten begietatik. Norvegia ipuinean, adibidez, oso garbi ikusten da hori.

Norvegia aipatu duzu eta, bai, hala da, baina etortzen zait beste ipuin bat ere, Termitak. Ipuin horretan, ideia nagusietako bat zen ikuspuntuen kontua. Alegia, norberak nola ikusten duen eta nola bizitzen duen mundua, eta nola batzuetan munduarekiko sortzen dugun diskurtso batek eramaten gaituen mundua edo bizitza modu batean edo bestean ikustera. Nola gauza beraren aurrean ezberdin jokatzen dugun, ezberdin ikusten dugun, ezberdin ulertzen dugun eta ezberdin kontatzen dugun. Termitak ipuinean, adibidez, pertsonaia batek dena katastrofiko ikusten du. Eta Norvegia ipuinean ere badago talka bat: bat-batean pertsonaia batek gauza bat ikusten du, eta beste batek beste bat. Hori ere interesatzen zait, ikuspuntuen kontu hori.

Ipuin bakoitzaren atzean bigarren esanahiak, metaforak eta sinboloak daude. Hasieratik garbi zenuen zer eta nola kontatu nahi zenuen?

Bai eta ez, eta gehiago ezetz esango nuke, baina zerbait bai. Azalduko dut: nik ez dut sentitzen mezu bat esan edo kontatu nahi dudanik, eta ez dut izaten ideia zehatz bat. Gehiago esango nuke inpresio baten bila aritzen naizela; inpresioak, emozioak... Horiek halako oinarri bat ematen didate, baina ez dut hori konkretuki esaten. Akaso horregatik dago, esaten den horretaz aparte, beste zerbait ere. Nik buruan izaten ditut sentsazio batzuk, eta irakurleak horiek ulertu ditzake, edo beste batzuk. Iruditzen zait hori aberatsa dela: istorio batek beste hari batzuk ere gordetzea, irakurleak bere istorio propioa sortzea.

«Irakurle bezala gustatu egiten zaizkit bukaera ireki horiek; galdera ikur handi bat gelditzea, eta esatea: 'Orain zer?'»

Ipuinen amaiera denak nahiko airean gelditzen dira. Helbururen batekin egin duzu?

Irakurle bezala gustatu egiten zaizkit bukaera ireki horiek; galdera ikur handi bat gelditzea, eta esatea: «Orain zer?». Eta idazteko ez dakit kosta egiten zaidan edo nagia ematen didan bukaera itxi bat aurkezteak. Hein batean atera egiten zait, eta joera dut horietara jotzeko.

Pentsatu izan dut ipuin hauek argazki modura ere har daitezkeela, bizitza luzeago baten zati baten modura: zu puntu batean hasten zara kontatzen, eta beste puntu batean kontatzeari uzten diozu, baina hori ez da ez hasiera bat, ez eta bukaera bat ere. Hari luzeago baten zatitxo bat da hor erakusten dena; koherenteagoa iruditzen zait itxi gabe uztea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA