Musika

Euskadiko Orkestra 132 abeslariren bila dabil 'Abestu Euskadiko Orkestrarekin' egitasmorako

Izen ematea zabalik egongo da abenduaren 4ra bitarte, eta aukeratutako ahotsak abenduaren 15ean iragarriko dituzte.

Euskadiko Orkestraren kontzertu bat, 2025eko martxoan, Bilboko Euskalduna jauregian. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL / EUSKADIKO ORKESTRA
Euskadiko Orkestraren kontzertu bat, 2025eko martxoan, Bilboko Euskalduna jauregian. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL / EUSKADIKO ORKESTRA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko azaroaren 10a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxitan izaten dute abeslari ez-profesionalek Euskadiko Orkestrarekin abesteko aukera. Hain justu, horregatik, eta herritarrak abesbatza mundura gertura daitezen, iaz Abestu Euskadiko Orkestrarekin egitasmoa jarri zuen martxan orkestrak. Lehenengo denboraldiko arrakastaren fruitua izan da bigarren aldia. Iaz, 120 herritarrek parte hartu zuten egitasmoan, eta aurten, ahots gehiago bildu nahi izan dituzte: 132, hain zuzen. Berrikuntzen artean dago, besteak beste, aurten lehenengo aldiz egutegira gehitu duten agertoki berria: Iruñeko Baluarte auditoriuma. 

Denboraldi sinfonikoan murgildurik dago orkestra, eta programa horren barruan ikusaraziko da kontzertua: Schumann / Respighi izenekoan, eta Riccardo Frizzaren zuzendaritzapean. Gorka Mirandak gidatuko du herritarren 132 ahotsek osatuko duten abesbatza. Easo abesbatzako zuzendaria da Miranda, eta bertako berrogei abeslari ere izango dira emanaldietan, herritarrei kantuan laguntzeko. 2026ko martxoan emango dituzte kontzertuak, Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan: martxoaren 13an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; martxoaren 14an, Bilboko Euskalduna jauregian; eta martxoaren 16an eta 18an, Donostiako Kursaal jauregian.  

Konpositore ezagunen bi lan abestu beharko dituzte: Pablo Sorozabalen Euskalerria eta Georges Bizeten Carmen operako Martxa eta abesbatza. Horiez gain, hirugarren kanta bat ere kantatu beharko dute, baina kontzertuaren egunean jakingo da zein den. 

Izen ematea eta entseguak

Egitasmoan edonork parte hartu dezakeen arren, beharrezkoa izango da gutxieneko baldintza batzuk betetzea. Esaterako, musika prestakuntza jakin bat izan beharko dute parte hartzaileek; hala nola, partiturak irakurtzen jakitea. Baldintza horiek betetzen dituztenen artean zozketa bat egingo dute, eta hautatuak ez direnak itxaron zerrendan geratuko dira —azken orduko hutsuneren bat bete beharko balitz ere—. Gaurtik abenduaren 4ra bitarte egongo da zabalik izen ematea, eta abenduaren 15ean iragarriko dute zer ahots hautatu dituzten. 

Guztira, hamar entsegu egingo dituzte: urtarrilaren 14tik martxoaren 12ra. Asteazkenetan izango dira gehienak, 19:15etik 21:45era, Euskadiko Orkestraren Donostiako egoitzan —lehen hiru entseguak ostiraletan errepikatuko dituzte, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan, 17:15etik 19:45era—. Beraz, ahalik eta entsegu gehienetara joateko eskatu dute antolatzaileek. Horrez gain, lehen entsegu egunaren aurretik, ahots eta piano partiturak eta ahotsen grabazioak bidaliko dizkiote parte hartzaile bakoitzari. 

Informazio guztia, eta izen-ematea Euskadikoorkestra.eus helbidean topa daiteke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.