Gogoetarako tarte bat hartu zutela onartu dute, baina hori izan da dena. Artedrama antzerki laborategiak Aulestin (Bizkaia) antolatzen dituen Adel euskal antzerki topaketek bi hamarkada oso bete zituzten iaz, eta, proiektuaren jarraipenaren gaia inoiz mahai gainetik arin pasatu bazen ere, argi izan dute proiektuarekin aurrera jarraitzeko erabakia. Eta, beraz, bai, hogeita batgarrena egingo dute aurten apirilaren 6tik 11ra, eta, Ander Lipus antzerkigileak eta Jasone Parada ekoizleak BERRIAri azaldu diotenez, «hondamendi handirik ezean», ziur daude hogeita bigarrena ere helduko dela, bai eta hogeita hirugarrena ere, eta hogeita laugarrena, eta... «Gure herriak, antzerkigintzak eta euskarak behar du Aulesti. Behar du, eta, gainera, desio du, asko», laburbildu du Paradak.
Artedramaren webgunean topatu daiteke egitarau osoa, bai eta emanaldietarako sarrerak erosteko bidea ere: www.artedrama.com.
Paradak gogoratu duenez, urte bereziki emankorra izan zuten iazkoa Artedramakoek. Konpainia biran zebilen Miñan antzezlanarekin, eta ekoizpen lan bete-betean ere ari ziren Axut konpainiarekin batera iazko udazkenean estreinatutako Nor naizen baneki antzezlanerako. Justu orduan heldu zen antzerki topaketen hogeigarren urteurrena, eta, bi hamarkadako ibilbideak bultzatu zituen gogoeta egitera.
«Segituan eduki genituen ikastaroetarako lehen eskaerak, eta antzerki taldeek ere beti idazten digute Aulestin egon nahi dutela esanez. Horrek indar handia ematen dizu»
JASONE PARADA Artedramako kidea
«Buelta asko eman genizkion topaketen gaiari», onartu du Paradak. «Duela hogei urte, hasi ginenean, ez zegoen elkarrekin pentsatzeko eta elkarrekin egoteko halako elkargunerik, baina orain badaude beste aukera batzuk ere. Dudak ere sortu zitzaizkigun horregatik, eta adierazi egin genituen. Hogei urtean asko handitu baita topaketa: programazioa eta ikusle kopurua hazi egin dira, eta ikasle batzuk ere kanpoan geratzen dira, baina jasotzen dugun sostengu ekonomikoa ez da hein berean handitu, eta, beraz, dena gelditzen da gure bizkar edo, eta hori pisu bihurtu zitzaigun. Baina agian horrek irudi oso-oso ezkorra eman zuen, nahiz eta proposamenaren gainerako ikuspegia oso-oso baikorra izan».
Eta baietz, beraz. Aurrera. Eta, hain zuzen ere, erabaki horren ondorio dira aurtengo topaketak. Hasieran bezala, euskaraz hasi eta buka, eta ikastaroak eta emanaldiak uztartuz. Baina aldatu egin da proiektua urteekin. Hazi.
Bete-betea
Lehen urteetan udaletxean egiten zituzten topaketak. Bai eskolak bai eta emanaldiak ere. Bi edo hiru saio baino ez ziren izaten lehen aldi haietan. Jende gehiago biltzen hasi, ordea, eta orduan ekin zioten frontoian ere emanaldiak egiteari. Egun gutxi batzuetako programa zena astebeteko egitaraua bilakatuz joan da denborarekin, eta ikastaroetan parte hartu nahi dutenetako batzuk ere kanpoan utzi behar izaten dituzte orain.

Paradak kontatu duenez, bete-beteak daude eskainitako lekuak: «Horrek sekulako bultzada ematen dizu. Aurtengo ikastaroetarako irakasleen berri eman gabe geundela, adibidez, bi edo hiru ikaslek jada idatzi ziguten bertan izan nahi zutela esanez, eta, gero, epea zabaldutakoan, segituan eduki genituen lehen eskaerak. Antzerki taldeek ere beti idazten digute Aulestin egon nahi dutela esanez. Hori oso polita da, eta horrek indar handia ematen dizu segitzeko».
«Zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu, baina gure egitekoa pribatua da. Guk diru asko jartzen dugu hor urtero, jakin gabe ea laguntzarik edukiko dugun»
ANDER LIPUS Artedramako kidea
Lipusek ere onartu du nekea badagoela tartean. Barru-barrutik ezagutu ditu topaketen hogei urteak, eta, dioenez, egun bizi-biziak izaten dira guztiak, goizeko ikastaroekin hasi eta gaueko emanaldien osteko desmuntatze lanak egin arte irauten dutenak. «Neke hori badut, eta agian nik pausatu dut galdera: 'Ei, honek merezi du?'». Baina baietz hark ere. Argi. Jarraitu egin behar dela topaketekin. Besteak beste, herritarrek emandako babes horregatik.
«Konfiantza osoa daukagu proiektu honetan», azaldu du, «eta zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu, baina gure egitekoa pribatua da. Guk diru asko jartzen dugu hor urtero, jakin gabe ea laguntzarik edukiko dugun. Horregatik, sentitzen genuen 21. alditik aurrera gauza batzuk aldatu behar zirela».
Hitzarmenaren bidean
Aulestiko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak laguntzen dituzte topaketak egun. Babes horrek duen balioa aitortzen dute Artedramakoek, baina, onartu dutenez, babes hori jasotzeko baldintzek «ezegonkortasuna» sortzen diete. Izan ere, udaberrian egiten dituzte topaketak, baina udazkenean plazaratzen dira diru laguntzen deialdien emaitzak. Horren ondorioz, antzerki konpainiak aurreratu behar izaten du topaketak antolatu ahal izateko dirua, jakin gabe diru laguntzen deialdia nolakoa izango den eta zenbat diru jaso ahalko duten.
Urte batzuetan bat egiten dute bi muturrek, baina, aitortu dutenez, inoiz zuloa ere egin dute topaketekin.
«Konpetentziaren gizartean bizi gara, eta hori nolabait apurtzeko leku bat izan daitezke topaketa hauek»
ANDER LIPUS Artedramako kidea
Bada egoera moldatzeko biderik, halere. Erakundeek hitzarmen bidez ere babes baititzakete hala jaialdiak nola bestelako kultur proposamenak ere. Halako hitzarmen bat eginez gero, antolatzaileek urte hasieratik jakin dezakete zenbateko babesa izango duten, diru laguntzen deialdira aurkeztu beharrik gabe, eta, hain justu, hori da Artedramako kideek nahi luketena. Topaketen hogeigarren urteurrenean ere horixe proposatu zieten Bizkaiko Aldundiko ordezkariei, baina, oraingoz, deialdietara aurkeztu beharko dute aurtengo programa.
Euskarazko plazak sortzeko beharra azpimarratu du Lipusek, eta Aulestiko herritarrek ematen dieten berotasuna laudatu.
Lehiaz harago
Haren hitzetan, euskal antzerkigintza saretzen laguntzen dute topaketek. «Konpetentziaren gizartean bizi gara, eta taldeok ere hor ari gara pixka bat zein baino zein gehiago, nor norako hartu duten eta abar, eta hori nolabait apurtzeko leku bat izan daitezke topaketa hauek. Horrelako zenbat eta gehiago eraiki gure artean, orduan eta lotura sanoagoak izango ditugu, antzerki profesionalaren formulak elikatzen duen talka horretatik urrunduta».
Horrez gainera, Lipusek dio antzerki amateurraren eta antzerki profesionalaren arteko «besarkada» ere sustatzen dutela Aulestiko topaketek. «Euskal kulturan hori ezinbestekoa da», egin du gogoeta Lipusek.
Eskari gehiago izan dituzten arren, leku kontuengatik, hamasei ikaslek parte hartuko dute aurtengo ikastaroetan. Euskal Herri osotik helduko direla zehaztu du Lipusek, eta gehienak gazteak direla ere bai. Pozik daude jendeak proposamenari egiten dion harrerarekin.
Emanaldien programa ere «zabala» dela dio Lipusek. «Antzerkiaren ertz oso desberdinak ukitzen ditu». Izan ere, haren hitzetan, badira proposamen «gazte eta freskoak», bai eta ibilbide luzeago baten erakusgarri diren lanak ere. Bestalde, Formol Laborategiaren kasua ere nabarmendu du: gogoratu duenez, Aulestiko topaketetan ezagutu zuten elkar konpainia osatzen duten hiru antzerkigileek, eta aurten, antzezten ez ezik, irakasle ere arituko dira goizeko saioetan. Eta berdin Itzuli taldearen kasuan ere. Ikasle izan zen Maryse Urruti antzerkigilea ere, eta plazaz plaza dabil egun. Lipus: «Bere umiltasunean eta txikitasunean, gauza handi asko ekartzen ditu Aulestik».
EGITARAUA