Etxolako ilunpetik, eguzkiaren argitara

Estudioko bosgarren lan luzea eman du argitara Bon Iver musikariak urte hasieran: ‘Sable, fable’. Bere hasierako introspekzioa gogoan hartu arren, pop argitsura egin du jauzi.

Bon Iver, promoziorako erabilitako argazki batean.
Bon Iver, promoziorako erabilitako argazki batean.
Inigo Astiz
2025eko ekainaren 8a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Justin Vernon musikariak falsetto ahots hauskorrarekin, doinu malenkoniatsu eta konponketa ezin xumeagoekin egin zuen bere lehen agerraldia musikagintzan 2007an, Bon Iver izenpean sinatutako For Emma, Forever Ago diskoaren bidez, eta, paradoxikoki, sendo zabaldu ziren hartxintxar hark sortutako uhinak musika independentearen ozeano osoaren ertz guztietara. Gero egin asmo zuen diskorako demo modura grabatu zuen musikariak lan hura Wisconsineko basoetako ehiztarientzako etxola umil batean, baina bere horretan kaleratu, eta lanak zirrara eragin zuen berehala. Baina hasierako goxotasun horretan bertan goxo egin ordez, soinu bortitzago, distortsionatuago eta digitalagoekin esperimentatzeko gai zela ere erakutsi zuen 2016an kaleratutako 22, A Million diskoan, eta ildo horretan sakondu zuen 2019ko I,i lanean. Eta, horregatik, estudioko lan luzerik argitaratu gabe emandako sei urteren ondoren, kantua ulertzeko modu konbentzionalagoetara egindako itzulera bidaia moduko bat irudikatzen du aurtengo otsailean kaleratutako Sable, fable disko bikoitzak.

Hamabi segundoko garapen musikalik gabeko txistu harmoniatsu batek abiatzen du diskoa, baina, berehala, hasierako kanten espiritua igar daiteke gero, lehen diskoan bildutako ondorengo kantetan. Things Behind Things Behind Things izenekoarekin hasi, Speyside biluziarekin jarraitu eta Awards Season abestiarekin amaitzen da. Baina horraino hasierako Bon Iverren hotsak.

Lehenik, Sable izenarekin bere kasa eman zituen argitara lau kantak musikariak; haren hitzetan, bere laburrean, osotasun moduko bat ere badutelako horrela. Baina Fable izeneko hamar kantako diskoarekin osatu zuen proposamen osoa gero.

Lehen disko labur hori «iraganari eskainitako begirada bat» dela esan du Vernonek diskoa aurkezteko emandako elkarrizketetan. «Azken hamabost edo hamasei urteetan etxola batean harrapatuta egon den Bon Iver izeneko tipo horren nortasunaren enkapsulazio moduko bat da. Eta Fable-k, berriz, azken bi urteetan egin dudan trantsizioa erakusten du; neure burua topatu dudalako eta neure presentzia eta poza eta denbora, nire bizitza eta nire bidea. Eta Fable, azken batean, eguzkia atera, eta gauzak, norabidea, eta, orokorrean, dena aldatzen denean gertatzen denaz ari da».

Beltzetik fabulara

Vernonen hitzetan, itzaletik argirako bide moduko bat proposatzen du disko bikoitzak, hortaz. Eta diskoetako bakoitzaren tituluek ere ematen dute horren berri. Izan ere, heraldikan beltz kolorea izendatzeko erabiltzen den hitza da sable, eta fabula edo alegia esan nahi du bigarren diskoaren izenburuko fable horrek. Eta baikortasun hori are gehiago indartzeko, gainera, lehen hizkia minuskulaz utziz, ondoren datorren able hitza nabarmentzen du Vernonek, bigarren diskoaren tituluan. Lehen hizkia kenduta, euskarazko gai litzatekeena azaleratuta, alegia.

Eta musikalki ere lehen entzunalditik igar daiteke aldaketa hori diskoan. Pop kutsu gardenagoko kantak entzuten dira, nahiz eta lan esperimentalagoetan landutako keinu elektronikoak ere baliatzen dituen kantak borobiltzeko. Soul ukituak ere igar daitezke, eta, tarteka, baita musikariak irudikatu nahi izan duen argitasun hori nabarmentzen duen funk tanta xumeren bat ere. Eta iragarritako zerbait ere izan zitekeen aldaketa hori. Aurreko urteetan, hala nola Taylor Swift eta Charli XCX musikariekin egin baititu kolaborazioak Vernonek, eta, akaso, keinu horiek ere ematen zuten, nolabait, azken diskoarekin bide argitsuagoetara egindako biraren berri.

Musikan egindako kanporako bide bera egiten saiatu da hitzetan ere. Hala azaldu zion The Guardian egunkariari, behintzat. «Pozik eta ongi senti zitezen bakarrik nahi nuen. Sexuari buruzko kantu bat nahi nuen, eta mugitzea izan zedila hura entzuteko modu bakarra, barnerantz begira jarri beharrik gabe». Baina ez da berehalakoa izan aldaketa hori. Antsietate arazoak izan zituela aitortu zuen musikariak elkarrizketa horretan, eta Europan bira bat bertan behera utzi behar izan zuela ere onartu zion kazetariari.

Jim E-Stack ekoizlea izan du laguntzaile Vernonek diskoa lantzeko, eta hainbat musikari ere gonbidatu ditu kantetan kolaboratzera. Dijon eta Flock of Dimes batu zaizkio Day One abestian, Daniell Haimen ahotsa da I’ll Be There eta If Only I Could Wait kantetan entzuten dena, eta Kacy Hill eta Jacob Collier abeslariek ere lagundu dute diskoa borobiltzen. Baina, orokorrean, kritika espezializatuak epeltasun puntu batekin hartu du Vernonen proposamena. Eta diskoaren lorpen guztiak eta musikariaren ibilbide osoa laudatuta ere, sentsazio horixe adierazi zuen Ihintza Orbegozok BERRIAn diskoari idatzitako kritikan: «Ez da agian bere diskorik onena izango, baina merezi du hala ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.