Euskadiko Orkestrak 'Berlioz eta Ravel' kontzertu programarekin emango dio hasiera Denboraldi Sinfonikoari

Miren Urbieta-Vega sopranoak Hector Berliozen 'Herminie' lana interpretatuko du, bakarlari bezala. Orkestrak eta Landarbaso abesbatzak, berriz, Maurice Ravelen 'Dafne eta Kloe' ballet sinfoniko korala interpretatuko dute.

Stefan Blunier orkestra zuzendaria. EUSKADIKO ORKESTRA
Stefan Blunier orkestra zuzendaria. EUSKADIKO ORKESTRA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko irailaren 29a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsa izango da protagonista Euskadiko Orkestraren 2025-2026ko Denboraldi Sinfonikoan. Denboraldi hau «kontzeptualizazio baten inguruan biraka» arituko dela adierazi du Euskadiko Orkestrak ohar bidez. Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat artista izango dira bertan, kontzeptu hori «lurrera ekartzeko». Denboraldiak begirada «oso femeninoa, oso korala, oso gaztea eta oso ahaltsua» izango duela azaldu dute. Oharrean zehaztutakoaren arabera, ezaugarri horiek guztiek musika esperientzia bakoitza «energiaz eta gaitasun eraldatzailez betetako musika injekzio» bihurtuko dute. Irailaren 29an Gasteizen estreinatuko dute Denboraldi Sinfonikoa; irailaren 30ean eta urriaren 1ean Donostian; urriaren 3an Iruñean, eta urriaren 4an Bilbon. Donostiako, Bilboko eta Iruñeko kontzertuetarako sarrerak jada salgai daude Euskadiko Orkestraren webgunean, eta auditoriumetako leihatiletan eta webguneetan.

Miren Urbieta-Vega sopranoa izango da denboraldiko artista nagusietako bat. Bakarlari lanetan arituko da Hector Berliozen Herminie obran. Berliozek gaztaroan idatzi zuen konposizioa, eta Sinfonia fantastikoaren melodia ospetsuetako batzuk aurreratzen dituen eszena lirikoa da. Urbieta-Vegak garaipena eskuratu zuen Viñas lehiaketan 2014an, eta ordutik hainbat antzokitan ibili da: Bartzelonako Liceun, Madrilgo Teatro Realean eta Oviedoko Operan, besteak beste. Edonola ere, Euskadiko Orkestrari lotuta egon da bere ibilbide profesionalean zehar, euskal konpositoreen musika «defendatu» nahi izan duelako.

Bigarren ahots nagusia Landarbaso abesbatzarena izango da. Errenteriako abesbatzak (Gipuzkoa) nazioarteko hogei saritik gora eskuratu ditu; azkena, abuztuan, Tokion. Orkestrarekin batera, Maurice Ravelen Dafne eta Kloe ballet sinfoniko-korala interpretatuko dute. Obra hori sortuta bere «ametsetako Grezia leialki birsortzea» lortu nahi zuen ziburutar konpositoreak. Aurten 150 urte beteko dira Ravel jaio zenetik, eta haren musikak denboraldian leku «garrantzitsua» izango duela adierazi du Euskadiko Orkestrak. Stefan Blunier zuzendari suitzarra arduratuko da emanaldia zuzentzeaz. Ahotsa jartzen ez duen arren, denboraldiko protagonistetako bat da.

Musika-literatura zabaletik «argumentu berriak» atera nahi izan ditu orkestrak Denboraldi Sinfonikoan, «gidalerro» eta «sostengu diskurtsibo» gisa balioko dietenak. Hala adierazi dute: «Denboraldian ikusiko ditugu, besteak beste, borroka, salaketa eta erresistentzia adibideak, iragatearen eta amaiera baten kontakizunak». Aurretik ezagutzen diren lanei «beste bisita bat egiteko» eta beste egile batzuengana «itzultzeko» tartea ere jasotzen duela azaldu du orkestrak; Txaikovski eta Bartok musikarien lanik «ezagunenekin», adibidez.

Askotariko gonbidatuak

Denboraldiko protagonista nagusiak Miren Urbieta-Vega eta Landarbaso abesbatza diren arren, badaude beste hainbeste gonbidatu ere. Sofia Esparza, Elena Sancho Pereg eta Marife Nogalesen ahotsak, esaterako. Gonbidatu horiek guztiak programazio berriaren ezaugarrien zati «handi» baten erakusgarri direla azaldu du orkestrak.

Landarbaso abesbatzaren parte hartzeaz gain, Donostiako Orfeoia eta Vocalia taldea ere bertan izango dira. Aurtengo denboraldian honako bakarlari hauek ere parte hartuko dute: Rachel Willis-Sorensen, Bomsori, Camille Thomas, Nikolai Lugansky eta Johannes Moser, esaterako. Gonbidatuen zerrendara batuko dira honako hauek ere: Ana Maria Patiño, Katharina Mullner, Joana Carneiro, Jaime Martin, Michal Nesterowicz eta Riccardo Frizza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.