ELA sindikatuak jakinarazi du gaur, ohar baten bidez, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoko langileek greba egingo dutela azaroaren 18tik aurrera. Grebaren helburua hitzarmen bat sinatzea da, zeinetan "kidego horren eskariak jaso, enpleguari eutsi, lantaldearen egonkortasuna lortu eta Euskadiko orkestran murrizketa aldia amaitutzat joko den".
Sindikatuak azaldu duenez, urtebete igaro da orkestrako zuzendaritzarekin negoziazioak hasi zituztenetik, baina denbora horretan "zuzendaritzak ez dio erantzunik eman langileen errebindikazio bati ere". ELAren arabera, 2010. urtean "legez kanpo amortizatu ziren lau postuak berreskuratzeko bermerik ez dago, ezta etorkizunean lanpostuak iraunarazteko bermerik ere". Horretaz gain, sindikatuak salatu du, oro har, gaixoaldiak eta erretiroak direnean ez dela ordezkorik jartzen. "Horrela jarraituz gero, Euskadiko Orkestra arian-arian deseginez joango da".
Betiere ELAren arabera, Eusko Jaurlaritzako azkeneko bi Kultura sailburuek, Cristina Uriartek eta Bingen Zupiriak, ez dute bildu nahi izan EOSeko langileekin, "biei eman bazaie ere orkestraren egoera larriaren berri".
Gaur egun gastua murrizteko irizpidea gailendu dela adierazi du sindikatuak oharrean. "Orkestra sortzeko hasierako helburuaren kaltetan: musikaren kalitatea eta gizarte eginkizuna. Nahiz eta aurrekontua izan, 2012-2015 aldian soldatak ordaintzeko diru kopuruak 1.500.000 euroko jaitsiera izan du, gastuan murrizketak egin direlako".