«Mugaz gaindiko dantza sektoreko saretzea eta egituratzea da Dobla». Malandain balleteko zuzendariorde Yves Kordianen erranetan, 25 urteko mugaz gaindiko lankidetzari forma eman diote gaur goizean Miarritzeko Gare du Midi aretoan (Lapurdi) bildu bortz erakundeek. Sare hori gauzatzeko, milioi bat eta erdi euroko aitzinkontua kausitu dute. Diruaren %65 Europako POCTEFA programatik lortu dute, eta berehalaxe hasiko da proiektua: sei konpainiaren obren hedapena lagunduko dute, eta lehen ikastaro profesionalak irailaren 9an antolatuko dituzte, Errenterian (Gipuzkoa).
Hala, Miarritzeko balletaz gain, Euskal Hirigune Elkargoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Errenteriako Udala batu dira lankidetza «historiko» horretan. Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariorde Antton Kurutxarrik «egiazko» mugaz gaindiko koreografia sare baten gisara definitu du proiektua. Hiru helburu nagusi izanen ditu haren erranetan. «Dantza sektoreko eragileak hobeki egituratu eta saretzea, mugaz gaindiko topaketak antolatuz eta koreografiaren saila ikertuz. Konpainiak laguntzeko, formakuntza bateratuak garatuko ditu Doblak, eta sorkuntza eta hedapen proiektuak lagunduko ditu». «Eta, azkenik, proiektuaren helburua ez da hiru urtez bakarrik ekintzak antolatzea, baizik eta ohitura partekatuak eta lankidetza egituratua antolatzea», kontatu du. Proiektuaren helburuak luze aurkeztu dituzte agintariek, baina hiru ekintza nagusitan banatuko dute Dobla. Epe labur eta ertainean, erakunde partaideek mugaz gaindiko dantza sare profesionala garatu nahi dute. Horretarako, sektore koreografikoaren sorkuntza koordinatzea eta elkar trukatzea da asmoa, baita obrak garatzeko eta iraunkortzeko baldintzak aztertzea eta ikertzea ere.
Lehen ekintza konkretuari doakionez, urtarrilean martxan eman zuten dantzaren hedapena laguntzeko lehen deialdia, eta sei dantza konpainiak irabazi dute. Horiek horrela, Bilaka kolektiboak, Haatikek, Dantzalaik, Lasalak, Erainek eta Led Silhouettek pieza berriak zabaltzen ahalko dituzte. Proiektuan sinesten du Aiert Beobide dantzariak, eta, oro har, kontent agertu da. «Pozik gaude eta ilusioa egiten digu sektore horretako kideak batzeak, gure lurraldetxotik ateratzeko eta azken finean proiektu amankomunak egiteko».
«Proiektuaren helburua ez da hiru urtez bakarrik ekintzak antolatzea, baizik eta ohitura partekatuak eta lankidetza egituratua antolatzea»
ANTTON KURUTXARRIK Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordea
Alabaina, muga administratiboaren «biktimak» direla gehitu du, eta, nahiz aurrerapauso garrantzitsua izan, mesfidantza puntu bat adierazi du. «Ea administrazioak hori dena aurrera eramateko gaitasuna duen. Gure sektorea Hegoaldean oso-oso prekarioa da, Iparraldean baino gehiago behintzat bai, eta baliabideak behar ditugu gure sistemak kolapsatu ez daitezen». Funtsean, bide beretik joan da Martxel Rodriguez ere. Doblaren babesa eskertu du, baina gehitu du Nafarroako Gobernua proiektuaren partaide gisa ikusi nahi zukeela. Berak ere espero du erakundeek babesa eta baliabideak ematea. «Ongi etorri, instituzioak; zuen beharra dugu eta» esanaz bukatu du hitzartzea.
Proiektu «mugarria»
Errenteriako auzapez Aizpea Otaegiren erranetan, berriz, Dobla «mugarri» bat izanen da. «Sektoreak prestakuntza eta garapen profesionalerako eremuak behar ditu, eta Doblak ekosistema koreografikoa egituratzen lagunduko gaitu, eta profesionalen erronkei aurre egiteko tresna izango da». Eusko Jaurlaritzak ere kultura erdigunean jarri nahi izan du, eta Kultura sailburuorde Andoni Iturbek zehaztu du proiektuari bultzada bat emateko gogoz dela. «Egituratu egin behar dugu sektorea eta azpisektorea. Kulturaren azpisektoreak indartsu egiteko, Doblak ibilbide luzea eta oparoa izan beharko du. Erakundeetarik sortu behar ditugu gauzak gertatzeko». Bertzalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendari Isaac Palenciaren arabera, Errenteriako Dantzagunearekin abiatu lankidetzaren segida da aurkeztu duten mugaz gaindiko proiektua. Eta berak ere ez du dudarik: «Dobla dantza sektoreko erreferente bihurtuko da».