Bartzelonako orkestra sinfonikoa Euskal Herrian da egunotan; Euskadiko Orkestrarekin trukea egin, eta Bilboko Euskalduna jauregian aritu zen atzo, eta Donostiako Kursaalean arituko da gaur eta bihar. Orain, berriz, Euskadiko Orkestra joango da Bartzelonara. Egunotan Iruñean eta Gasteizen interpretatzen ari den programa L’Auditorira eramango du bihar, etzi eta igandean. Hiru emanaldi horietan, Antonio Mendez zuzendari espainiarrak gidatuko ditu musikariak, eta Sofia Esparza soprano nafarra ere oholtzan izango da.
Orkestrak ohar bidez adierazi duenez, «korronte estetikoen kontraste iradokitzailea sortuko duen euskal zaporeko programa» eramango du L’Auditorira. Izan ere, Gustav Mahlerren obra bat ez ezik, Maurice Ravel eta Pablo Sorozabal euskal konpositoreen lanak ere interpretatuko dituzte musikariek; Ravelen obra bat eta Sorozabalen beste bat, hain zuzen.
Mahlerren lan tragikoenetako bat, Bosgarren sinfonia izango da emanaldiko «plater nagusia»; hilzorian egon ostean, osatzen ari zela idatzi zuen musikagileak esnatzeari buruzko lan hori. Ravelen Alborada del gracioso ere entzungo du L’Auditoriko publikoak, zeina «Andaluziako ukituz beteta» dagoen. Eta, halaber, Sorozabalek 1929an idatzitako 7 lieder ere emango du orkestrak; musikariak Alemanian jaso zuen prestakuntza, eta, hango tradizioa inspirazio iturri hartuta, obra horretan «Europaren erdialdeko arkitektura harmonikoa eta kontrapuntistikoa» euskal folklorearekin eta hizkuntzarekin nahasten direla nabarmendu du orkestrak. Sofia Esparzak eramango du uztartze hori taulara. Nafarroako sopranoak nazioarteko dozena bat sari baino gehiago jaso ditu, baita Vianako Printzea fundazioaren Talentu Artistikoaren Saria ere, eta nazioarteko prestakuntza eta proiekzio lirikoa nabarmendu dizkio orkestrak.
Aspaldiko harremana
Euskadiko Orkestrak Bartzelona bisitatzen duen zazpigarren aldia izango da. Eta Bartzelonako orkestrarentzat ere ez da Euskal Herrira egindako lehen bidaia izan. 1999an eta 2002an ere euskal publikoaren aurrean jo zuten musikari katalanek, eta, beraz, hirugarren bisita du egunotakoa.
Ludovic Morlot Bartzelonako orkestrako zuzendari titularrak hartu du Bilboko eta Donostiako kontzertuak gidatzeko ardura, eta Nuria Rial soprano kataluniarrak ere orkestrarekin batera egin du Euskal Herrirako bidaia. Errepertoriorako Claude Debussyren Prélude à l’Après-midi d’un faune eta Ravelen Bolero hautatu dituzte —Bartzelonako orkestra euskal konpositorearen obra guztien sorta ari da grabatzen, sei diskotan biltzeko—, baita Parisen bizi izandako bi musikagile kataluniarren obra bana ere: Frederic Mompouren Cinc cançons populars catalanes eta Isaac Albenizen The Magic Opal suitea. Horiekin batera, Robert Gerharden Els ballaires dins un sac eta Miquel Oliu bartzelonarrak estreinatu berri duen Pluja ere bildu dituzte hautaketara.