Literatura

Euskal Herriaren tripak hamaika ipuinetan islatuta

Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren aldiak bere fruitua eman du literaturan ere: 'Hamaika irakurtzeko jaioak' ipuin bilduma. Udalbiltzaren kultur bekaren bultzadaz, aurtengo aldiak 30 sortzaile bildu ditu, eta 46 udalerriren babesa izan du.

'Hamaika irakurtzeko jaioak' liburuan parte hartu duten kideak, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
'Hamaika irakurtzeko jaioak' liburuan parte hartu duten kideak, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko otsailaren 17a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabi idazle eta hiruna asteko egonaldiak Euskal Herriko hainbat tokitan. Horren emaitza izan da Hamaika irakurtzeko jaioak ipuin bilduma. Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren aldia izan da aurtengoa, eta, antolatzaileen hitzetan, orain arteko «emankorrena». Lau diziplina lantzen dituzte bertan: literatura, antzerkia, zinema eta komikia; 30 sortzailek parte hartu dute aurten, eta 46 udalerrirekin ibili dira elkarlanean. Udalbiltzak antolatzen duen kultur beka da egitasmoa, eta, Maria Oses Udalbiltzako kidearen hitzetan, bertan egiten diren egonaldiek honako hau dute xede: «Zubi bat sortzea herrien eta sortzaileen artean, eta herrietako interakzioetatik sortutako istorioak eta kontakizunak sustatzea».

Egonaldien fruitua izan da ipuin bilduma, eta honako hauen lanak biltzen ditu: Miren Artetxe Sarasolaren Haize-lekua narrazioa —Atxondon (Bizkaia) egin du egonaldia—; Maitane Perezen Liztorren akabera —egonaldia Gorlizen (Bizkaia)—; Maitane Nerekan Umaranen Maitasunak mozolo aurpegia du —egonaldia Amasa-Villabonan (Gipuzkoa)—; Zigor Garroren Parfait amour —egonaldia Nafarroako Goi Erriberan—; Naia Arantzamendiren Kafe asko, eta ona —egonaldia Baigorrin (Nafarroa Beherea)—; Oier Guillanen Kalekumea —egonaldia Aulestin, Amoroton eta Munitibarren (Bizkaia)—; Peru Calabazaren Atizabalik —egonaldia Ikaztegietan (Gipuzkoa)—; Saioa Iribarrenen eta Ander Basalduaren Erraietako tximeleta —egonaldia Oiartzunen (Gipuzkoa)—; Goiz Eder Iturainen Etxe dotore aunitz  —egonaldia Etxalarren, Arantzan, Beran eta Lesakan (Nafarroa)—; Ixabel Agirresaroberen Hau, hori, hura —egonaldia Asparrenan (Araba) eta Ziordian (Nafarroa)—; eta Garazi Albizuaren Hotsak —egonaldia Ortzaizen (Nafarroa Beherea)—. 

Hamabi idazle horietatik seik hartu dute hitza liburuaren aurkezpenean, eta ondutako lanen nondik norakoak azaldu dituzte.

1

'Erraietako tximeleta'

«Gerraosteko maitasun istorio bat da». Hala definitu du Erraietako tximeleta ipuina Ander Basalduak. Saioa Iribarrenek eta biek ondu dute lana, eta memoria historikoa izan dute ardatz. Oiartzunen egin dute egonaldia; zehazki, haurtzaindegi zahar batean. «Hasieratik argi genuen memoriaren inguruan idatzi nahi genuela, baina esku hutsik joan ginen istorioa idaztera. Informazio bila, memoria historikoko elkarteekin eta bertako adineko jendearekin elkartu ginen», azaldu du Iribarrenek.

«Ahaztuak» izan zirenak eta haien bizipenak oroitu dituzte, «iluntasunean dagoena argitara eramateko», Basalduaren hitzetan. «Guda garaian isiltasunean bizi behar izan zutenei, sufritu zutenei, torturatu zituztenei, fusilatu zituztenei, ihes egitera behartu zituztenei, laguntza eskaintzeagatik errepresioa jasan zutenei, eta orokorrean bidegabekeriak pairatu zituztenei egindako omenaldia da hau».

