Zinema

Etxekoak ere migrante, migranteak ere etxeko

Jon Santamariak zuzendutako 'Etxekoak' dokumentala larunbatean proiektatuko dute Viktoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Migrazioa eta gazteria ditu ardatz, eta Gipuzkoan bizi diren bost familiaren kasuak kontatzen ditu.

'Etxekoak' filmaren aurkezpena, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Etxekoak' filmaren aurkezpena, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko apirilaren 23a
15:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Etxean» ekoitzitako film bat emango du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak, larunbatean: Etxekoak. Migrazioa, identitatea eta gazteria ardatz dituen dokumental bat da. Zehazki, Gipuzkoan jaio edo hezi diren «bigarren belaunaldiko» gazteen bizipenetan oinarritzen da, eta hainbat protagonista dira: Omaimaael Youssfi eta Imane Chacha, Daniela Bustos, Marta Lopes eta haren familia, Juan Dorje eta Lourdes Lagos Velasquez. Jon Santamaria donostiarrak zuzendu du, eta estreinakoz egongo da ikusgai Viktoria Eugenia antzokian, 12:00etan. Amaieran solasaldia izango da filma egin duten taldekideekin eta bertan parte hartu dutenekin; dena den, bukatu dira ekitaldi horretarako gonbidapenak. Gaur aurkeztu dute filma, eta aurkezpenean izan da Daniela Bustos, protagonistetako bat.

«Askotan, kostatu egiten da guztiz bertakotzea, norberaren bereizgarriengatik edo dena delakoagatik. Beti duzu desberdina den zerbait», kontatu du Bustosek. Haurra zenean iritsi zen Kolonbiatik Euskal Herrira, eta gurasoekin batera agertzen da dokumentalean. Besteak beste, Bustos haurra zeneko garaiak dituzte gogoan hiruren arteko solasaldian: eskolako kontuei buruz edo euskarazko marrazki bizidunei buruz dihardute janaria prestatu bitartean. Beste protagonisten artean daude Lopes eta haren familia —80ko hamarkadan Cabo Verdetik etorritakoak—, eta Dorje, migratzaile tibetar baten semea. Solasean ageri dira jatorri marokoarreko Youssfi eta Chacha donostiar gazteak ere: argibideak ematen dituzte halal janariari buruz, burkini-ari buruz eta txerria jateari buruz, besteak beste. Baina zehatz-mehatz ematen du Youssfik argibiderik zuzenena: «Errespetuz, denok bizi gaitezke elkarrekin».

Lagos Velasquezi nongoa den galdetzen diotenean, bertakoa dela dio: «Ez al duzu ikusten?», erantzungo lioke galdera hori egiten dion bakoitzari. Baina azal iluna du, eta ahaztu egiten zaio bereizgarri horrek, batzuentzat, kanpotar egiten duela: «Ahaztu egiten zait ez naizela bertakoa». Haren ama Hondurastik etorri zen, orain hogei urte, eta, zorte handia izan duela nabarmentzen duen arren, dokumentalean halaxe dio berak ere: «Hemen ez naiz bertakoa, baina hara itzultzean han ere ez naute bertakotzat hartzen».

Unitate didaktiko bat

Zaragueta Zulaika fundazioari eginiko «enkargu» batetik abiatu da filma. «Behar jakin batetik sortu zen», azaldu du Ion Gambrak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak. «Gizartearen erronkei, arazoei eta errealitate berriei aurre egiten saiatzen gara, hausnarketak eginez eta partekatuz. Testuinguru horretan, etengabe dugu presente dokumentalean azaltzen den gaia: gazte eta nerabe etorri berrien identitatearen eraikuntza, bai eta bigarren belaunaldiena ere».

Hortaz, Aldundiaren eta Zaragueta Zulaika fundazioaren aliantzatik sortu da Santamariaren filma, eta «baliabide pedagogiko» bat izatea du helburu; Gambrak azaldu duenez, dokumentala ikastetxeetara eraman nahi baitute, «elkarrizketarako aukerak» sor daitezen. Unitate didaktiko bat osatuko dute gero, migrazioaren gaia nola landu zehaztuko duena. Hain zuzen, Gambrak ezinbestekotzat du errealitate berriak kudeatzeko baliabideak sortzea: «Askotarikoa da Gipuzkoako gizartea, eta are askotarikoagoa izango da aurrerantzean».

Filmak hezkuntzarako tresna izan behar zuenez, Santamariak eztabaidarako iturri ere izatea nahi zuen. Baina nola egin «aspergarria» izan ez zedin? Zera pentsatu zuten: «Ez dugu protagonistek kamerari hitz egiten dioten beste dokumental bat egingo». Etxekoak dokumentalean, protagonistek elkarren artean hitz egiten dute, alegia, kamerarik ez balego bezala. Hori ere «nahiko tipikoa» dela dio Santamariak, baina, behintzat, protagonistak eroso egon zitezen saiatu direla, kamera aurrean ere «haien gertukoekin hitz egiten ariko balira bezala» sentitzeko. Horren adibide da Youssfiren eta Chacharen elkarrizketa: elkarri lagunarteko hizkeran egiten baitiote, kamerak aurrean izan edo ez.

Egitarau oparoa

Beste film bat ere aurkeztu du gaur Giza Eskubideen Zinemaldiak: Aldapa/La cuesta. Donostiako Altza auzoan kokatzen da, eta adineko emakumeen bizipenak kontatzen ditu. Bakardadea, zaintza, heriotza, migratzea... Askotarikoak dira filmaren protagonistek igo behar izan dituzten aldapak; hala, kontakizun horien bidez, filmean «duintasunari buruzko erretratu» bat egin nahi izan dute. Mafalda Saloiok eta Sergio Harok zuzendu dute, eta gaztelaniaz da.

Asteartean emango dute, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Emanaldi horren ondoren ere solasaldia egongo da zuzendariekin eta filmeko parte hartzaileekin, baina amaitu dira gonbidapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA