Must+Pro topagunea egingo dute bihar eta etzi Donostiako Tabakaleran. Musika Bulegoak lehenengoz antolatu du egitasmoa, Euskal Herriko ekosistema musikalaren profesionalizazioa, hausnarketa eta lankidetza bultzatzeko. Bi egunez, mahai inguruak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte Tabakalerako zinema aretoan eta Z aretoan. Saioetan, askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola adimen artifizialak musikan duen eragina, proiektu musikalen nazioartekotzea, managerren rolak, eta kontzertu aretoen eta autogestionatutako guneen arteko ezberdintasunak. Zuzeneko emanaldiak ere antolatu dituzte: tartean, Korrontzi, Sara Azurza eta Xiberoots taldeak.
Euskal Herriko musikariek eta sektoreko beste eragile batzuek hartuko dute parte. Saio gehienak gaztelaniaz izango dira; hiru izango dira euskaraz, eta bat elebitan. Mahai inguruetarako, akreditazioa lortu beharko da aldez aurretik. BERRIA da proiektuaren babesleetako bat.
Maddi Arana Musika Bulegoko lehendakariak irekiko du topaketa bihar, 09:45ean. Ondoren, zenbait mahai inguru antolatu dituzte. Goizean, besteak beste, adimen artifizialak musika sektorean duen inpaktuaz, musika garaikidearentzako publiko eta espazio berriez, eta ekosistema digitalean managerrek duten rolaz mintzatuko dira.
Podcastak
Gaztea irratiarekin elkarlanean, irrati horretan eskaintzen den Benetan zabiz? podcastaren zuzeneko saioa egingo dute Malen Altunak eta Aitziber Gradosek. Hurrengo egunean ere, Gaztea irratiko beste podcast bat eskainiko dute: Yoko Ona; Ainhoa Vitoriak, Lore Nekane Billelabeitiak eta Olatz Salvadorrek hartuko dute parte bertan. Bi podcastak 19:00etan izango dira, Tabakalerako zinema aretoan.
Urriaren 1eko egitaraua beste hainbat mahai inguru eta hitzaldirekin osatu dute. Besteak beste, zerga pizgarriek kultura ekosisteman duten eraginaz ariko dira, eta musika kontsumoan dauden joerak eta audientziak aztertuko dituzte.
Formakuntza saioez gain, kontzertuak ere antolatu dituzte. Kutxa Fundazioa Klubean izango dira, 17:30etik aurrera. Bihar Korrontzi, Femm Vocal Jazz, Habia, Arima Soul eta Sara Azurza aritu dira. Urriaren 1ean, berriz, Xiberoots, Andrea Santiago, Jum eta Alatz, Heitxi eta Mugan igoko dira eszenatokira.
Egitarau osoa eta akreditazioak Musika Bulegoaren webgunean daude eskuragarri.