Celtic Neighbours elkarteko koordinatzaile Meic Llewellyn (Cardigan (Aberteifi), Gales, 1946) astebete egon da Euskal Herrian, eta ez da datorren lehen aldia. Hamabost urte daramatza hemengo txokoak bisitatzen, eta euskal kulturaren miresle handia da. Durangoko Azoka, Topagunea, Korrika eta Badu Bada ezagutzen ditu, esaterako, eta elkarterako ideia berriak bildu ditu. Frisia, Eskozia mendebaldeko Hebrida uharteak, Irlanda mendebaldea, Galizia eta Faroe uharteetako artistekin lan egiten du, hango kultura gutxituei bultzada emateko helburuarekin. Donostia 2016 proiektuko kideekin harremanak sendotzera etorri da. Europako kultura gutxituetako herrialdeak Donostiari eta Eskoziari begira daude, haren esanetan, Donostia Europako kultur hiriburua izango delako eta Eskoziak independentzia erabakitzeko erreferenduma egingo duelako.
Gustatu al zaizu Donostia 2016 proiektuko kideak egiten ari diren lana?
Ezagutu ditudan langileak proiektuarekin buru-belarri daude. Oso lan zirraragarria da. Iazko irailean egon nintzen eraikin honetan, eta aldaketak oso nabarmenak dira. Asteburu honetan bi gauza harrigarri ikasi ditut: bata, paletak edozer eraikitzeko erabil daitezkeela, sinpleak eta merkeak direlako, eta, bestea, sormen prozesuak garrantzi handia duela. Uste dut proiektuko arduradunek asmatu egin dutela prozesuari lekua ematen.
Kultura gutxituekin lan eginda, nola ikusten dute herrialde horiek Donostia Europako kultur hiriburua izateko aukera?
Irrikan daude proiektu honek eman dezakeena ikusteko; aitzindaria izango da. Donostia 2016 proiektuak balio behar du urte luzez sormen horiei buruz hitz egin dezagun; ez du soilik urte bateko kontua izan behar.
Donostia 2016 proiektuan parte hartzeko asmoa daukazu. Zer ideia dituzu buruan?
Celtic Neighboursen proiektua oso lotuta dago hemengo langileek egin nahi dutenarekin. Gure elkarteak harremanak lotu ditu kultura gutxituak dituzten munduko beste bost herrialderekin, eta Euskal Herriko artistekin lan egitea ohorea litzateke guretzat.
Zer da zehazki egiten duzuena?
Loturak egiten gabiltza. Gure helburu nagusia artisten artean topaketak ahalbidetzea da, beraien artean ezagut daitezen bideak erraztea, ondoren sortzeko askatasun osoa emanez. Lehen aipatu dudan bezala, prozesuaren garrantzian sinesten dut. Topagunean izan berri naiz, eta izugarri gustatu zait han egiten dena. Asko gustatuko litzaidake gure elkartean parte hartzen duten artista eta kultur eragileek proiektu hori ezagutzea.
Galesen ere antzeko egitasmo kulturalak egiten dira?
Badugu Durangoko Azokaren antzeko jaialdi bat, Galesko National Eisteddfos jaialdia (Eisteddfod Genedlaethol), baina Durangokoa baino askoz ere handiagoa da. Bederatzi egun irauten du, eta urtero toki ezberdin batean egiten da. Milioi erdi bat bisitari etortzen dira urtero.
Nola sortu zen Celtic Neighbours elkartea?
Zortzi urte daramagu kultura gutxituekin lanean, baina hasieran hiru urteko gauza izango zela uste genuen. Kultura zeltako herrialde askotan kultura eta hizkuntza arrastoak oso txikiak direnez, bertan lan egitea zaila izango zela iruditu zitzaigun. Beraz, elkarri laguntzen hastea izan zen lehen pausoa. Hasieran ez genekien kultura ezberdinek elkarri laguntzeko gai izango ote ziren, baina pixkanaka sortutako harreman horiek indartuz joan ziren. Egitasmo kultural txiki eta sinpleekin hasi ginen. Guztietan lehena Irlandako abesbatza baten kontzertua antolatzea izan zen. Lortutako arrakasta ikusita, musikari gazteei alde batetik bestera mugitzeko bideak eman genizkien, elkar ezagutu eta bakoitzak zekiena besteei erakusteko.
Lehen urte horien ondoren, artistak elkartzen jarraitu duzue?
Hiru urte horien ondoren, jendea parte hartzeko irrikan zegoen, proiektuaren parte izan nahi zuten. Ordutik etengabeko garapena izan da, beti dagoelako sortzeko eta sakontzeko ahalmena. Beraz, bilaketa soila alde batera utzi genuen, eta sare bat eraikitzen hasi ginen. Pixkanaka, taldeak sortzen hasi ziren, eta urtero hiru edo lau lantalde handirekin jardunaldiak sortu genituen, musika, antzerkia, artea eta bestelako jarduerak sortzeko espazioa sortuz. Horrekin batera, artistak egoitzatan bildu genituen, eta, egia esan, emaitza paregabeak lortu ditugu.
Donostia 2016 proiektuan ere hainbat herrialdetako artistak biltzea al da zure helburua?
Irlandako Derry hiria Erresuma Batuko kultur hiriburua izan zen 2013an, eta han parte hartzeko aukera izan genuen. Derry kulturalki nahiko banatuta dago, eta kultura jaialdi horrek bi aldeak elkarrekin lan egitera bultzatu zituen. Beraz, bai, positiboa izan zen, eta uste dut hemen ere izango dela. Aurretik elkarrekin inoiz lan egin ez dutenek proiektuak sortu zituzten elkarlanean.
2016an kulturari behar duen bultzada emateko aukera izango al da?
Aukera paregabea, dudarik gabe. Jendea biltzeko eta gauza berriak sortzeko aukera da; aniztasunaren mezua Europara eramatekoa. Europak mezu hori entzun behar du, eta hau da unerik onena. Euskal Herrikoa baino txikiagoak diren kultura gutxituetako herrialdeak Donostiari begira daude, hiri hau kultura gutxituko Europako lehen kultur hiriburua izango delako. Donostia aitzindaria izango da. Gainontzeko herrialdeak hona begira daude orain. Proiektu honek ez du soilik Euskal Herria ordezkatzen, gu guztion ordezkari izango da.
Eta Europari onespena eskatzeko balioko du?
Euskal Herriko kulturak asko dauka Europari eskaintzeko. Esperientzia handia daukate hemengo eragileek, badakite beren lana munduari erakusten, eta, beraz, gainontzeko kultura gutxituko herrialdeentzat erreferentzia da euskal kultura. Gainera, nire ustez, baduzue guk oraindik lortu ez dugun altxor eder bat, eta hori BERRIA egunkaria da. Ni izugarri jeloskor nago zuen euskarazko egunkariarekin. Saiatu ginen Galesen halako bat sortzen, baina ekonomikoki ezinezkoa egin zitzaigun eguneroko prentsa aurrera ateratzea. Horren ordez, Golwg (begira) izeneko astekaria dugu, baina ez da gauza bera.
Meic Llewellyn. Celtic Neighbours elkarteko koordinatzailea
«Europaren aitorpena lortzeko aukera aitzindaria du Donostiak»
Europako kultura gutxituetako herrialdeetako artistekin egiten du lan Meic Llewellyn galesak, eta urteak daramatza Euskal Herriko kultur egitasmoak bisitatzen. Oraingo honetan Donostia 2016 proiektukoekin harremanak sendotzera etorri da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu