Itxialdi garaian, bakoitzak ireki behar izan ditu bide berriak aurrera egiteko. Imajinazioari tiraka, hainbat formatu berri sortu dituzte egunotan Interneten —BERRIA Aretoa, besteak beste—. Bertsolariek plazan lan egiten duten arren, ez dute plazara ateratzerik alerta egoeran. Horregatik, nor bere etxean arituko da kantuan, ordenagailuaren aurrean, eta entzuleek modu berean adituko dute haien jarduna.
Banda zabalean, bost aldeko konexioa ezarriko dute: Unai Elizasu ariko da gai jartzaile, eta Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Julio Soto eta Jone Uria, berriz, kantuan. Saioa 19:00etan hasiko dute meet.jit.si/bertsosaioa helbidean.
Jitsi bideo deietarako kode irekiko aplikazio bat da, gero eta ohikoagoa azken egunetan, sistema eragile nagusietarako webgune plataformak dituelako; hau da, ez dago programarik jaitsi beharrik bideokonferentzia egiteko. Sakelakoan, ordea, aplikazioa deskargatu beharra dago.