Kritika-Musika

Euskal festa barrokoa

Marta Garcia
2026ko martxoaren 3a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Orkestra Barrokoa

Zuzendaritza artistikoa eta gitarra barrokoa: Enrike Solinis. Bakarlariak: Anna Piroli (sopranoa), Mikel Etxekopar (txirula eta ttunttuna), Berritzako Dantzariak, Julio Soto (bertsoak). Egitaraua: Masquarade. A. D. Philidor, J.-B. Lully, J. Adson, J- Eccles, H. Purcell eta abarren obrak. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: otsailaren 28a.

Errepertorio barrokoa goi mailan landuko duen orkestra egonkorra martxan jarri dute Enrike Solinis eta Miren Zeberiok: Euskal Herriko Orkestra Barrokoa (EHOB). Proiektua publikoari aurkezteko Masquarade emanaldia sortu dute, XVI. eta XVIII. mendeen artean Europan oso ezaguna izan zen ikuskizunean oinarrituta, musika, dantza, kantua eta antzezpena barne hartzen zituena, tarteka satirarako abagunea ere sortuz. Euskal artista talde fina bildu dute hori birsortzeko.

Andre Danican Philidor frantsesaren Aria zahar askotarikoen bilduma-ko hainbat obrek ireki zuten emanaldia, eta oso aproposak suertatu ziren, esaterako, Granouillereseko ninfak edo Sarabanda italiarra orkestraren kolore sotilak eta kontrasterako gaitasunak hedatzeko. Berritzako Dantzariak taldeak ere parte hartu zuen; izan ere, urtero ihauteri garaian Zuberoan izaten den festa garaiko maskaraden oinordeko eta jarraipen da. Ederra izan zen Txerreroa, GatĂ¼zaina, Kantiniersa, Zamalzaina eta Eintseinaria Kursaaleko besaulkien artetik dantzan eszenatokira sartzen ikustea. Lullyren Le carnaval mascarade-ko zenbait pieza izan ziren gero. Bere aurreko komedietako eszena kuttunez osatuta dago: Le bourgeois gentilhomme antzerkiko Marche pour la cĂ©rĂ©monie des Turcs ospetsua ere barne hartzen du, kasurako, EHOBek ondo neurtutako bizitasunaz aurkeztu zuena.

Bereziki hunkigarria izan zen John Eccles konpositore ingelesaren The Mad Lover suite-ko Ground liriko eta samurra, talde murritzagoan eskaini zutena. Eta deigarriak, bestetik, J. P. Rameauren Eromenaren aria dibertigarria zein Henry Purcellen The Fairy Queen obrako O let me ever, ever weep lazgarria Anna Piroliren tinbre garbi eta malguan; baita horren ondoren Mikel Etxekoparrek sortu zuen giro magikoa A Bird’s Prelude zatian orkestrako haizeen jarduna bere gorputzarekin sortutako txorien soinuekin lagunduz.

Maskarak oinarrian, horixe izan zen emaitza: bikain aukeratutako eta doitutako errepertorio askotarikoaz eta sen onaz ondutako festa. Izan bitez, bada, gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.