Etxepare Landerretxe hil zela 50 urte izango dira bihar

'Mendekoste gereziak eta beste' ipuin liburua eta 'Iturraldea' nobela idatzi zituen Jatsun 1937an jaiotako egileak

Juan Luis Zabala
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Bihar, Orixeren heriotzaren 50. urteurrenaren biharamunean, 50 urte izango dira Jean Etxepare Landerretxe idazlea hil zenetik, Mendekoste gereziak eta beste ipuin liburuaren eta Iturraldea nobelaren egilea. Oso gazterik hil zen Etxepare Landerretxe, 24 urte bete baino lehen. 1937ko urriaren 31n jaioa zen, Jatsun (Nafarroa Beherea). Etxepare gaztea ezizenez ere deitu ohi zaio, Jean Etxepare Bidegorri Etxepare medikua-rekin nahastua ez izateko.

Gazte eta Herria aldizkarietan eman zituen argitara lehendabiziko lanak, eta oso gazterik Euskal Kulturaren Alde ipuin lehiaketa irabazi zuen. Piarres Xarritonek bultzatuta argitaratu zuen bizi zelarik argitaratu zuen liburu bakarra, Mendekoste gereziak eta beste (Goiztiri, 1963), ipuinez osatua.

Etxepareren ipuingintza Inazio Mujika Iraolak jarri zuen berriro plazan, 1991n, liburu hura berrargitaratuz, Erein argitaletxearen eskutik. Argitalpen hura funtsezko bultzada izan zen Etxepare Landerretxeren obraren zabalkundean.

Mendekoste gereziak eta beste-ko ipuinetan Etxepare Landerretxek «Euskaldun/Fededun binomio fatidikoa» «hausten edo hautsia» sumatzen du, Itxaro Bordak Argia aldizkarian 1991n egindako kritikan azaldu zuenez. «Jean Etxepare gazteak orrialdez orrialde erakusten digu Iparraldeak 1950eko hamarkadan jasan dituen funtsezko jendarte aldaketa sailak».

Gerora jakin zenez, Etxeparek nobela bat ere bazuen idatzia hil aurretik: Iturraldea. Pako Sudupe ikerlariak aurkitu zuen eskuizkribua Euskaltzaindiaren Baionako egoitzako apal batean. Testu harekin Euskaltzaindiak antolatutako eleberri lehiaketan bigarren saria zuen eskuratua Etxeparek, 1958an. Euskaltzaleen Biltzarrak argitaratu zuen nobela, 2009an, ortografia gaurkoturik, Piarres Aintziartek, Etienne Etxetok eta Jean-Claude Iribarrenek apailatu zuten liburuaren argitalpena.

Iturraldea eleberrian hiria herrietako giroa suntsitzen eta desagerrarazten ikustearen inguruko kezka islatu zuen. Poemak ere tartekatu zituen testuan, Paul Verlaine eta Arthur Rimbaudenak besteak beste, berak egindako itzulpenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.