Maurice Ravelen Dafne eta Kloe-ren lehen mugimenduaren doinuak bozgorailuetan, eta, haien erritmoan tartekatuta, konpositore, musikari eta abeslari ugariren izenak pantailan. Ikus-entzunezko labur batekin hasi du Euskadiko Orkestrak 2025-2026ko denboraldiaren aurkezpena, Roberto Ugarte zuzendari nagusi dela egingo duen lehenarena. Eta Ravelen obra hori ez dute ausaz aukeratu, denboraldi berriaren ildo nagusiak iragartzeko balio dezakeela iritzita baizik. Euskal konpositore eta interpreteek, besteak beste, pisu nabarmena izango baitute prestatu duten egitarauan. Eta, hain zuzen, obra hori izango baita orkestrako kideek interpretatuko duten lehena. Irailaren 29an ekingo diote denboraldiari, eta euskal artisten ordezkaritza zabala, emakumezko zuzendari eta interprete ugari, abesbatzen parte hartzea eta obra sinfoniko handiak izango direla nabarmendu dute aurkezpenean.
Denboraldian parte hartuko duten artista ugari bildu dira agerraldian, baita musikari lotutako erakunde eta jaialdietako ordezkariak eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua ere. Euskadiko Orkestra «herri proiektu bat» dela nabarmendu du Bengoetxeak, eta Ugarte sailburuarekin bereziki esker oneko agertu da bere lehen agerraldian, orkestraren aro berria gidatzeko adierazi dioten konfiantzagatik. Urtarrilean, orkestraren administrazio kontseiluak erabaki zuen Robert Treviño zuzendari artistikoa kargutik kentzea; orduan, hamar urtez zuzendari nagusi izandakoak, Oriol Rochek, iragarri zuen hilabete batzuen buruan kargua utziko zuela. Eta apirilean jakinarazi zuten Ugartek ordezkatuko zuela Roch kargu horretan. Zuzendari nagusi berriak jakinarazi du hasia dela Treviñoren ordezkoa bilatzeko lanetan; aurten orkestrak ez du izango zuzendari artistiko titularrik, baina 2026-2027ko denboraldirako izango duelakoan daude.
Bien bitartean, beste zuzendari batzuek gidatuko dute orkestra irailetik 2026ko ekainaren 9ra bitarte egingo dituen 50 kontzertuetan. Denboraldi berria «oso emakumezkoa, oso korala, oso gaztea eta oso indartsua» izango dela adierazi du Bengoetxeak. Orkestrak hamabi kontzertu programa interpretatuko ditu denera, eta Ugartek euskal artisten presentzia nabarmendu du lehenik. Bi euskal konpositore oroituko dituzte: Ravel —jaio zeneko 150. urteurrenean— eta Juan Crisostomo Arriaga —hil zeneko bigarren mendeurrenean—. Dafne eta Kloe Landarbaso abesbatzaren laguntzaz taularatuko du orkestrak. Halaber, Bartzelonako Orkestra Sinfonikoarekin trukea eginda, Alborada del gracioso Bartzelonara eramango du azaroan, eta musikari katalanek Boleroa joko dute Euskal Herrian. Arriagari dagokionez, berriz, haren Esklabo zoriontsuak lanaren obertura interpretatuko du EOk.
Ravelekin eta Arriagarekin batera, Pablo Sorozabalen, Carmelo Bernaolaren eta Felix Ibarrondoren lanak ere bildu dituzte programazioan: Sorozabalen Zazpi lieder —Sofia Esparza soprano nafarraren parte hartzearekin, eta Bartzelonan— eta Bernaolaren Abestiak emateaz gain, Ibarrondoren azken obra, Gernika izenekoa, estreinatuko du 2026ko urtarrilean. Halaber, Pascual Aldaberen Akelarre obraren lehen grabazioa ere egingo du orkestrak.
Euskal artisten artetik, emakume interpreteen presentzia ere nabarmendu dute. Esparzaz gain, Miren Urbieta-Vega, Elena Sancho Pereg eta Marife Nogales abeslariak ariko dira denboraldi berrian, baita Marta Zabaleta pianista ere. Abesbatzek ere leku nabarmena izango dute, eta Landarbaso abesbatza ez ezik, Donostiako Orfeoia eta Vocalia Taldea ere ageri dira programazioan.
Artista gonbidatuak
Errepertorioko hiru obra lehen aldiz interpretatuko ditu orkestrak: Berliozen Herminie, Fazil Sayren Never Give Up eta Franz Schmidten laugarren sinfonia. Beste batzuk, berriz, gutxitan entzun ohi direnen artean daude, Cesar Francken Bariazio sinfonikoak eta Johann Sebastian Bachen Ich habe genug. Eta obra sinfoniko ezagunagoak ere interpretatuko ditu orkestrak, tartean Straussen Azken lau liederrak, Brucknerren eta Brahmsen laugarren sinfoniak, Ratxmaninoven Pianorako 3. kontzertua, eta Txaikovskiren Biolinerako kontzertua eta bosgarren sinfonia —azken horrekin amaituko da denboraldia, 2026ko ekainaren 9an—.
Errepertorio hori guztia interpretatzeko, hamabi zuzendari, sei bakarlari instrumentista, hamar ahots bakarlari eta aipatutako hiru euskal abesbatzak gonbidatu ditu orkestrak. Zuzendarien artetik, hiru nabarmendu dituzte: Katharina Mullner, Joana Carneiro eta Ana Maria. Bakarlariei dagokienez, azaldu dute hamasei artista horietatik hamar emakumezkoak izango direla, eta bost Euskal Herrikoak. Lehen aipatutako euskal artistez gain, Rachel Willis-Sorensen sopranoa, Bomsori biolinista, Nikolai Luganski pianista eta Camille Thomas eta Johannes Moser biolontxelistak ariko dira orkestrarekin.
Abonuak uztailaren 1etik aurrera egongo dira salgai, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 1etik aurrera.