2

'Liztorren akabera'

Maitane Perezek hasieratik zuen argi hausnarketa bat egin nahi zuela izaeraren inguruan, eta hala azaldu du horren arrazoia: «Arreta pizten zidan gure izaera nola sortzen den, nondik sortzen den, eta zenbateraino markatzen gaituzten bizi izan ditugun gauzek. Batez ere, gure eguneroko jokabideetan eta egoerak kudeatzeko daukagun modu horretan nola eragiten duten bizi izan ditugun gauzek». Horretarako, militantzia politikoan «oso sartuta» egon den pertsona bat hautatu du, funtsean, zera jakiteko: «Orain, bizitzan, zer zailtasunekin topo egiten duen, edo nola ikasi duen gauzak kudeatzen, eta nola kudeatzen dituen gaur egun sinpleak edo errazak ematen dutenak». 

Abiapuntuko haria hori izan zen arren, errealitate «oso ezberdin bat» topatu zuen Gorlizen. Hori dela eta, bi materialen arteko fruitua izan da Liztorren akabera: «Nik neraman materiala eta Gorlizen topatutakoaren arteko nahasketa bat egin dut». 

3

'Maitasunak mozolo aurpegia du'

Algortatik (Bizkaia) Villabonara egin du salto Maitane Nerekanek, eta aitortu du inoiz ez zuela pentsatuko gogoa izango zuela herri hori gehiago bisitatzeko. Haren ustez, hori da Geuretik Sortuak-en dohain bat: «Euskal Herria egiteko modu asko daude, eta sormenaren bitartez lotura hauek sortzea Euskal Herria egiteko modu oso maitagarria da». 

Filosofiako ikasketak egin ostean murgildu zen literaturan Nerekan, eta adierazi du horrek eragina izan duela lan honetan: «Filosofian bezala, kontzeptu batekin hasi nuen proiektua: maitasuna». Herriko bi ikastetxeetan bi tailer egin zituen, «nerabeak oso emankorrak direlako». Kultur aretoan ere izan zen, herriko jendearekin. Hortik abiatuta, eta herriak eskaini zizkion beste hainbat materialekin, kontakizun «hibrido» bat sortu du: «Fikziotik eta saiakeratik du, baina, batez ere, maitasunak hartu ahal dituen forma eta sinbologia guztien inguruan hitz egiten dut».

4

'Etxe dotore aunitz'

Goiz Eder Iturainek ere ideia bat izan zuen abiapuntu: «Herri guztietan daude istorioak, edota herrian bolo-bolo dabiltzan kondairak». Istorio horiek ezagutzeko gogoarekin egin zuen bidaia, nahiz eta aurretik zera pentsatu zuen: «Nora noa ni? Etxeez jakin nahi dut, etxe dotore aunitz besterik ez dagoen toki batean». Hortik izenburuaren zergatia. Jasotako guztiarekin, egunaren amaieran eguneroko txiki bat egiten zuen. Etxera bueltatu, jasotako guztia bildu, ordenatu, eta horren guztiaren fruitua izan da ipuina. 

5

'Atizabalik'

«Hau ez da rock banda baten istorioa, baina izan zitekeen, puntx hori dauka». Horrela hasi du Peru Calabazak Atizabalik ipuina. Ikaztegietan egin du egonaldia, eta, haren kasuan, honako hau da istorioaren oinarria: «Bizkaiko komunitate bat Ikaztegietara joaten da bizitzera, eta beraien hurbiltasunetik, eta, aldi berean urruntasunetik, baita beraien bizimodu desberdin horietatik ere, ispilu bat jarri diot herriko komunitateari. Zenbait galdera deseroso proposatzen dizkiona». Ipuinak bizitzan oinarrizkoak diren zenbait gauza «eztabaidan» jartzen dituela azaldu du, eta aurreratu du balitekeela irakurlea deseroso sentitzea. Are gehiago, baten batek honezkero aitortu dio hala sentitu dela. «Uste dut kulturak atsegina eta entretenigarria izateaz gain kitzikatu egin behar duela, eta mugitu egin behar gaituela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.