LIBURU AURRERAPENA

Europa bezain zaharra

Europan barrena errepidez, pentsamenduz edo literaturaz egindako bidaietan idatzitako testuak dakartza Joxe Azurmendik 'Europa bezain zaharra' saiakeran. Erdi Arotik eta Errenazimentutik hasita, Europako nazionalismoen sustrai kulturalak biluztu ditu.

DIMITRI TAVADZE.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
DU BELLAY

1549an Du Bellayk La deffence et illustration de la langue françoyse eman du argitara: frantsesaren defentsa da eta, batez ere, «ilustrazioa», hots, gorespena, hizkuntzaren ederra erakutsiz aberria argitzea eta gorestea, alegia«de la tant désirée France»,É. Doleten bidean. Espainian ezaguna dugu hizkuntzaren eta politikaren batasuna Nebrijaren esaldiarekin: «que siempre la lengua fue compañera del imperio [boterearena, erresumarena]; y de tal manera lo siguió, que junta mente començaron, crecieron y florecieron». Hizkuntza frantsesaren Du Bellayren defentsa eta ilustrazioa, halaber, monarkia eta erresuma frantsesaren defentsa eta ilustrazioa da. Erresumaren maitasuna da hizkuntzaz idaztera ekarri duena. «A l'entrepris de laquelle rien ne m'a induit, que l'affection naturelle envers ma Patrie». Eta erresumak eta hizkuntzak elkarrekin batera eginen dutela espero du euren gorabidea. [...]

Frantzia erresumetan erresuma paregabea da, batez ere Italia baino bikainagoa («soit en repos ou en guerre, est de long intervalle à préférer à l'Italie»). Italia erreferentzia obligatua da, eredugarritasuna beti han suposatzen baita Errenazimenduan. Du Bellayrentzat, aitzitik, pietatean, erlijioan, ekanduen zuzentasunean, adorearen bihotzandian, bertute bakan eta antzinako guztietan, Frantziak beti ezbairik gabe lehen postua ateratzen du. Ez dago zertan aipatu hango airearen aroa, lurraren joritasuna, giza bizitzaren atseginerako behar den fruitu mota ororen ugaritasuna eta beste hamaika erosotasun, zeruak eskuzabalki baino ere nasaiki parrastan Frantzia horrekin guztiarekin hornitua duena. Hainbat ibai zabal, baso eder, hainbat hiri oparo bezain gotor, gerrarako zeinahi munizioz zuzkitua. [...]

Eta non dira letrak, hizkuntzaren artea? Du Bellay (1522-1560) Cinquecento-an Italian latin eta grekoaren edo bulgarearen gainean bizi-bizi eztabaidatutako arrazoiez baliatzen da, Sperone Speroniren Dialogo delle lingue (1542) eleketaz bereziki. Du Bellayk frantsesa ez dagoela aski landua deitoratzen du, frantsesek larregi latinez idazten dutelako, euren hizkuntza jorratu ordez. Katon Zentsorea aipatzen du, autore erromatar bat Erromaren historia grekoz idatzi zuelako gaitzetsiz. (Katon hori «latina erabili zuen lehen idazle handienetakoa izan zen», irakurtzen da Elhuyarren Hiztegi Entziklopedikoan). Horazio aipatzen du, ametsetan Romulok kargu hartu omen ziolako poesia grekoz idazteagatik, latinez egin beharrean. Zizeron eta Virgilio latinez idazten abiatu zirenean, elederra eta poesia haurtzaroan zeuden oraindik erromatarren baitan: grekoz idatzi izan balute, ez zuketen erdietsiko Homero eta Demostenes berdintzea; ez zuten lortuko grekoen artean latindarren artean direna izatea. Petrarcak eta Boccacciok dotore idatzi dute latinez, baina euren ospea bulgarean idatzi dutenagatik daukate... Luzarora ospea gura duen idazleak bulgarean idatzi behar du.

Hiritar frantsesa: ez duzuherabe izan behar frantsesez idazteko!

SHAKESPEARE

Macbeth ezagunagoa da. Naturaren eta giza gertakarien arteko parekotasuna (krimena/ekaitza) biziki markatua dator tragedia honetan ere. Testu aberatsa eta potentea. Pertsonaien patua, giroa, gaueko eszenak, gertakari beldurgarrien erritmoa, indar irrazionalen presentzia hurbila (sorginak), bortxakeria eta odola, bekatua eta desesperazioa, kontzientzia tormentatuaren eldarnioak eta eromena, dena da ilunpetsu eta makabro. Ankerkeria gordinenen artean moraltasunaz, botereaz, bizitzaren zentzuaz gogoetatzen da, eta Shakespeareren esakune sakon famatuenetako batzuk obra honetan jaulkiak dira. Bizitzaren zentzugabeaz, esaterako. [...]

