Katuajeak

Euria (eta II)

Lorea Agirre.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Horixe ba, Lourdes Auzmendik dio euskarazko 82 hedabide gehiegi direla. «82 hedabide beharrezko dira Euskal Herrian euskararen normalizazioan aurrera egiteko?», galdetu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako sailburuordeak.

Erantzun topiko bat, ados, baina ahoko zuloan jartzen digutena: zenbat errepide gehiago behar ditugu, zenbat abiadura handiko tren, zenbat asfalto? Zerbaitetan normalizatzen ote gaitu horrek guztiak? Herriago egiten, gizarte osasuntsuagoa eraikitzen laguntzen ote du porlan zaparrada guzti horrek?

82, EAEn. Berrehundik gora dira berez Euskal Herri osoan. Sarean dabiltzanak, herri txikietan argitaratzen direnak, urteroko maiztasun dutenak... eta hala ere, ezin esparru guztiak bete: erran nahi baita ez dagoela gurasoentzako aldizkaririk, ez nerabeentzakorik, ez kirolaren gainekorik, ez maskoten zaintzen ingurukorik, ez arrantzari buruzkorik, ez esoterismoa gaitzat dutenik, ez dekoraziozkorik, ez zinemaren ingurukorik, ez umorezkorik... Zer dakit! Kioskora joan eta ikusi zenbat aldizkari mota egin daitezkeen eta zenbat irakurle mota berezi dagoen. Hori bai, denak erdaldunak dira. Horiek guztiak ere behar ote ditugu euskaraz? Batzuk agian bai. Orain daudenak baino gutxiago ziur ezetz.

82 horiek denak, EAEkoak dira. Eta guztiak ez-publikoak dira, baina zerbitzu publiko itzela egiten dutenak, informatze hutsarekin, besterik egin gabe ere, hizkuntza normalizatzen eta hedatzen dutelako. EAEkoak, eta diruz lagunduak, noski (hortik gehiegi izatearen kezka, ziurrenik). Ez Iparraldekoak eta Nafarroakoak bezala. Ez ez lagunduak bakarrik, ukatuak eta itoak baizik. Noski, hori kultur politika argi baten xede da. Nafarroako Gobernuak ez du euskarazko euririk nahi, eta guztiz koherente jokatzen du. 82 horiek diruz lagunduak dira, baina hala ere egoera itogarrian bizirauten dute.

Diruz lagunduak esan dugu, EAEkoak, behintzat. Eusko Jaurlaritzak aurten 7 milioi euro banatuko ditu 82 horien artean, Abiadura Handiko Trenaren bidearen 250 metro egiteko adina. EITBko lau telebista eta lau irrati publikoen artean berriz 173 milioi, gazteleraz direnetan bereziki, trenbide berriko sei kilometro pasatxo egiteko behar dena. EITBren sortze estatutuetako euskara eta euskal kultura bultzatzeko xedea utziko didazu aipatzen bederen. Eta galdera bat botatzen: zortzi hedabide publiko horiek beharrezko dira Euskal Herrian euskararen normalizazioan aurrera egiteko? Zehatzago: gaztelerazko irrati eta telebista publikoak beharrezko dira Euskal Herrian euskararen normalizazioan aurrera egiteko? Ah, sortze estatutuak aspaldikoak direla. Gaztelerazkoek ez dutela euskararen normalkuntza helburu berariaz bederen. Ulertzen da: erdararen normalkuntza dute helburu orduan.

Halaxe da: Euskal Herrian, hego eta ipar, benetan finantziatzen eta bultzatzen diren hedabideak bi erdaratakoak dira. Diruak horretara doaz. Zuzenean publikoak direnetara, eta zeharka publizitatea dela medio pribatuetara. Egunkariek, esaterako, finantziazio bide nagusia publizitatea dute, iragarkiak, eta bereziki erakunde publikoek jartzen dituztenak, legez behartuta jarri ere gazteleraz edo frantsesez gehien saltzen duten hedabideetan. Eta euskaraz gehien saltzen dutenekin zer? Euskal irakurleek izango dute ba erakunde publikoen iragarkien berri izateko eskubidea?

Hori bai dela erderen normalkuntza politika bat. Erdaragintzaren hedabide pribatu nagusienak EAEn bi egunkari dira, probintzial, eskumako, espainiar zale eta asko jota euskara toleratzeko prest daudenak. Eta bi horiek dira publizitate instituzional gehien jasotzen dutenak. Asuntoaren beste ertz zaurgarri bat: salduenak dira. Prentsa irakurle euskaldun, euskaltzale eta abertzale (hiru definizioak bakarka edota batera egotzi) gehienak egunkari horien irakurle dira. Izan ere, kontzientziak, identitateak eta horrelakoak (nagusi ez diren hizkuntza eta kulturetan, noski) boladan ez dauden garai hauetan, ez du bide emankorrenak, onenak, erakargarrienak, interesgarrienak edo etikoenak egiten, zaparradaren indarrez datorrenak baizik. Eta hartu ere errazen iristen zaiguna hartzen dugu. Euriak dakarrena. Eta hori iruditzen zaigu gainera erakargarriena. Aurrekoan esan genuena, euria egiteko makinari eragiten hasteko erabaki politikoak behar dira, identitate eta diskurtso mailakoak eta praktikaren eremukoak. Esparru publikoaren alde guztietan: administrazio, hedabide ez-publiko, hedabide publiko eta hartzaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.