Handitzen jarraitzen du Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendarien Handia pelikulak. European Film Awards Europan zine munduan ematen diren sari entzutetsuenetarako hautagai aukeratu dute. Bertze 48 film luzerekin batera lehiatu beharko da sari nagusia lortzeko. Gaur goizean eman dute izendapenaren berri sare sozialetan.
Pausoz pauso bidea egiten. HANDIA Europako sari nagusietarako hautagai! @EuroFilmAwards#goGiant
— Handia (@Handiafilm) 2018(e)ko abuztuaren 21(a)
Carmen Y Lola, Arantxa Etxeberria zuzendari bilbotarraren filma ere izendatu dute European Film Awards sarien 31. ediziorako. Horiez gain, Michel Gaztanbide gidoigile izan duen film bat ere lehiatuko da, Jaime Rosalez katalanaren Petra.
European Film Academyk (EFA) antolatzen ditu sariok. Erakundeak ordezkariak ditu hogei herrialdetan, eta ordezkari horiek aukeratzen dituzte lehiarako filmak. EFAk, bestalde, sei adituko batzorde bat osatu du, herrialdeetako ordezkariek aukeratutako film horiez gainera beste sorta bat eransteko. Horrela aukeratu dituzte lehian arituko diren 49 filmak.
Hautatukoe artean denetik dago, egile hasi berrien filmak, eta bide luzea egina dutenenak, baina Moriarti ekoiztetxeak parean edukiko ditu, besteak beste, Lars von Trierren (The house that Jack built) eta Robert Guediguianen (The house by the sea) azken filmak. Pawel Pawlikowski, Alice Rohrwacher eta Adina Pintilie zuzendarien filmak ere hautatu dituzte 49 horietan —Pintilieren Touch me not-ek irabazi du Berlinaleko sari nagusia aurten—. Zerrenda guztia webgunean jarri dute antolatzaileek.
Finalisten berri, azaroaren 10ean
Datozen asteetan, EFAko kide eskubidedunak diren 3.500 bat pertsonak emango dituzte beren botoak, bost kategoriatan: filma, zuzendaria, gizonezko aktorea, emakumezko aktorea eta gidoigilea. Boto horiek jasota aukeratuko dituzte finalerako hautagaiak. Azaroaren 10ean emango dute horien berri.
EFAk zortzi adituko epaimahai bat izendatuko du, hautagaien artetik irabazleak izendatzeko, eta Sevillan (Espainia) egingo duten zinema europarraren jaialdian emango dute irabazleen berri; sariak ere leku berean banatuko dituzte, abenduaren 15ean.
Aurrez ere sari ugari jasoa da Altzoko Handiaren bizitzan oinarritutako filma. Besteak beste, hamar Goya sari bereganatu zituen; tartean, aktore berririk onenarena Eneko Sagardoirentzat, jantzi diseinurik onenarena Saioa Lararentzat, eta muntaketarik onenarena Laurent Dufrech eta Raul Lopezentzat.
Gainera, Oscarretan Ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko hiru hautagaietako bat da filma Javier Frenesen Campeones eta Asghar Farhadiren Todos lo saben fimekin batera. Irailaren 6an jakingo da, azkenean, zeinek ordezkatuko duen Espainia.
Moriarti ekoiztetxearen lana izan da Handia, eta BERRIAk Sortaldeen inguruan egindako artikulu sortan lan egiteko duten moduaren inguruan mintzatu ziren ekoiztetxeko kideak.