Dramaren intentsitateak eta abiada pausarik gabekoak ikuslearen arreta guztiz gatibatzen du hasieratik amaieraraino. Herrestan eramaten zaitu. Botere tentazioa eta krimena, krimenaren lotsa eta ikara, krimena estaltzeko berriro krimena. Gaizkiaren eta Ongiaren gatazka hiltzailearen kontzientzian. Sorginen iragarpenak, gertatu beharrekoaren halabeharra. Antsiagarria da ikustea nola protagonistak nolabait euren gogoaren aurka patuaren bultzadak erremediorik gabe gaizkitik gaizkira botatzen dituen. Giza naturaren izaera kaotikoaren misterioa, gaizkiaren jatorria, eromenaren eta zentzuzkoaren kontrasteak, denak ezin unibertsalagoak dira zurrunbiloan burutik pasatzen zaizkizun galderak. Arras 'ez ingelesa', unibertsala dirudi denak... Eta izan ere halaxe da. Besaulkian patxadaz eseri eta testua emoziorik gabe hotz-hotz ean irakurtzean bakarrik erreparatzen duzu giza tragedia unibertsal ilunpetsua aldi berean nazionalismo ingelesaren obra maisuzkoa dela.

Eszenarioa Eskozia barbaroa da. Macbeth XI. mendeko pertsonaia historikoa da, eskoziarren erregea, beti bezala Shakespearek Holinsheden kroniketatik hartua duena. Shakespearek bere garaira ekartzen du. Tiraniaren eta gerra zibilen horrorea izugarriro deskribatzen dira eta, batez ere, garbi uzten da eskoziar pertsegituek Ingalaterrako gortean aurkitzen dutela errege basatiaren laborrietatik iheslekua eta babesa. Eskozia, tiraniaren azpian, ezin da jada ezagutu ere egin; ezin da gure «ama aberria» esan, gure hilobia baizik. Azkenean Eskozia bere buruaren infernutik salbatzen duena Ingalaterra adeitsu eskuzabala da, «gracious England» (IV, 3), eskoziar zintzoak tiraniatik askatzeko soldadu heroikoak ematen dituena, hala nola Siward gerragizon eskarmentu handikoa hamar mila gizon armaturekin. Gero, gainera, Siward horren semeak bizia galduko du Eskozian ordena berrezartzeko kanpainan... Macbeth errege eskoziar harroak ingelesak beratx mengeltzat erdeinatzen ditu («the English epicures» esaten da bitxiro asko: V, 3), baina gero gudaroste ingelesa («the English power») aisa nagusituko zaie arma eskoziarrei. Eskozia nazio errukarria da: «O nation miserable,/ With an untitled tyrant bloody-scepter'd» (IV, 3). Berriro ere «poor country» esaten da (IV, 3), nazio koitadua.

Uste da Shakespearek 1606 aldera paratu duela tragedia hau. Gogoratu behar da Jakue I.ak 1603an bateratu zituela Ingalaterra eta Eskozia koroa bakarrean. Errege horrek Banquoren ondokotzat zizun bere burua (alegia, Shakespeareren draman, Eskoziako errege usurpatzaile donge batek asasinatua, haren haurrek ihes egin eta Ingalaterran babesa aurkitu zutelako salbatu zelarik leinua). Macbeth Ingalaterra eta Eskoziaren batasun politikoaren ideologia ingelesaren kontsakrazioa da osoki, eta Jakue I.a erregearen gorazarre deus disimulatu gabe bat mila detailetan (hala, esaterako, errege hori sorginkeriaz interesatua zen eta izkribu bat idatzia zuen sorginei buruz). Ingalaterrako erregea dohain zerutar miragarriz dotatua dago, esanarazten zaio mediku bati eta eskoziar noble bati lekuko gisa berretsarazten, hala nola gaixo sendaezinak sendatzekoa eskuekin ukituz bakarrik.

Kalean izurriak jotakoak eta bestela inola sendatu ezin diren gaixoak pilatzen dira erregea noiz pasako, haren eskuak ukituz gero sendatu egingo direlako, ziurtatzen du medikuak. Hori berak halaxe ikusia duela segurtatzen du Ingalaterrako gortera ihesi etorritako Malcolmek, eta erregearen grazia medikalez gainera profeziako donario zerutarra gehitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.