Artea

Euskal Herriko hiru galeria izango dira Madrilgo Arco arte azokan

Donostiako Cibrian eta Villa Magdalena galeriek eta Bilboko Carreras Mugicak parte hartuko dute erakustazokan; gaurtik igandera arte egingo dute. June Cresporen, Asier Mendizabalen eta Juan Perez Agirregoikoaren lanak egongo dira ikusgai, besteak beste.

Susan Ciancioloren lan batzuk, Donostiako Cibrian galerian. GORKA RUBIO / FOKU
Susan Ciancioloren lan batzuk, Donostiako Cibrian galerian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko martxoaren 4a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteko artearen topaleku izango da Madrilgo Ifema erakustazoka. Izan ere, Arco arte garaikideko nazioarteko azoka egingo dute bertan, gaur hasi eta igandera bitarte. Aurtengoa 45. aldia izango da. Orotara 211 galeria bilduko dira hartan, mundu osoko 30 herrialdetatik joanak. Zehazki, horietatik hiru izango dira Euskal Herrikoak: Cibrian, Villa Magdalena eta Carreras Mugica. Lehen biak Donostian daude; bestea, berriz, Bilbon.

Makina bat artelan egongo dira ikusgai: pinturak, eskulturak, argazkiak, arte instalazioak, marrazkiak, grabatuak... Lau sailetan banatuta dago azoka: sail orokorra dago, batetik —komisariatu gabea—; eta komisario jakinek antolatutako beste hiru sail, bestetik. Latinoamerikako arteari eskainitakoa da hiru horietako bat. Beste bati Arco 2045: etorkizuna, oraingoz izena jarri diote, eta Magali Arriola eta Jose Luis Blondet arduratu dira sail hori osatzeaz. Bi komisarioak jabetu dira posible dela aldi jakin batean berria izan daitekeen artea luze gabe zaharkitzea. Hori dela eta, etorkizuneko artean jarri dute begirada; datozen hamarkadetan jorratuko diren praktika artistikoen inguruko hausnarketa bat proposatu nahi dute aukeratutako artelan sortaren bidez. Hamazazpi galeriaren lanak egongo dira ikusgai sail horretan, tartean June Cresporen zenbait obra, bai Carreras Mugica galeriaren bitartez, bai eta Italiako P420 galeriaren bitartez ere.

Cristina Benito Carreras Mugicako kudeaketa lanetan aritzen da, eta, azaldu duenez, haien galeriarekin lan egiten duten hamar artista baino gehiagoren obrak eramaten dituzte urtero Arcora. «Gutxi gorabehera, kopuru antzeko samarra eramaten dugu urtero. Artista gehienak euskal herritarrak dira, baina Espainiakoak eta nazioartekoak ere izaten ditugu». Aurten azokara eramango dituzten lanen artean dira, Cresporenez gain, Angela de la Cruz, Asier Mendizabal, Juan Perez Agirregoikoa, Ignacio Saez, Mar de Dios eta Jorge Satorrerenak.

Lekua galeria berriei

Opening sailean, zortzi urte baino gutxiagoko ibilbidea duten galeriei egiten diete lekua. Bertan egongo da Villa Magdalena. Sail horretan gehienez ere bi urtez jarraian parte hartzeko aukera dago, eta bigarren aldia izango du Donostiako galeria horrek. Opening saila eratuko duten obrak Rafa Barberrek eta Ainissa Touatik aukeratu dituzte: haiek ibili dira komisario lanetan. Aurten Sila Candansayar artista turkiarraren hainbat proiektu aurkeztuko dituzte Villa Magdalenakoek.

Pintura eta eskultura jorratzen ditu Candansayarrek. Villa Magdalenako erakusketen arduradun Clara Galindok aipatu du formatu handiko lau pintura egongo direla ikusgai. Artistak ikatza eta olio pinturak erabili ditu horietan. Bestalde, gainerako lanekin «elkarrizketan» dauden zenbait eskultura ere egongo dira, egurrez eta beira puztuz eginak.

Sail orokorra da hiruetatik zabalena: 175 galeriak parte hartzen dute hartan. Aldian aldiko panorama artistikoa ondoen islatzen duen saila da, antolatzaileen esanetan. Carreras Mugicak sail horretan ere erakutsiko ditu lanak. Cibrian galeriak, bestalde, Susan Ciancioloren, Rindon Johnsonen, Kate Newbyren eta Oscar Tuazonen obrak eramango ditu bertara. 

Presentziari eustea

Benitoren ustez, Arcok zabalkundeari bide ematen dio, eta hori aprobetxatzea da gakoa: «Gu galeriaren presentziari eusten saiatzen gara beti. Proposamen berriak ezagutarazi nahi ditugu, baita aspalditik ditugunak ere». Galindok, bigarren azoka izanda, behintzat iaz bezalatsu aritzea espero du: «Iaz, geure buruari jarritako espektatibak baino ez genituen, ez baikenuen esperientziarik. Aurten, nahi dugu gutxienez iaz bezain ongi joan dadila, edo hobeto, ahal bada».

«Urte batetik bestera berriro etorri nahi duten galerien kopurua %90ekoa da, eta horrek zerbait funtsezkoa  ematen dio azokari: egonkortasuna», adierazi du Maribel Lopez Arcoren zuzendariak EFE albiste agentziari emandako elkarrizketa batean. Haren ustetan, parte hartzaileak eskura dituzten «piezarik harrigarrienak» erakustera bultzatzen ditu horrek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.