Azken entsegua egin du gaur EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Europa erdialdera eramango dituen bira abiatu aurretik. Austrian eta Alemanian izango dira datorren astean, eta kontzertu bana emango dute Linz, Bregenz eta Munichen. "Internazionalizazio proiektu garrantzitsua" da orkestrarentzat "Europako orkestra eta errepertorio onenak dauden lekura" joatea, Robert Treviño zuzendariarekin egingo duten lehen biran.
Abenduaren 3an aterako da EOS Austriara bidean, eta hiru kontzertu emango ditu Europa erdialdeko hiri eta areto garrantzitsu banatan: 4an Linzeko Brucknerhausen, 6an Municheko Herkulessaalen, eta 8an Bregenzeko Festspielhausen.
Hiru kontzertuak euskal musikarekin hasiko dira: Aita Donostiaren Meditazioa lanarekin Linzen, eta Pablo Sorozabalen Siete Lieder (Hautaketa)-rekin Munichen eta Bregenzen. Mojca Erdmann soprano alemaniarra ariko da bakarlari lanean.
Oriol Roch EOSen zuzendari nagusiak hiru ideia nabarmendu ditu azken entseguaren aurreko aurkezpenean. Hasteko, "Euskadiren enbaxadorea" izango da EOS nazioartean, eta harremana sortuko du nazioarteko entzuleekin. Bigarren, "hemengo publikoak gustura ikusiko du nola bere tresna kultural bizia halako lekuetan dagoen". Azkenik, barne mailan, "bikaina baino hobea" da orkestraren egoera, bizitzen ari den hazkundeagatik, eta "Treviño zuzendariak egindako lanagatik".
EOS zuzentzen hasi eta berehala esan zioten Treviñori nazioarteko proiekzioa zela eman beharreko hurrengo urratsa. Inguruko egileak ezagutu ditu aurrena, eta proiekzioaren unea iritsi da harentzat, "handitasunez", gainera. Elkarri kontatzeko garaia dela esan du, "besteek ikusten gaituzten moduan ere definitzen gaituelako".